«Zaila da kiroletik bizitzea, lan handia egin behar da; hala ere, lortu daiteke»

«Zaila da kiroletik bizitzea, lan handia egin behar da; hala ere, lortu daiteke»

2017an utzi zuen kirol profesionala Mikel Odriozola Dominguezek (Errenteria, 1973), bi hamarkadaz goi mailako kirolean aritu ostean. Espainiako sei txapelketa irabazi zituen, munduko eta Europako txapelketetan laugarren postua lortu zuen, eta hiru aldiz hartu du parte Olinpiar Jokotan. Kirol profesionala utzi bazuen ere, ez da gehiegi aldendu: gaur egun prestatzaile fisiko gisa dabil Errenteriako Hibaika arraun elkartean eta Donostiako Bera Bera errugbi taldean, eta Espainiako Atletismo Federazioko hautatzailea da 18 eta 20 urtetik beherako kategorietan.

Ibilketa profesionalari agur esan zenion 2017an, 27 urte kirolean eta horietatik hogei profesional gisa aritu ostean. Zertan ari zara gaur egun?

Kirol profesionalean ibilbidea bukatu nuenean, banekien gutxi gorabehera nondik jo nahi nuen. Hala ere, beldur nintzen. Izan ere, ia bizitza guztia gauza bera egiten pasatu ondoren, bat-batean aldaketa handi bati aurre egin behar diozu; burua hor kokatu behar duzu. Enpresa bat muntatu nuen nire kide batekin, Goi izenekoa, kirol zerbitzuak eskaintzeko. Horrekin batera Decathlon dendan hasi nintzen lanean. Hau da: batetik, enpresa handi batean saltzaile gisa, eta, bestetik, gure proiektuaren bidez, arraun eta errugbi talde banatan kirol zerbitzua eskaintzen. Nire kidea Ordizian aritzen zen, hango errugbi taldean; eta ni, berriz, arraunean, Errenteriako Hibaikan. Gero nire kideak proiektua utzi zuen, eta Ordiziako taldearen jarraipena egiteari ere utzi genion. Nik Hibaikan segitzen dut gaur egun, eta oso pozik nago, nire modura lan egiten utzi didatelako. Horiek izan ziren nire lehen urratsak. Zazpi urteren ondoren berdin jarraitzen dut. Orain, Donostiako Bera Beraren errugbi taldearekin ere ari naiz prestatzaile fisiko lanetan, Hibaikan bezala. Decathlonen ere jarraitzen dut, jardunaldia mugatuta. Horretaz gain, Espainiako Atletismo Federazioan ari naiz lanean, hautatzaile, martxa espezialitatean, 18 eta 20 urtez azpikoen kategoriatan, batez ere. Nire lana, besteak beste, txapelketetara eta kontzentrazioetara joatea da, ikuskatzaile. Azken bi urte hauetan Jerusalemen izan naiz, 18 eta 20 urtetik beherakoen Europako Txapelketetan, eta aurten Liman [Peru] izango naiz, 20 urtez azpiko txapelketan.

Ibilketa, arrauna eta errugbia ez al dira oso desberdinak?

Hala da. Goi mailako errendimendurako bidea antzekoa da. Kiroletako goi maila hori zer den badakigu, eta bertara gerturatzen saiatzen gara arlo horretan lanean ari garen elkarteok, bakoitzaren egoera kontuan hartuta. Egoera hobetzea da helburua, erremintak ematea.

Urte olinpikoa da aurtengoa; Parisen jokatuko dira uztailean eta abuztuan Olinpiar Jokoak. Hautatzaile gisa ari zara horiei begira?

2028-2032ko Olinpiar Jokoei begira ari naiz kirolariak prestatzen, Los Angelesera [Ameriketako Estatu Batuak] eta Brisbanera [Australia] begira. Tutore baten gisakoa naiz, eta atleten jarraipena egitea dagokit. Kirolari batzuekin ari gara hori bideratzen, eta egitura bat ari gara antolatzen horien inguruan. Ikasketak, goi mailako errendimendua lantzen duten lekuak, bizilekua eta horrelako kontuak lotzen. Goi mailara iristeko bidea erraztea da nire egitekoa. Ibilketa taldeko kirol modalitatea da. Hasieran aritu zaitezke bakarrik, baina taldea ezinbestekoa da goi mailara iristeko, entrenatzeko-eta. Erreferenteak diren entrenatzaileak ditugu, eta horra bideratzen ditugu hautatutako kirolariak. Laguntza ematen diegu. Nire esperientziatik abiatuta saiatzen naiz laguntzen Olinpiar Jokoetara edo goi mailara heldu daitezen.

«Hautatzaile papera gustatzen zait. Niregan erreferente bat ikusten dute, eta oso lan polita da, feedbacka oso positiboa da».

Nola bizi duzu ibilketa kanpotik?

Hasieran kosta egin zitzaidan. Hautatzaile papera asko gustatzen zait. Niregan erreferente bat ikusten dute, eta oso lan polita da, feedbacka oso positiboa da. Kanpotik ikusita beste urduritasun batekin bizi duzu. Ez dira zure atletak, haiek beren entrenatzailea dutelako. Baina erreferentea naiz heziketan. Gauzak ondo ateratzen direla ikustea oso pozgarria da. Emaitzei erreparatzen diegu askotan; emaitzak eskatzen dizkigute, dominak lortzea. Tokatu zaidan belaunaldia, 2005-2007 bitartekoa, nahiko ona eta handia da, bosna mutil eta neska daude; ez da erraza. Maila oso altua du ibilketak, edonork ez du balio, eta hori abantaila bat da, baina baita desabantaila bat ere aldi berean, gutxi batzuek lortzen baitute goi mailara igotzea. Abantaila da munduko txapeldunak izan ditugulako modalitate horretan, eta, hortaz, badakigu zer egin behar den horretara heltzeko, baina bide hori nahiko konplikatua da. Prestatzen ditugun gazteek 17-18 urte dituzte, eta oso zaila da aurreikustea bospasei urte barru zer gertatuko den. Olinpiadetara edota goi mailara heltzeko lanketa handia dago atzetik. Ni nagoen taldean, adibidez, 2026tik aurrera hasiko gara egindako lanaren emaitzak ikusten.

Espainiako txapelduna izan zara sei aldiz, Europako txapelketan eta mundukoan laugarren egin zenuen, Sydneyko Pekingo eta Londresko Olinpiar Jokoak… Nola bizi duzu hori guztia urteak pasatuta?

Hiru Olinpiar Jokotan izan nintzen, baina aukera izan nuen bostetan egoteko. 2004an eta 2016an Olinpiar Jokoetan sartu nintzen, baina hautatzaileek erabaki zuten ez bidaltzea. Aukera horiek galdu egin ziren, nire ustez onak izan ez ziren erabaki batzuengatik. Orain ni nago bestaldean. Nik erabaki behar dut, eta gauzak ongi azaltzen saiatzen naiz, ahal den neurrian justua izaten, batzuetan erraza ez bada ere, kirolariak oso parekatuta daudelako.

Zer izan da zailena kirol profesionala utzi zenuenetik?

Eguneroko bizitzara moldatzea.

Herritarren aitortza jaso zuen Mikel Odriozolak 2007. urtean. Errenteriako Beraun auzoko estadioari Odriozolaren izena jarri zioten. Irudian, garai hartan Errenteriako alkate zen Juan Carlos Merinorekin azaltzen da. Bi hilabete geroago, Osakako (Japonia) Atletismoko Munduko Txapelketan izan zen: seigarren egin zuen. LOREA MUGURUZA

Kirol profesionalari agur esan zenionean, kirola egiten segituko zenuela esan zenuen. Ari zara?

Bai, noski. Kirola egiten dut ahal dudan guztietan. Korrika egiten dut orain, eta, uda partean, bizikletan eta igeriketan ere aritzen naiz. Lagunekin padelean jokatzeko aukera sortzen bada ere apuntatzen naiz. Ez dut lesiorik izan, eta horrek eman dit sasoian mantentzeko aukera. Iaz Zegama Aizkorri mendi lasterketa egin nuen, eta 50 urte bete nituela-eta Anetoko maratoia egiteko erronka jarri nion neure buruari. Gozatzera joan nintzen, presiorik gabe.

Zer da kirola zuretzat?

Bizitza osoa markatu didan zerbait. Nire auzoan hasi nintzen, Iztietan. Lehenengo lasterketa 10 urterekin egin nuen, Iztietako jaietan. Atletismoa Orereta Ikastolan egin nuen, eta ordutik kirola egiten aritu naiz. Berrogei urte joan dira. Nire bizitza markatu du kirolak. 22 urterekin, mugarri bat izan nuen kirolarekin jarraitu edo ez erabakitzeko, eta azkenean segitzea erabaki nuen. Ondo atera zitzaidan, asko kostata, bere garaian ez nuelako baliabiderik; Realari eta Euskal Federazioari laguntza eskatu nien, bekarik ez nuelako. 1996an eman zidaten, eta hogei urte egin ditut goi mailako kirolari gisa. Kirolean jarraitzen dut, orain batez ere prestakuntzari begira. Gustatzen zaidana da Hibaikan aritzea, errugbian, federazioan, kirolariekin, prestakuntzan aritzea… Hori da gehien betetzen nauena. Atzera egingo banu, guzti-guztia errepikatuko nuke. Ikaragarri gustatu zait egin dudana, eta egin dudan horrek gauza onak eman dizkit, gaizki pasa badut ere. Olinpiar Jokoetarako postua irabazi ondoren bi aldiz joan gabe gelditzea, adibidez, gogorra izan zen. Fisikoki bai, baina mentalki ere lan handia dago atzean. Alde polita baino ez da ikusten, baina ez da erraza hor goian mantentzea, neurtzen jakin behar da. Inportantea da fisikoa lantzea, baina hori bezainbeste arlo emozionala lantzea ere bai. Kristoren bidaiak egin ditut, lagun asko egin ditut, eta kirolak batez ere pertsona gisa heztea ekarri dit. Kirolari esker naiz naizena.

«Goi mailara iritsita, horri eutsi behar zaio gero, eta ez da erraza, emaitzak eskatzen dizkizute eta».

Zer aholku emango zenieke kiroletik bizi nahi dutenei?

Zaila da kiroletik bizitzea, lan handia egin behar da. Egia da, hala ere, lortu daitekeela. Ni horren adibide naiz. Gakoa, batez ere, zeure buruarengan sinistea da. Behin goi mailara iristen zarenean, horri eutsi behar zaio gero, eta ez da erraza, emaitzak eskatzen dizkizute eta. Ez da bakarrik dominak lortzea, ibilbide osoa da garrantzitsua. Iristea lorpena da.

Zure ibilbideko une bat aukeratzekotan, zein aukeratuko zenuke?

Lehenengo lorpen handia, nire ibilbidea markatu zuena: Europako Txapelketa. Budapesten izan zen, 1998an, eta laugarren egin nuen. Dena oso azkar gertatu zitzaidan. Espainiako Txapelketan hirugarren sailkatu nintzelako iritsi nintzen goi mailako zentro batera, baina normalean hara iristen direnek badute ibilbide bat, bekadunak dira; nire kasuan, ez zen horrela izan. Urte eta erdian ikaragarri hobetu nuen, nire marka ia 23 minutu hobetuta, eta ezustekoa eman nuen. Hori lortzea izugarria izan zen, une garrantzitsua izan zen niretzako, nire bizitza kirolaren bueltan egituratzea ekarri baitzuen. Une bereziena, kiroletik kanpo, semearen jaiotza izan zen. Kirolari profesionala nintzen oraindik, eta aukera izan zuen, oso txikia bazen ere, Londresko Olinpiar Jokoak ikusteko.

Zure izena duen estadioa duzu zure herrian, Beraunen.

Oso berezia izan zen. Ilusio handiz bizi nuen. Zure herriak zure izena jartzea kirol instalazio bati oparia da. Baloratzen zaituztela sentitzea oso polita da. Beti eskertuko dut.

MOTZEAN

Kirolari erreferente bat?

 Egia esan, ez dut erreferenterik.
Beste zaletasun bat? Bidaiatzea.
Urtaro bat? Udaberria, eta, batez ere, maiatza aukeratuko nuke.
Pista edo mendia? Mendiarekin gelditzen naiz.
Kirola egiteko musika? Bruce Springsteen.
Deskonektatzeko leku bat? Urdaburu mendia.
Txapelketa bat? 1998an Budapesten jokatu zen Europako Txapelketa.
Amets bat? Kirolarekin lotuta nituenak eginak ditut. Orain, zera eskatuko dut: osasuntsu egotea.