Espainia aldean kantu bateko hitzak harrotu ditu hautsak. Hitzak ez ezik, letrak ere bai. «Zorra» (azeri eme/urdanga) izan da. Jakina, polemika bigarren adierak sortu du, horretaz diharduelako. Ezin da ahaztu abesti horrek Espainia ordezkatzen duela Eurovision lehiaketa Israelzale apolitiko-apokaliptiko horretan (horrek ere artikulu pare baterako ematen du).
Aztoratuta dauzka zenbaitzuk, letra nahiko arina bada ere. Kantuaz inor gutxik esan du ezer, zorra hitzean kateatu dira. RTVEko berdintasuneko delegatuak dimititu ere egin du, hori ahalduntzea ez dela, ezta feminismoa ere. Begiak talo eginda nago!
Orain 40 urte Vulpess Bilboko taldeak ere Me gusta ser una zorra abestiarekin bazterrak nahastu zituen. Orduan ere dimisio bat izan zen, zentsura eta polemika luzea. Baina 80ko hamarkadako kantu punka askoz gogorragoa da, ez da hain atsegina eta esplizituagoa, hitz gordin batzuk ere badauzkalako. Ia mende erdi beranduago horrelako berbek jarraitzen dute gizarte zati bat, behintzat, asaldatzen. Ziklikotasunak harrituta nauka.
Gaztelaniaz zorro-zorra bikoteak bikain adierazten du generoaren arrakala. Zorro, maskulinoa maltzurra, azkarra adierazteko erabiltzen da. Zorra (femeninoa), ostera, puta esateko baliatzen dute. Oso esanguratsua.
Eta euskaraz? Azeri hitza maltzurren sinonimoa da, baina azeri eme esateak ez du inongo konnotaziorik, animalia baino ez du izendatzen. Azeri esateko Bizkai aldean luki erabiltzen dute, eta ahozko literaturan Luki Barrabasa pertsonaia agertzen da, maltzurkeriaren pertsonifikazioa. Aixelko/Axeriko izenak ere hartzen ditu. Hiztegian Aixelko Don Zorro/Doña Zorra itzultzen da; beraz, euskaraz ez dago desberdintasunik.
«Arreske hitzak ere emango luke luze idazteko, emebila, adibidez, ez delako existitzen».
Ez dut ulertzen, baina, zergatik prostituta esateko erabiltzen den, zein portaera duen azeri emeak konparazioa egiteko. Ez dut aurkitu. Gaztelaniaz badago «como una gata en celo» esamoldea, «katemeak arreske bezala jardun» edo esateko. Arreske hitzak ere emango luke luze idazteko, emebila, adibidez, ez delako existitzen.
Ingelesez ere begiratuta, azeri fox esaten da, baina foxy maltzurra ere bada. Eta sexya… Ez dakit zer pentsatu. Biologoren bat aretoan?
Benetan harrigarria da zelako joera dagoen gizakion izaera eta portaerak animaliengan islatzeko. Are gehiago, animalia izenak erabili elkar iraintzeko. Euskaraz txerria, astoa eta txakurra dira erabilienak. Justu gertukoenak edo izan direnak historikoki. Astoa ergelkerien pertsonifikazioa ―animalizazioa erabili beharko nuke, ezta?―. Fina ez dena, hezigabea, basatia ere bada. Gogorregi lan egiten duena ere bai. Baita burugogorkeriaren imajina ere. Asto-beharrak/lanak egitea lan fisiko gogorra egitea da. Astakilo, astapotro, astakeria… nahi beste aurki genitzake hiztegietan. Asto koitaduak!
Txerria da gure imajinarioan zikinkeria fisiko eta moralaren irudia. Txerrikeria. «Txerri (zantar) madarikatua!» euskaraz dagoen irainik gogorrenetakoa. Arakatzen segituta urdanga hitza agertzen zaigu, txerri emea berez, baina emagaldua da. Puta, berriro ere.
Eta txakurrak hain kuttunak orain, baina irainetarako eman digute biderik luzeena euskaldunoi: polizia esateko, lotsagabea, karakter txarrekoari esateko… Dena txarra, leiala bada, jan-txakurra delako, diru truke, betiere.
Makinatxo bat jende dago animaliak baino zitalagoa. Euren izenak erabili beharko genituzke iraintzeko?