Dama ganbitoa edo andere ganbitoa. Izen hori dauka azken urteetan entzutetsu egin den xake jokaldiak. Interneteko azalpenen arabera, xake irekiera bat jokatzeko sistema nagusietako bat da, pieza zuri eta beltzekin jokatzen dena. Aspalditik da ezaguna xake jokalarien artean, baina ospe berezia hartu du taula zuri beltzen mundutik harago jokaldiaren izenak, telesail baten ondorioz. Gaztelaniaz Gambito de dama izena daukan telesailak munduko xake jokalaririk onena izateko lehian dabilen emakume gazte baten istorioa kontatzen du, eta arrakasta handia izan zuen Netflix plataformako publikoaren artean. Ez da normalean xake jokalariei buruz eraiki ohi den irudia telesailaren protagonistak islatzen duena. Izan ere, xakearen esparruan emakumeak pixkanaka sartzen ari dira azken urteetan, baina, duela gutxira arte, gizonezkoak nagusitu dira kirol horretan urte luzez. Hondarribiko Marlaxka klubean horren jakitun dira, eta hainbat egitasmo antolatu dituzte xakean jokatzen duten emakumeak ikusarazteko. Helburu horri jarraituta, badaukate hurrengo data agendan: martxoaren 4rako antolatuko dute Xake Ttopara emakumezkoen arteko IV. xake txapelketa.
Egun, xakean jokatzeko 69 lizentzia dauzkate aktibo Hondarribiko klubean, eta horietatik hemeretzi dira emakumezkoenak. Goio Uriartek onartu du eremu «maskulinizatua» izan dela xakea eta, horregatik, «garrantzitsua» dela emakumeen presentzia bistaratzea. Uriartek ondo ezagutzen du xakearen mundua: 30 urtez izan da Marlaxkako lehendakari, eta xake eskolako arduraduna da gaur egun.
«Arreta, kontzentrazioa eta memoria lantzeko balio du, baita gauzak aztertu, sintetizatu edo antolatzeko ere».
GOIO URIARTE. Xake eskolako arduraduna
Hark azaldu duenez, 1980. urtean sortu zuten xake taldea, La Salle ikastetxeko ikasle batzuek. «Momentu batean, bi talde zituzten maila gorenean, eta, klub bereko bi taldek parte hartu ezin zutenez, banatu egin ziren: Irungo La Salle eta Hondarribiko La Salle. Hondarribikoek Marlaxka gastronomia klubean jokatzen zuten orduan xakean, eta izen hori hartu zuen klubak ere 1980an». 2011z geroztik, herriko kasino zaharrera aldatu dute elkartzeko lekua.
Ttopara helburu
Maila ezberdinak ditu klubak, eta bakoitzean kirolari taldeak dituzte, banakako zein taldekako txapelketetan parte hartzen dutenak. Horrez gain, «helburu soziala» ere badaukate: «Emeki talde feministaren ekimenetan parte hartzen dugu, baita euskararen aldeko ekimenetan zein auzo elkartean ere. Bestalde, haurrei edo nerabeei zuzendutako klaseak zein helduei begirako jarduerak antolatzen ditugu», esan du Uriartek.
Hain zuzen, azken jarduera horietatik atera zen Xake Ttopara egitasmoa antolatzeko ideia. 2019an sortu zuten talde berezi baten harira eduki zuen ideia Uriartek berak: «Nire ama zendu zen urte hartan. Niri hark erakutsi zidan xakean jokatzen, eta amaren lagunekin batera emakume helduen xake talde bat sortzeko ideia izan nuen. Hasieran, Emeki talde feministan proposatu nuen xakearen bidez mantentze kognitiboa lantzeko ikastaro bat egitea, taldeko kide asko amaren lagunak baitziren. Esan zidaten urte horretan ezingo zela, baina klubean klaseak antolatuz gero etorriko zirela, interesa zutelako. Eta horrela hasi ginen, astelehenetan klaseak emanez».
Hondarribiko iazko Xake Ttopara txapelketan parte hartu zuten emakumezkoak. MARLAXKA XAKE KLUBA
Oraindik ere Uriartek ematen dizkie astelehenetako eskolak, baina, horrez gain, taldeko kideak ostegunero biltzen dira beraien kabuz, xake ariketak egiteko eta praktikatzeko. «Taldea handituz joan da, eta lau emakumerekin hasi baginen, hamalau kide inguru dira orain. Adineko gizonezko batzuk ere hasi dira etortzen». Izan ere, Uriartek esan du onura ugari duela xakeak; batez ere, haurrentzat eta adineko pertsonentzat: «Arreta, kontzentrazioa eta memoria lantzeko balio du xakeak, baita gauzak aztertu, sintetizatu edo antolatzeko ahalmena garatzeko ere. Gainera, erlojupean jokatzen denez, presiopean erabakiak hartzeko gaitasuna ere lantzen da». Bestelako onurak ere aipatu ditu; esaterako, arrazoibide matematikoa garatzeko ahalmena edo emozioen kontrola garatzeko gaitasuna. Horrek guztiak, adindunei «nagikeria mentala» saihesteko balio die.
«Herriko esaera horrekin jokatu genuen ekimenari izena emateko, baina nire amari omenaldi txiki bat ere bada».
GOIO URIARTE. Xake eskolako arduraduna
Emakumeen taldea sortu eta denbora gutxira hasi ziren Xake Ttopara txapelketa antolatzen, 2019an bertan. Urtean bi aldiz antolatzen dute: Azaroaren 25eko programazioarekin batera, eta Martxoaren 8aren inguruan. Egitasmoarekin lotutako programazio zabala ere antolatu izan dute. 2022an, esaterako, Hondarribiko liburutegiarekin batera antolatu zuen klubak Emakumeak eta xakea erakusketa, baita hitzaldiak zein bestelako jarduerak ere. Uriartek argi dauka xakeaz harago doala egitasmoa: «Helburu garrantzitsuena da xakeaz elkarrekin gozatzea, eta talde zein maila ezberdinetan dauden neska eta emakumeek elkar ezagutzea, haien presentzia ikusaraztearekin batera». Hain zuzen, esanahi hori dauka txapelketaren Ttopara izenak: topagunea. «Herriko esaera berezi horrekin jokatu genuen ekimenari izena emateko, eta nire amari egindako omenaldi txiki bat ere bada: izen bereko arte denda bat zeukan Hondarribian».
Topagunea, gainera, belaunaldien artekoa izan ohi da, Uriartek adierazi duenez: «8 edo 9 urteko neskatoak eta 80 urtetik gorako andreak ibiltzen dira elkarrekin jokatzen. Tarte polit bat pasatzeko aitzakia izan ohi da». Sarrera librea da edozein emakumezkorentzat, eta ez da aurretik izenik eman behar. «18:00etan hasten da txapelketa, eta pixka bat lehenago agertuta, nahikoa da taldeak antolatzeko», bukatu du Uriartek.