Korrikak aurten 2.700 kilometro egingo ditu. Milaka pertsonak beteko dituzte kilometroak, pausoz pauso, Euskal Herri osoa zeharkatu arte. Aurtengo aldian ere Gipuzkoako zenbait lekutatik igarota osatuko dute ibilbidea, herrialde osoan euskararen aldarria zabaltzeko. Atzo hasi zen Korrika, Gipuzkoatik, Irundik, eta Baionan amaituko da, hilaren 24an. Helmugara iritsi aurretik, ordea, hainbat aldiz sartuko da berriro Gipuzkoara: hilaren 19an, 20an, 23an eta 24an ere Gipuzkoan zehar ibiliko da, eta hainbat eragile, euskaltegi eta lagun talde prest daude kiroletako zapatilak jantzi eta lekukoari heltzeko.
Txirrita euskaltegia
Tokian tokiko AEK lanean ari da jada Korrikaren etorrera prestatzeko, Gipuzkoa osoko bere euskaltegietan euskara ikasten edo hobetzen ari diren 3.903 ikasleekin elkarlanean. Pasai Antxoko Txirrita euskaltegian, esaterako, gogotsu hartu dute aurtengo aldia, euskaltegiko zuzendari Raul Perezek esan duenez: «Bi urtean behin izaten dugun ekitaldirik garrantzitsuena da». «Ilusio berezia» pizten dio Perezi aurtengo Korrikak, beste inon gertatuko ez den zerbait gertatuko baita Pasaian: 23. aldi honetan, martxoaren 23an igaroko da Korrika handik, noiz-eta 23:00etan: «Hori aurten gurean bakarrik gertatuko da. Gauza bitxia da, eta ilusio handia pizten digu».
Korrika Azpeitian, 2022an. JON URBE / FOKU
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Korrika iritsi baino lehen giroa berotzeko. Otsailaren 29an, Ion Martinez Txiki umoristaren bakarrizketa bat izan zen kultur etxean, eta Pasai Antxon lekukoa eramango duten eragile guztiak batu zituzten taldeko argazkia ateratzeko; hogei eragilek baino gehiagok pasatuko dute lekukoa eskuz esku. Euskaltegikoen artean, bi ikaslek hartuko dute lekukoa, eta zeintzuk izango diren erabakitzeko zozketa antolatu dute martxoaren 20rako. Horrez gain, martxoaren 14tik aurrera tonbola bat jarriko dute martxan, herriko denda eta tabernek emandako opariekin: «Horrek bizitasun handia sortzen du herrian. Ekinaldi xumea da, ez da beste munduko ezer, baina jende guztiak euskaltegia ikustea lortzen dugu».
«Herria hankaz gora dago topoaren lanengatik. Ibilbidearen itxura asko aldatu da azken Korrikatik hona».
RAUL PEREZ Pasaiako Txirrita euskaltegia
Aldi honetako berezitasunetako beste bat ere azpimarratu du Perezek: topoa lurperatzeko lanek inguratuko dute aurten Korrikak Pasai Antxon egingo duen ibilbidea: «Herria hankaz gora dago, topoaren lanak direla eta. Azken Korrikatik hona ibilbidearen itxura asko aldatu da. Ibilbidea ez dugu aldatu behar izan, baina herriak asko sumatu du itxuraldaketa».
Tolosako gazteak Korrikan, 2022. urteko aldian. GOTZON ARANBURU / FOKU
Feel My Way kooperatiba
Ezberdina da Zestoako Feel My Way kooperatibaren kasua, hartako kide Nora Kortaberriak azaldu duenez; bidaia agentzia horrek aurten lehen aldiz parte hartuko du Korrikan: «Korrikari buruz hizketan hasi ginen, eta denoi sekulako ilusioa egiten zigun parte hartzeak. Berandu samar ibili ginenez, lehenengo eta behin galdetu genuen izena emateko garaiz ote genbiltzan, eta diru kontuei begira ere, apustu hori egitea erabaki genuen».
Martxoaren 20an helduko diote lekukoari kooperatibako kideek, 04:00etan, eta, Kortaberriaren arabera, bezpera eta biharamuna «Korrikarako» hartuko dituzte: «Azkenean, kooperatiba txiki bat gara, zazpi lagunekoa, eta denok joango gara Korrikara. Oso garrantzitsua da guztiontzat. Lekukoa txandaka hartuko dugu, denok daukagu-eta Korrikaren parte izateko ilusio hori».
«Korrikari buruz hizketan hasi ginen, eta denoi sekulako ilusioa egiten zigun parte hartzeak».
NORA KORTABERRIA Zestoako Feel My Way kooperatiba
Kortaberriak esan du «kooperatibaren izaeraren parte» direla Korrika eta halako ekinaldiak: «Kooperatiba euskaldun bat gara. Lau gazte ekintzaileren artean sortu genuen, eta hasieratik Euskal Herrian egin dugu lan, atzerrirako bidaiak antolatzen ditugun arren hemengo nerabeentzat. Euskaraz egiten ditugun bidaia horiekin nolabait eragitea da gure helburua, eta euskararen arloan ere bai, uste baitugu arlo honetan ere euskaraz lan egin daitekeela».
Ostadar Saiarre kirol taldea
Lasarte-Oriako Ostadar Saiarre kirol taldeak martxoaren 19an hartuko du lekukoa, 22:10ean. Taldearentzat ez da gauza berria, 1989tik baitaramate Korrikan parte hartzen. Hala ere, aurtengo aldiak izango du berezitasunik: adinekoen ibilketa nordikoko taldeak hamar urte beteko ditu, eta haiek eramango dute lekukoa, Ostadar Saiarre kirol taldeko Itziar Carrascok esan duenez: «Ibilketa nordikoko taldeko guztien artean eramango dute, baina, bereziki, Rosa Ormazabalek hartuko du protagonismoa, hura izan baitzen taldearen sortzaileetako bat».
Kirol talde bat izan arren, beti «euskara sustatzen» ahalegindu direla adierazi du Carrascok. «Iruditzen zaigu herri mugimendua eta elkarlana sustatu behar direla, eta, kasu honetan, AEK-k transmititzen dituen balioen alde egin nahi dugu».
Korrikaren ibilbidea Gipuzkoan. BERRIA