Han eta hemen tarteka agertzen den gai bat plazaratu zuen hilaren hasieran Xabi Larrañaga kazetariak Noticias de Gipuzkoa egunkariko iritzi zutabe batean (La pecera, 2024-02-01). Honako hau gaztelaniazko zutabe horretako paragrafo baten itzulpena da, neuk egina: «Asko hitz egiten da euskarazko kultura-menua zabaltzeko beharraz, haren erabilera sustatzeko. Plataformetan egotea eskatzen da, azpitituluak pantailetan, jaialdietako kuotak, eta aberasgarria iruditzen zaigu bereber bat bertsolari izatea eta bertsolari batek fadoa kantatzea. Baina beldur naiz —esateko modu bat da— eskaintza ideologikoa zabaltzearen garrantzia ahazten zaigula. Alegia, desadostasuna abantaila gisa onartzea, ez traba gisa. Zaila da ongi etorria ez zaren tokian egotea».
Artikuluan salatzen duen zorroztasun eta estutasun ideologiko horren adibide argigarria, Larrañagak dioenez, Israel eta Palestinaren arteko gatazkari buruz euskaraz idatzitakoa da, gaia euskaraz aipatzen den bakoitzean bando bakar baten aldeko hautua egiten omen baita.
Jendaurrean euskaraz idatzi eta mintzo direnen artean, gehiengo argia da, izan ere, Israelgo estatuaren aurka gogor mintzo dena; gehiengoa, halaber, ideia gutxi-asko ezkertiar edo progresisten aldekoa; gehiengoa independentziaren —edo gutxienez autodeterminazioaren— aldekoa ere; eta gehiengoa, akabo ba!, euskaltzalea. Baina ez diegu irizten diotenaren aurka agertzeko eskatuko, ezta?
«Ez dut ulertzen noren ongietorriaren falta sentitzen duten bestelako ideiak dituztenek, euskara erabiltzeko benetako gogoa baldin badute, ideia horiek euskaraz adierazteko».
Adibide zehatzen faltan, Larrañaga benetan zer —eta nor— salatzen ari den antzeman ezinda geratu naiz. Ez baitut ulertzen noren ongietorriaren falta sentitzen duten bestelako ideiak dituztenek, euskara erabiltzeko benetako gogoa baldin badute, ideia horiek euskaraz adierazteko: Israelen jokabidea gutxi-asko justifikatzen dutenek, ideologia liberal edo eskuindar argia dutenek, Espainiaren batasun konstituzionala defendatzen dutenek, euskararen aldeko ekimen eta neurri oro inposizio gaitzesgarritzat dutenek…
Askotan esaten da euskara ideologia jakin batekin, edo batzuekin, lotuta dagoela, eta ideologia horietakoak euskararen jabe bakar gisa agertzen direla. Egia da, bai, egia tamalgarria, ez dela zaila hemerotekan, baieztapen horren lagungarri izan daitekeen aho-handikeriarik aurkitzea, ideologia horietako kide batzuen adierazpenetan. Baina hain mingarria baldin bazaie ideologia horiek agertzea euskararen jabe bakar gisa, ez al dute pentsatu, bestelako ideiak dituztenek, kontraerasorik efikazena euskara barra-barra eta fin-fin erabiltzea izango litzatekeela?
Euskararen ustezko jabetzat jotzen diren ideologietako politikariek ez dute hain altu ere jarri langa, eta zergatik ez erakutsi, zintzo, zindo eta benetan, ideologia guztietakoentzat dela baliagarri euskara? Zergatik ez erakutsi beraiek ere badakitela, maite dutela eta bultzatu nahi dutela euskara? Nor uste dute aterako zaiela bidera esanez lurralde debekatuan sartzen ari direla, itzultzeko etorritako bidetik? Ongi etorririk eza da euskara ez erabiltzeko motibo nagusia? Noren ongi etorria?
Bat egiten du Larrañagaren kezkarekin, nik ere nahi nuke, nahi dut, euskaraz komunikatutako «eskaintza ideologikoa» zabalagoa izatea. Baina horretarako behar dena euskarak orain arrotz samar zaizkion ideia eta ideologia batzuei ongi etorria egitea da? Ala ideia eta ideologia horiek dira euskarari ongi etorria egin beharko lieketenak?