Alardearen gaiak Hondarribiko energia feminista erabat «monopolizatu» duela sinetsita daude Ane Garcia eta Ane Lekuona hondarribiarrak, eta auzia landu beharrekoa dela uste badute ere, perspektiba zabaltzeko eta feminismoaren askotariko ertzak arakatzeko beharra sentitu zuten 2022ko azaroan. Hain zuzen ere, azkura horrek eraginda sortu zuten herrian irakurketa talde feminista. Urte eta erdi bat igaro da taldea osatu zutenetik, eta «oso pozik» agertu dira biak taldeak izan duen bilakaerarekin.
Garciak eta Lekuonak jakinarazi dute 15-20 bat emakume biltzen direla hilabetero Zuloaga Etxea liburutegian. Feminismoa izaten dute hizketagai saioetan. Teoriatik abiatzen dituzte saiook, eta hasiera batean, «akademizismoan erortzeko beldurra» izan zuten, baina «nolabaiteko oreka bat» lortu dutela uste du Garciak. «Nahi eta behar batetik sortu genuen irakurketa talde feminista. Planteatzen ditugun irakurketak teorikoak dira, nahiz eta saiatzen garen dibulgatiboak edo ulerterrazak egiten». Nolanahi ere, «aitzakiatzat» dute irakurgaia; izan ere, nahiz eta irakurketak ez ulertu edo irakurtzeko astirik ez izan, saioetan parte hartzeko aukera izaten da.
Saioak antolatzen hasi zirenetik gaur arte, dinamizatzeko moduan aldaketa batzuk egin dituztela kontatu dute. Iaz, gai baten gainean aritzen ziren hizketan; queer teoria edota langile mugimendua landu zituzten, bestek beste. Gai horien sakontasuna kontuan hartuta, saio bakarrean jorratzea «eskas» geratzen zela iruditu zitzaien. Horregatik, aurtengo ikasturtean, hiru gai nagusi hartu dituzte ardatz. Hiruhileko lehen bi saioak Garciak eta Lekuonak dinamizatzen dituzte, eta hirugarren saioa irekia izaten da; hartara, maiztasun batekin saioetara joaterik ez duenari ere joateko aukera ematen diote.
«Planteatzen ditugun irakurketak teorikoak dira, nahiz eta saiatzen garen dibulgatiboak edo ulerterrazak egiten».
ANE GARCIA Hondarribiko irakurketa talde feministako antolatzailea
Gorputza izan zuten ardatz lehen hiruhilekoan, eta hirugarren saioan Ezin Kabitu kolektiboko Itziar Reguerok eta Laura Galarrek lodifobiari buruzko hitzaldi bat eskaini zuten. Egin dituzte dagoeneko bigarren hiruhilekoko lehen bi saioak, eta maskulinitatea izan dute solasgai. Horregatik, ahalegin berezia egin dute gizonak saioetara ager zitezen, eta «oso esperientzia polita» eta «aberasgarria» izan dela ziurtatu dute. Garciaren arabera, maskulititateari buruz hitz egiteko garaian, «sexuen arteko gerran» sartzea izaten da arrisku. Horregatik, bakoitzak gizartean dituen zailtasunak azaleratzera eta adostasunak bilatzera bideratu dituzte saioak. «Iruditu zitzaigun hor badagoela lantzeko bide interesgarri bat, bai gizonek beren aldetik, eta baita enpatia ariketa bat ere gure aldetik».
Hilaren 23an egingo dute hiruhilekoko azken saioa, Hiruki Larrosa taldeko Egoitz Albiolarekin, Zuloaga Etxean, 11:30ean. Azken hiruhilekoan, berriz, amatasunaz arituko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Perspektibak aberastea
Adin desberdinetako parte hartzaileak izaten dira irakurketa taldeak antolatzen dituen saioetan. Helduenak 75-76 urte ditu, eta gazteenek, 24-25 inguru dituzte. Adinaren aniztasunean «abantailak» besterik ez dituzte ikusten bi dinamizatzaileek, modu horretara askotariko ikuspuntuak azaleratzen direlako. «Agian, adinagatik edo tokatu zaigun belaunaldiagatik perspektiba zurrun batzuk dauzkagu. Bakoitzak perspektiba bat izaten du, eta ikasi behar dugu, batzuetan beste belaunaldi batekoak direnen bizipenak ere oso baliozkoak direla». Finean, bestearen larruan jartzea eta «besteak esaten duen horretatik edateko malgutasuna» izateari eman nahi diote garrantzia; «betiere, inork ez duenean inor iraintzen eta inor ez denean inoren kontra jartzen», zehaztu du Garciak.
Gainera, deserosotasunarekin lan egiten ikasi dutela esan du hark: «Feminismoak deseroso jarri behar gaitu. Diskurtsoa ezin da autokonplazentziazkoa izan, ‘zer gaizki gauden edo zer oprimituta gauden’ dioena. Deseroso sentiarazten gaituen hori bilatu eta hor arakatu behar dugu. Parte hartzaile batek honako hau esan zigun behin: ‘Hau irakurri arte ez nintzen konturatu zuria nintzela’. Eta, noski, pribilegio batzuk dauzka horrek».
«Bakoitzak perspektiba bat izaten du, eta ikasi behar dugu beste belaunaldi baten bizipenak ere oso baliozkoak direla».
ANE GARCIA Hondarribiko irakurketa talde feministako antolatzailea
Bi antolatzaileek kontatu dute, alde horretatik, taldea ez dela horren plurala. Izan ere, gehienek ikasketak dituzte, arraza zurikoak dira, eta nagusiki, euskaldunak. Hortaz, deseroso sentiarazten dituenaz aritzeak, «etengabe ikusten ez den hori» bilatzen laguntzen duela dio Garciak. «Paperik gabeko emakume migratuen, jatekorik ez dutenen edo kalean bizi direnen larruan jartzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu».
Harreman sareak estutzen
Hondarribiko irakurketa talde feminista sortzeak aurrez ezagutzen ez zituzten emakume batzuekin kontaktua izatea ahalbidetu die parte hartzaileei; beste era batera elkartzeko zailtasunak zituztenekin, hain zuzen. Antolatzaileek diote sentsazio bera dutela. «Bat-batean, talde txikietan elkartzen garenean pentsatzen duzu: ‘Lau pertsona hauek ez lukete topo egingo beste leku batean eta ez lukete gai hauen inguruan hitz egingo’, eta iruditzen zait horrek ez duela preziorik».
Gainera, Garciak uste du saioek «alardearen zama arintzeko» aukera ematen dutela. «Hor dago gaia, eta beste leku batzuetan landuko dugu, edo norberak landuko du, baina perspektiba zabaldu behar da, eta hemen gauza askori buruz hitz egiteko beharra dago». Eta hori da, hain zuzen, irakurketa taldearekin lortu dutena. Gai horiei guztiei leku bat eman dietela dio Garciak, herrikideen arteko «saretze txiki bati» hasiera emanez.