Txosten barruan bizitzeko gogoa

Txosten barruan bizitzeko gogoa

Bernardo Atxagak Etiopia poema liburuko Eguneroko bizitza poeman adierazi zuen bezala, duela hamarkada batzuk «mila liburu erregalatu zituzten bankuek Ora eta bereziki Labora lemapean». Baina alferrik zen, berandu zebiltzan, gu libro genbiltzan kaleetan «tirantezko galtza laranjaz jantzirik, libro-libro».

Ironikoa zen, jakina, poetak tirantezko galtza laranjekin irudikatu zuen askatasun hura. Hala erakusten du —Ruper Ordorikaren Berandu dabiltza kantutik aparte geratu bazen ere— poemaren amaierak: «Libro hiltzaile ttikien gisa libro, ma-o-meno ezta?, gutxi gorabehera libro. Esaten den bezala osasuna bada bedaio, arraio, eta beste, aupa gaztiak etab.».

Orduan ironikoki berandu omen zebiltzan horiek ez daude lo, eta orain jasangarritasuna aldarrikatuz argitaratzen dituzte dozenaka liburu eta milaka txosten, paperean ez ezik, Interneteko zoko-moko guztietan. Jasangarritasuna esan dut, laburbiltzeko, baina jasangarritasunarekin batera beste hainbat eta hainbat, ezin konta ahala, konponbide gure arazoetarako, hazkurri gure ongizate zoriontsurako: ekologia, 0 kilometroa, 0 karbono, 0 zabor, berrerabilpena, birziklapena, ekonomia zirkularra, energia berriztagarriak, 0 pobrezia, 0 bazterkeria, 0 diskriminazio, 0 arrazismo, feminismoa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, ahalduntzea, 0 kapazitismo, 0 segregazio, giza eskubideak, inklusioa, integrazioa, aukera-berdintasuna, banaketa ekitatiboa, transbertsaltasuna, sinergia, kooperazioa, lankidetza, elkarbizitza, zaintza, 0 indarkeria, bizikidetza, elkarkidetza bizia, bizikidetza elkartua, ahizpatasuna, haurridetasuna, zaurgarrien babesa eta akonpainamendua, pertsona erdigunean ezarrita inor atzean utziko ez duten herriak, hiriak, eskualdeak, herrialdeak…

«Hitz ederren inflazioa neurri sideraletaraino iritsi da dagoeneko, eta hazten jarraitzen du, hitz horiek edukiz erabat husteraino kasu askotan»

«Lobotomia sozialak oso espiritualki nagusitzen ari diren coaching garaiotan» (Mikel Elortza, Jihad Herria artikuluan, BERRIA, 2024.2.28), oso maiteak dituzte hitz ederrak —eta haiekin eraikitako esaldi biribilak eta hitz elkartu sofistikatuak— politika, gizarte, ekonomia eta beste edozein arlotako era guztietako alderdi, erakunde, entitate, elkarte, GKE eta abarren kudeatzaileek eta ordezkariek. Eta, ororen buru, horietako comunity manager eta komunikazio arduradunek, errealitatearen apaintzaile bikain bihurtu baitira —Europako edo nonahiko dirulaguntzen eskakizun burokratikoek horretara behartuta—, XXI. mendeko artistarik sortzaileenak baino efikaz, efiziente eta eraginkorrago.

Arazoa txostengintza autokonplaziente horren irakurketaren ondoren kalera irteten garenean agertzen zaigu begien aurrean. Non dago ekologia? Non 0 pobrezia? Non inklusioa? Non pertsona erdigunean ezarrita inor atzean uzten ez duten herriak, hiriak…? Nork eta nola jaitsaraziko ditu hitzok txostenetatik errealitatera, betelan hutsaletik dutena eta egiatik dutena bereizita?

Badago hitz horiek borondate onarekin erabili eta emaitza bikainak lortzen dituen jendea. Esker ona zor diegu enpresa, elkarte, entitate, erakunde eta kolektibo askori eta haiek osatzen dituzten kideei. Baina hitz ederren inflazioa neurri sideraletaraino iritsi da dagoeneko, eta hazten jarraitzen du, hitz horiek edukiz erabat husteraino kasu askotan.

Errealitatetik babestuta, liburu eta txosten horiek etxetzat hartuta horien barruan bizitzeko gogoa ematen du. Ate, leiho eta balkoiak ondo itxita. Badaezpada ere.