«Euskarak ere behar du kaleko aldarria, borroka piztea»

«Euskarak ere behar du kaleko aldarria, borroka piztea»

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragileak otsailaren 22an aurkeztu zuen Donostiako taldea. Indarberrituta dator EHE, eta zenbait egitasmo prestatu dituzte datozen hilabeteetarako; esaterako, apirilaren 22tik 28ra Harrotze Astea antolatu du, Igor Lozano (Petilla Aragoi, Nafarroa, 1997) Donostiako EHEko kideak eta Intza Gurrutxaga (Getaria, 1996) nazio batzordekideak azaldu dutenez.

Euskal Herrian Euskaraz-ek 1980ko hamarkadan hasi zuen ibilbidea. Zer bide egin du azken urteetan?

INTZA GURRUTXAGA: Beste asko bezala, gorabehera asko izan dituen eragile bat izan da; urte batzuetan oso indartsu egon da, eta beste batzuetan, aldiz, askoz ahulago. Gu orain ahultze horretatik gatoz, baina goranzko bidean goaz. Pandemia garaian barne prozesu bat egin genuen, Astindu izenekoa. Prozesua egiteko beharra ikusi genuen, eragilea ahul zegoelako eta aldaketa batzuk egitea beharrezkoa ikusten zelako.

Zer helburu finkatu zenituzten prozesuan?

GURRUTXAGA: Jarraitu beharreko sei lan ildo zehaztu ditugu. Batetik, herriz herri eta eremu ezberdinetan borrokak piztu nahi ditugu. Bestetik, euskararen aldarriari espazio guztietan eutsi nahi diogu. Euskara askotan agendatik kanpo geratzen da, eta agendan sartzeko saiakera egin nahi dugu. Horrekin batera, saiakera bat egin nahi dugu gazteen belaunaldia ere euskararen borrokara sartzeko, beharrezkoa ikusten dugulako euskarari etorkizuna bermatzeko. Laugarren helburuari intersekzionalitatearen ikuspegitik heldu diogu. Hau da: saiatu gaitezen zapalduak garenon borroka eta herri mugimendu ezberdinak bateratzen, eta sistema horren kontra egiten. Bosgarren lan ildoak euskaldunon kontrako erasoei erantzun nahi die; hor kokatzen da euskararen oldarraldiaren aurkako borroka. Eta seigarrenik, Euskaldunon Kontseiluarekin batera, hezkuntza politiketan eragiteko adostasun sozial zabal bat eraikitzeko egitasmoan parte hartu nahi dugu.

«Saiatu gaitezen zapalduak garenon borroka eta herri mugimenduak bateratzen».
INTZA GURRUTXAGA EHEko kidea

Ildo horiek lantzeko bidean, zer ekintza egin dituzue?

GURRUTXAGA: EAEko Hezkuntza Legearen inguruko lanketa handi bat egin dugu, eta, horrez gain, Nafarroan ofizialtasunaren gaiaren inguruan eztabaidatzen aritu gara. 

Insituzioetan elebitasun sozial orekatua proposatzen da. Zer azterketa egin duzue horren inguruan?

GURRUTXAGA: Gaur egun, diglosia egoera batean dago Euskal Herria, eta euskara zapaldutako hizkuntza bat da. Ez dakit posible den egoera horretan elebitasun orekatua lortzea.

IGOR LOZANO: Azkenean, elebidunak garenak euskaldunak gara. Gazteleraz edo beste hizkuntzaren batean aritzen direnek baina euskaraz hitz egiten ez dutenek ez daukate behar hori. Fartsa bat da. Ofizialki, ematen du parekotasun bat dagoela, baina, errealitatean euskarak bizi duen zapakuntza egoerak zera dakar: euskaldunok elebidundu behar izatea, eta erdaraz egiten duen jendeak, ez. Garbi dago hori egitea ez dela nahikoa.

Nola irudikatzen duzue Euskal Herri euskaldun ideal bat?

GURRUTXAGA: Astindu prozesuaren ondoren, Ikusmira izeneko oinarri ideologiko bat kaleratu dugu, eta, hor, aurreneko aldiz, independentista gisa jo Euskal Herrian Euskaraz, eragile gisa. Euskal Errepublikaren aldarria egiten dugu. Alegia, Euskal Errepublika euskaldun batena. Hala ere, eragile barruan ikuspuntu ezberdinak egon daitezke, eta ez gara hortik haratagoko sakontasunetan sartuko. Argi dago zapalkuntza ororen aurka daudenekin eta zapalkuntza horiek jasaten dituztenekiko enpatiarekin eraikiko dugula Euskal Errepublika. Guretzako, Euskal Herri euskalduna da Euskal Herri ideala.

LOZANO: Idealena litzateke euskara oinarrizko hizkuntza izatea, ofiziala eta hegemonikoa izango dena, eta gero, bai, beste hizkuntzak egotea. 

«Euskarak bizi duen zapalkuntza egoerak zera dakar: euskaldunok elebidundu behar izatea».
IGOR LOZANO Donostiako EHEko kidea

Donostiako EHE duela gutxi sortu duzue. Nola ikusten duzue euskararen egoera hirian?

GURRUTXAGA: Nik, ikuspegi orokor batetik, uste dut baxu gaudela, orokorrean. Kalean ere ikusten da herritarren mobilizazioa askoz baxuagoa dela. Euskararekiko kontzientzia ez dago indar betean.

LOZANO: Donostian ere hori gertatzen da. Eragile asko daude Donostian eta euskaldun dezente daude beste hiriburuekin alderatuta, baina bultzada bat behar da, berriro ilusioa piztea. Lortu diren gauzak aitortu, baina borrokan jarraitu gehiago lortzeko. Insituzioetan lan eginda nahikoa dela ematen du batzuetan, baina euskarak ere behar du kaleko aldarria, eta, beste borrokekin batera, borroka piztea. EHEren izaera borrokalari hori ere hortik dator: guk pentsatuko bagenu euskara insituzionalizatzearekin nahikoa dela eta ez duela behar kaleko indarra, EHE desegin egin beharko litzateke, ez baitauka zentzurik bestela.

GURRUTXAGA: Instituzioekin batera, kalea behar du euskarak, eta, gainera, instituzioetan ere ari gara euskararen aurkako oldarraldia ikusten. Dudarik gabe, dena behar dugu euskaldunok gaur egun bizirauteko.

Bide horretan antolatu duzue Harrotze Astea?

GURRUTXAGA: Ezabaketa egunetatik sortu zen ideia. Lehen, ezabaketa egunak eta asteak antolatzen zituen lehen EHEk. Egun horietan, esaterako, kartel bat erdaraz bakarrik baldin bazegoen ezabatu egiten zuten, edo tokiko egoera soziolinguistikoaren arabera bi hizkuntzetan bazegoen, erdaraz zegoena ezabatzen zuten… Horrelako gauzak. Orain, ikuspegia zabaldu nahi izan dugu, eta, ezabaketak egiteaz gain, beste gauza batzuk egiteko aukera eman: pankartak zintzilikatu, bertso afari bat, kontzentrazio bat, kartel bat euskaraz jartzeko eskatu edo indibidualki egin litezkeen bestelako ekintza batzuk. Adibidez, nire lantokian ez badaukat euskaraz zerbait egiteko aukerarik, horren inguruko aldarri bat egitea.

LOZANO: Parte hartu nahi dutenek ez dute zertan EHEko kide izan, eta nahikoa da gurekin harremanetan jartzea. Inteligentzia erabilita eta kasu bakoitzeko egoera kontuan hartuta egingo ditugu ekintzak; ez da gauza bera enpresa handi batean edo komertzio txiki batean salaketa bat egitea, edo Tuteran edo Donostian egitea. Baina egoera bakoitza aztertuta, gu laguntzeko prest gaude.