Ahozkoa, oholtza gainean berriz

Ahozkoa, oholtza gainean berriz

«Bazen behin…». Hasiera horrekin has daitezke istorio asko, baina bakoitzak bere bidea hartzen du gero, eta ezin daiteke jakin non bukatuko diren. Ipuinak ez, baina horiek kontatuko dituzten lekuak bai: Ordizia, Tolosa, Arrasate, Zizurkil, Elgoibar, Hernani… Gipuzkoa osoan zehar zabalduko dituzte bertako zein kanpoko ipuin kontalariek era guztietako istorioak; eta ez, normalean pentsatu ohi den bezala, haurrentzat bakarrik. Izan ere, Ahoz Aho ahozkotasunaren jaialdiaren XVII. aldia antolatu dute aurten ere; otsailaren 15ean hasi zen, eta martxoaren 27ra arte iraungo du.

«Kontalaritzari daukan balioa aitortzea» da jaialdiaren helburuetako bat, haren antolatzaile May Gorostiagak (Tolosa, 1971) azaldu duenez. Beste jomuga bat euskal kontalarien artean «tribu bat sortzea» da. Gorostiagak esan duenez, «bakartia» da ipuin kontalarien ofizioa, eta horrelako elkarguneak oso garrantzitsuak dira kontalariek elkar ezagutzeko. Trukerako eremu izatea ere nahi dute. Izan ere, jaialdira kanpotik etorriko dira ahozkotasunarekin lotura duten zenbait artista, eta, era berean, euskal kontalariak ere kanpora ateratzea nahi dute. Are, Gorostiagak gehitu du kontalaritza partekatu beharreko «altxor bat» dela: «Gizakiak, istorioak idatzi baino lehen, kontatu egiten zituen. Lehen gizakiek sua piztu zutenean, ziur naiz norbaitek istorio bat kontatu zuela».

Euskal kontalariek 1970eko hamarkadaren bukaeran berreskuratu zuten oholtzetara igotzeko tradizioa, Gorostiagaren arabera. Koldo Amestoi, Joxemari Karrere, Itziar Rekalde, Pello Añorga edo Antton Irusta aipatu ditu, besteak beste, garai hartako erreferentetzat: «Pixkanaka hasi ziren bidea egiten, ahozkotasuna edo ipuin kontaketak oholtza gainean egitea nahiko galduta zegoelako. Sutondoan inoiz ez da galdu, gure tradizioan oso barneratuta baitaukagu, baina arte eszenikoetan ez zegoen zabalduta». 1990eko hamarkadarako, ordea, herri batzuetako liburutegiak «tenplu» bilakatu ziren ipuin kontalarientzat: «Badaude liburutegi batzuk asko zaindu izan dutenak ahozko kontalaritza; batez ere, umeentzat».

Amaia Pagola kontalaria, joan den larunbatean Ordizian egin zen narrazio lehiaketan. HITZA

Gaur egun euskal ipuin kontalaritza «osasuntsu» dagoela adierazi du Gorostiagak, baina ohartarazi du «asko» dagoela oraindik egiteko; batik bat, helduentzako ahozkotasunari dagokionez: «Agenda begiratzen badugu, ekintza ugari dago; batez ere, umeentzat. Helduena gehiago zaindu beharko genuke. Mito bat dago esaten duena umeentzat bakarrik dela, eta ez da hala». Bide horretatik, nabarmendu du «erronka ugari» dauzkatela oraindik, baita aldarrikapen asko egiteko ere, ipuin kontalarien lanbideak «merezi duen espazioa» izan dezan: «Hedabideetako agendetan, esaterako, kontalaritza oraindik Bestelakoak atalean sartu ohi dute. Ez daukagu kontalaritzarentzako atal propio bat, eta askotan ez dute jartzen zein den artista edo zer eskaini behar duen. Jaialdiak kontu horietaz gure artean hitz egiteko topagune gisa ere funtzionatzen du».

Hain zuzen, lanbidea hauspotzeko asmoz, lehiaketa bat antolatzen dute urtero egitarauaren barnean, eta irabazten duten bi artistei herri batzuetan ipuinak kontatuz zirkuitu bat egiteko aukera eskaintzen diete sari gisa. «Gaur egungo kontalarien zerrenda ikusten badugu, zabala da, eta horietako askok jaialdian eman zituzten lehen pausoak. Hori oso polita da guretzat». Ordizian hasi zen lehiaketaren lehenengo erronda joan den astean, eta bertan aukeratuko dituzte hiru finalista. Finala martxoaren 22an ospatuko dute, Ordizian bertan.

Programazioa

Lehiaketa ez da egitarauak daukan berezitasun bakarra. Izan ere, ipuin kontaketa baino askoz gehiago biltzen du programazioak. Martxoaren 20ko jarduerak nabarmendu ditu Gorostiagak, esaterako. Egun horretan, Arrasaten, Juan Kruz Igerabide idazleak idatzitako mezu bat irakurriko dute, eta ondoren Quebeceko Berceurs du Temps taldearen ikuskizuna egongo da. «Talde hori munduko seaska kanten bilketa bat egiten ari da, hizkuntza batzuetan. Dagoeneko laurogei hizkuntza baino gehiagotan bildu dituzte. Euskaraz ez dute oraindik abestirik, eta gure jaialdira etortzean grabatuko dituzte batzuk. Antolatu duten egitasmoan, entzuleak aulki kulunkarietan eseraraziko dituzte, tapaki batekin, eta seaska kantak jarriko dizkiete, hizkuntza batzuetan. Instalazio oso performatiboa eta poetikoa da, ahozkotasunarekin oso lotua». 

Yaima Orozco artista kubatarra, lehengo larunbatean, Ordizian. HITZA

Aldo Mendez kontalari kubatarrak antolatu duen ikastaroaz ere aritu da Gorostiaga. Gaur Tolosan izango da Mendez —atzo ere izan zen—, eta ahozko narrazioaren inguruko gakoak emango ditu, hamar ordutan.

Urrezko Kalabaza sariak dira aldi guztietako beste egitasmo arrakastatsuenetako bat. Martxoaren 23an izango da aurten, jaialdiaren barnean egiten den Euskal Kontalarien VIII. topaketaren programazioaren barruan. Horien bidez, ahozkotasunaren inguruan egindako lana saritzen dute. Hiru sari banatzen dituzte urtero, eta ohorezko sariaren irabazlea plazaratu dute jada: Paul Urkijo zinemagileari emango diote. «Urkijok betidanik esan izan du txikitan entzundako ipuinekin egiten dituela orain pelikulak, eta horietan oso modu egokian tratatzen ditu gure mitologia eta kondairak. Munduan zehar eraman ditu, filmen bidez, eta horregatik jasoko du aurten saria». Urkijok parte hartuko du egun horretan bertan antolatu duten ahozkotasunaren inguruko mahai inguruan ere, Maider Galarza, Ibai Perret eta Ixabel Milletekin batera.

Ahozkotasunaren galak egingo dituzte aurtengoan ere. Bospasei ipuin kontalari biltzen dira, eta saioak eskaintzen dituzte. «Lau gala antolatu ditugu aurten. Aukera egongo punta-puntako artistak ikusteko, estilo ezberdinekin eta modu ezberdinetan. Ordizian helduentzako gala bat egingo dugu, eta Tolosan, umeentzako bat, urtero egin ohi dugun bezala. Baina aurtengoan beste bi gala gehitu ditugu, martxoaren 8an eta 9an. Narratzaile guztiak emakumeak izango dira bertan, Martxoaren 8a dela aldarrikatzeko eta balioa emateko emakume kontalariei».

IPUIN KONTAKETA ARRUNTAK

Otsailak 24: Aldo Mendez (Tolosa).

Otsailak 28: Ane Gebara eta Nelson Calderon (Arrasate).

Otsailak 29: Ane Gebara eta Nelson Calderon (Asteasu).

Martxoak 1: Nelson Calderon (Eskoriatza).

Martxoak 2: Ane Gebara eta Nelson Calderon (Ordizia).

Martxoak 3: Alberto Sebastian (Eskoriatza).

Martxoak 4: Vera Makucevica (Tolosa).

Martxoak 5: Marta Saenz de la Calzada eta Iñaki Carretero (Irura).

Martxoak 6: Maider Alzelai (Ordizia eta Ibarra), Marta Saenz de la Calzada eta Iñaki Carretero (Ataun).

Martxoak 7: Marta Saenz de la Calzada eta Iñaki Carretero (Irura).

Martxoak 10: Maider Galarza eta Carolina Rueda (Belauntza).

Martxoak 11: Carolina Rueda (Elgoibar).

Martxoak 12: Maider Galarza eta Carolina Rueda (Belauntza).

Martxoak 13: Carolina Rueda (Oñati).

Martxoak 14: Ixabel Millet (Ordizia eta Tolosa)

Martxoak 15: Iñaki Carretero eta Vera Makucevica (Hernani).

Martxoak 16: Celine Rainoird (Eskoriatza).

Martxoak 18: Celine Rainoird (Ibarra).

Martxoak 19: Celine Rainoird eta Dorleta Kortazar (Alegia).

Martxoak 20: Amaia Hennebutte (Ordizia).