Esklaboen memoriari, aterpea

Esklaboen memoriari, aterpea

Frankistek 12.500 langile bortxaz ekarri zituzten Oiartzualdera 1939 eta 1942 bitartean, esklabo lanetan aritzera. Hemezortzi batailoitan banatu zituzten langileak, eta baldintza guztiz kaskarretan egotera behartu zituzten. Horietako 3.000 inguru Oiartzunen izan zituzten lanean, azpiegiturak eraikitzen. Kattin Txiki elkarteak eta udalak erreplika bat eraiki dute Arkalen, langile haiek oroitzeko.

Oiartzunen hiru lekutan banatu zituzten trabajadoreak —hala esaten zieten herrian—. Lehenengoa, Babilonia esaten zitzaion eremuan, Gurutze auzotik Irunera doan bidean —Pikoketa ingurura joaten dena, zehazki—.

Bigarrena, Aritxulegin, gaur egun Arritxulo aterpea dagoen tokiaren inguruan. Aritxulegiko errepidea eraikitzeko lanak izan ziren Euskal Herrian trabajadore gehien mugiarazi zituztenak. Ikerketen arabera, 4.000 bat langile bortxapean aritu ziren 22 kilometroko errepidea eta harkaitzetan zulatutako tunela egiten. Gehienak Toledokoak (Espainia) ziren, Oiartzungo memoria historikoa lantzen duen Kattin Txiki elkarteko kide Joxe Kruz Ezeizaren arabera.

Hirugarren gunea Arkaleko eremuan zegoen. Gurutze auzoa eta Lanbarren industrialdea lotzen dituen errepidea eraiki behar izan zuten, hiru kilometro eta erdikoa. Horrez gain, Arkaleko goiko aldera doan bide bat ere eraiki zuten, eta tunel bat ere zulatu behar izan zuten, Irungo lurretaraino iristen zena. Gaintxurizketako goialdetik hurbil dagoen tunel hori ez dute eraitsi oraindik.

Kattin Txikik eta Oiartzungo Udalak urteak daramatzate langile horien memoriaren aldeko lanketa egiten. Iaz hasi ziren, elkarlanean, langile haiek bizi ziren barrakoietako baten erreplika eraikitzen. Argazki zaharretan oinarritu ziren horretarako; erreplikak, baina, eskala txikian izan behar zuen, 35 metro luzekoak baitziren, Kattin Txikiko Iñaki Pikabeak adierazi duenez.

Arkale inguruan arrastoen bila hasi ziren elkarteko kideak. Gaur egun, ordea, parajea erabat itxuraldatuta dago. Izan ere, orain zuhaitzez beteta dago ingurua, baina orduan guzti-guztia soilduta zegoen, Kattin Txikikoek argazki zaharretan frogatu ahal izan zuten moduan. Txema Gaztelumendik aurkitu zituen argazkiak, eta langileen jantzi eta erremintak argi-argi ikusten ziren. Gainera, inguruko etxebizitzak eraikitzeko pabiloiak eraitsi egin zituzten, eta bilaketa zaildu zuen horrek.

«Ezinbestekoa da horrelako guneak sortzea, hitzez adierazten zaila den hori arakatzeko hari muturrak eskaintzea».
JOANA MENDIBURU. Oiartzungo alkatea

Hala ere, bila hasita, barrakoi baten zola izan zitekeena aurkitu zuten, metro bateko alturakoa. Pabiloi luzearen lagin horren arabera eraiki zuten erreplika. Helburua izan da langileen bizimodua islatzea, garaiko arropa, erreminta eta bestelako objektuekin. Panel informatibo bat ere jarri dute kanpoaldean. Hara iristeko Toki Alai jatetxearen ondoko aparkalekuan utzi behar da ibilgailua, eta Arkalen gora joan behar da, bihurgune itxia pasatu eta hor dagoen bidexka batetik gora.

Pikabeak zehaztu duenez, pabiloiaren dimentsioez gain, beste aldaketa batzuk ere egin dituzte: «Barrakoirako sarrerak, berez, errepide aldera zeuden, baina guk beste alde batera egingo dugu. Hegoaldera ate bat izango du, baina itxita egongo da, ezin baikara denbora guztian bertan egon».

Inaugurazioa

Otsailaren 17an dozenaka lagunek hartu zuten bide hori, egun horretan inauguratu baitzuten erreplika. Omenaldia egin zieten gatibu eduki zituztenei. Katin Txikiko Lur Gaztelumendik hartu zuen hitza ekitaldian, eta haien lan baldintza gogorrak gogorarazi zituen: «Indar lana itzela zen, elikadura eskasa eta diziplina gogorra. Ogi gutxi eta makilakada asko. Legarren ezarri zuten ospitaletik langile asko pasatu ziren, eta askok heriotza zigorra ere izan zuten».

Batez ere, fusilatu zituzten zortzi langileak izan zituzten gogoan: Manuel Baucells Sola, Felipe Ledesma Cano, Antonio Lopez de Dios, Mariano Calvo Herrador, Francisco Murillo Davila, Jose Sanchez Molero, Jose Sirena Inza eta Antonio Lopez Fernandez. Fusilatutako bakoitzaren izena daraman pikotx bat jarri zuten barrakoiaren ondoan, omenaldi moduan, Txoria txori abestiaren doinuan.

Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak esan zuen «latza» dela gizon haiek bizi behar izan zutena irudikatzea. Barrakoiaren erreplikaren moduko tokien garrantzia azpimarratu zuen Mendiburuk, beharrezkoak baita errepresaliatuak izan zirenen oroimena gordetzeko eta baita datozen belaunaldiei transmititzeko ere. «Zaila da hurrengo belaunaldiei gerrari buruzko bizipenak transmititzea, azaltzea zer gertatu zen jende horrekin guztiarekin, eta zergatik. Ezin dira hitzak aurkitu. Ezinbestekoa da horrelako guneak sortzea, eta hitzez adierazten zaila den hori arakatzeko hari muturrak eskaintzea hurrengo belaunaldiei».

«Injustizia barruan daramagu; egia jakin nahi dugu, isiltasuna eta iluntasuna bukatzeko eta pasatutakoa argi uzteko».
 BEATRIU BAUCELLS. Langile baten biloba.

Alkateak «justiziazko haize orokorra» etortzeko eskaera egin zuen, «egia guztiak» azaleratzeko eta «sarraski guztiak» aitortzeko. «Faxistek, agian, pentsatuko zuten esklabotza izaera betikotu egingo zutela gugan, euskaldunongan, baina ez, beste haize bat da gugan dantzan dabilena: duintasunarena eta etorkizun aske batena».

Barrakoiaren erreplika egitea sustatu duten elkarte eta erakundearen hitzaldiaren ondoren, eguneko momenturik hunkigarrienetako bat iritsi zen: Manuel Baucells Solaren biloba Beatriu Baucellsek hitza hartu zuenekoa. Hark inauguratu zituen, alkatearekin batera, plaka eta panela. «Urte asko daramatzat aitonaren bila. Gizon gaztea zen, alarguna. Ausaz fusilatu zuten, horrela agindu zutelako. Injustizia barru-barruan daramagu; egia jakin nahi dugu, isiltasuna eta iluntasuna bukatzeko eta pasatutakoa argi uzteko». Kattin Txikiri eta udalari eskerrak eman zizkien, «iluntasuna zegoen tokian argitasuna emateagatik».