Kalkuluak eginda, zortzi milia 12,875 kilometro dira, zehazki. Hain zuzen, distantzia hori erreferentziatzat hartuta sortu zuten Antzuolan Zortzi Milia deituriko lasterketa. Herri inguruko mendiak zeharkatzen ditu ibilbideak, eta geroz eta entzutetsuagoa egin da azken urteotan. Urtero antolatzen dute, 2013az geroztik; bihar egingo dute lasterketaren XI. aldia. «Urtarrilaren 7an zabaldu zen izena emateko epea, eta 25 minututan agortu ziren dortsal guztiak», azaldu du lasterketako antolatzaile Julian Ramirez de Okarizek.
Ibai Larreak irabazi zuen gizonezkoetan, eta Mayi Mujikak emakumezkoetan. ZORTZI MILIA KLUBA
Ramirez de Okarizen arabera, lasterketa antolatzen hasi zirenean hasiera-hasieratik izan zuten argi lasterketa herrikoi bat izan zedila nahi zutela: «Kirolzaleak ziren bospasei herritar elkartu ziren, herri mailako lasterketa bat antolatzea helburutzat hartuta. Lehenengo aldian Antxintxika triatloi taldeak lagundu zien, baina bigarren alditik aurrera herritarrek hartu zuten antolakuntzaren ardura beren gain». Beste urte batzuetan, herritarrek antolatu arren, Arrolamendi mendi elkartearen edo Antzuolako Udalaren izenean antolatu izan da lasterketa, baina badira urte batzuk Antzuolako Zortzi Miliak kluba sortu zutela herritarrek, eta, orduz geroztik, klubaren izenean antolatzen da norgehiagoka. Zortzi lagun inguru aritzen dira antolakuntzan, baina, horietaz gain, «ehun boluntariotik gora» aritzen dira aurreko egunetan eta lasterketan bertan laguntzen; besteak beste, ibilbidea seinalatzen, hornidura guneak prestatzen zein bidegurutzeetan bidea erakusten.
Korrikalari batzuk, X. Zortzi Milia lasterketan. ZORTZI MILIA KLUBA
Joan den urtera arte ibilbide bakarra zeukan lasterketak, eta 16 urtetik gorakoek zeukaten parte hartzeko aukera; 270 korrikalari inguruk eman ohi zuten izena urtero. 2023ko lasterketan, ordea, beste ibilbide bat ere gehitu zuten, 13 eta 16 urte artekoentzat. «Azken aldi horretan 25 korrikalarik eman zuten izena ibilbide berrian, baina, aurten, 35 korrikalarik eman dute izena. Badirudi gazteentzako ere lasterketa hau indarra hartzen ari dela pixkanaka», dio Ramirez de Okarizek.
«Dezenteko izena hartu du inguruan, eta jende asko biltzen da haren bueltan, bai parte hartzaile gisa eta bai antolaketan».
JULIAN RAMIREZ DE OKARIZ Zortzi Milia lasterketako antolatzailea
Sari berezia
Beste berezitasun bat ere izan zuen joan den urtean antolatu zuten lasterketaren X. aldiak. Izan ere, bi urdaiazpiko jarri zituzten ibilbideko puntu jakin batean; bata emakumezkoen kategorian, eta bestea gizonezkoenenean. Urdaiazpikoa hartu eta helmugaraino eramatea lortu zuten korrikalariek saritzat eraman zuten etxera. «Hamargarren aldia zela eta, zerbait berezia egin nahi genuen. Taldeko kide batzuek ikusita geneukan Panticosako lasterketa batean antzerako zerbait egiten zutela; mendi gailurrera iristean, urdaiazpiko bat zeukaten zain, eta hura eskuratzeko baldintza bakarra zen helmugara iristea urdaiazpiko eta guzti», esan du Ramirez de Okarizek. Aldaketa txiki bat egin zuten Antzuolan, ordea. «Gaiztoagoak izan ginen, eta ibilbidearen hasieran jarri genuen. Hamar kilometro inguru egin behar izan zituzten urdaiazpikoa lepoan hartuta». Ainhoa Aspiazu eta Iker Agirregabiria korrikalariek eraman zuten azkenean etxera.
Iker Agirregabiria korrikalaria, ibilbidean zehar, urdaiazpikoa lepoan daramala. ZORTZI MILIA KLUBA
Ibai Larrea antzuolarrak irabazi zuen joan den urteko lasterketa, eta errekorra egin zuen, gainera. «Ordubete eta minutu batera ez zen iritsi. Poztasun bikoitza izan zen: lasterketa ondo joatea, eta, gainera, herriko batek irabaztea». Aurten, hasieran izena eman zuen arren, Larreak ezin izango du parte hartu, La Sportiva mendi lasterketen taldearekin beste lasterketa batzuetan dabilelako. Antolatzaileak, ordea, azaldu du Malen Osa goi mailako korrikalari Oñatiarra izango dela lasterketan. «Zortea daukagu. Dezenteko izena hartu du inguruan lasterketak, eta jende asko biltzen da haren bueltan, bai parte hartzaile gisa eta bai antolaketan, eta hori eskertzekoa da».