Goizeko bederatziak puntuan direla iritsi da kazetaria Andoaingo Goikoplaza plazara. Ordu horretantxe agertu dira bost emakume, izerditako urdin berdina jarrita. Andoaingo eskubaloi taldeko jokalari ohiak dira ia denak. Urte batzuk badira eskubaloia utzi zutela, baina klubari atxikita daude oraindik ere; bostek dute egun arduraren bat klubean. Iritsi bezain pronto hasi dira aurrera begira egin beharrekoez hizketan. Izan ere, ekitaldi garrantzitsu bat dute gaur herrian, Bastero kulturgunean. Zuengatik gara izenburupean, Leizarango jokalari ohien eta egungo jokalarien arteko topaketa bat egingo dute, 18:30ean.
«Oso berezia izango dela uste dugu». Hala uste du Olatz Olmedok, gaur egun entrenatzaile lanetan ari denak. «Noizbait klubaren parte izan zirenak eta egun oraindik bagarenak batzea nahiko genuke. Ilusio handia egiten digu». Dokumental bat proiektatuko dute lehen-lehenik. Iazko urtarrilaren 7an antolatu zuten partida «berezi» bateko irudiak jasotzen ditu dokumentalak. «Ospakizun handia antolatu genuen egun hartan: Leizaran eskubaloi taldean noiz edo noiz jokatu duten emakumeak jarri genituen Allurralde kiroldegiko zelaian, eta egungo senior kategoriako nesken aurka jokatu zuten». Olmedoren hitzetan, lepo zegoen harmaila, eta «oso giro berezia» sortu zela esan du. «Ez dugu sekula ikusi harmaila hain beterik».
Partida horri neurria hartzeko, baina, entrenamenduak antolatu zituzten aurretik. «Entrenamenduetan atera ziren eskubaloian aspaldi jokatu gabeak ziren emakume horien segurtasunik ezak. Orduan jokalari onak zirenek pentsatzen zuten: ‘Asmatuko al dut lehen egiten nuen bezala egiten?’. Tentsio une horiek ere oso politak izan ziren». Hain justu, momentu horiek non eta nola gordeko pentsatzen ari zirela, entrenamenduak eta partida bera filmatzea ontzat jo zuten, eta irudiak bata bestearen atzetik josita ondu dute gaur emango duten dokumentala. «Uste dugu polita izango dela egun hori denok elkarrekin gogoratzea, erakutsiko baitu etenik ez duen hari bat dela gure kluba. Ez da pelikula bat izango, baina ditugun baldintzekin sortutako dokumental bat izango da».
«Noizbait klubaren parte izan zirenak eta egun oraindik bagarenak batzea nahiko genuke. Ilusio handia egiten digu».
OLATZ OLMEDO Andoaingo Leizaran eskubaloi taldeko jokalari ohia
Dokumentala proiektatu ondotik, mahai inguru bat egingo dute. Eskubaloiari lotutako hiru emakumek hartuko dute parte solasaldian: Reyes Carrere Bera Bera taldeko jokalari eta entrenatzaile ohiak, Patri Pinedo Bera Bera eta Itxako taldeetako jokalari ohiak, eta Toñi Lopez Leizaraneko jokalari eta entrenatzaile ohiak. Ainara Arratibel BERRIAko Kirola saileko kazetaria arituko da moderatzaile lanetan. Arratibelek esan du eskubaloiaz arituko direla oro har, baina emakumezkoen eskubaloian jarriko dute arreta. Hala, lehenago izan zena, orain dena eta etorkizunean izango dena izango dute mintzagai.
Leizaran eskubaloi taldeko emakumezko jokalari ohiak eta egungo jokalariak, elkarren aurkako partida jokatu aurretik, Andoaingo Allurralde kiroldegian, iazko urtarrilaren 7an. AIURRI
Klubarekiko sentimendua
«Familia bat». Horixe da Leizaran eskubaloi taldea bertako lehendakari Eva Gutierrezentzat. Ez da sekula eskubaloian aritu, eskola garaian salbu. Toñi Lopezekin batera, gizonezkoen senior taldea entrenatu zuen klubeko lehen emakumea izan zen. «Txiripaz sartu nintzen, eta poz-pozik nago orain. Ezagutzea merezi duen jende askoz inguratuta nago», esan du Gutierrezek. Hain zuzen ere, Leizarango jokalari ohi asko dira inguruan dauzkanak. «Klubaren alde egiten dugu lan. Guk asko ematen diogu klubari, baina klubak ere asko ematen digu guri».
Bat dator harekin Jaione Lacalle jokalari ohia. 14 urte zituela hasi zen Leizarango eskubaloi taldean, eta utzi behar izatea «asko kostatu» zitzaiola dio. «Droga baten antzeko zerbait zen, eskubaloia utzi nuenean ezinezkoa baitzitzaidan kiroldegira agertzea bera ere. Urteak igaro nituen kiroldegia zapaldu ere egin gabe. Dolu fase bat da, eta pasatu egin behar da». Lacalle aspalditik ari da kirol batzordean lanean, eta, dioenez, «lan handia» eskatzen du horrelako klub baten alde jarduteak, baina «gustu handiz» egiten dute: «Sentimendu hutsez egiten dugun zerbait bihurtu da azkenerako klubean egiten dugun lana. Umetatik egon gara klub honi lotuta, gure sentitzen dugun zerbait da. Beraz, barrutik ateratzen zaigu kluba aurrera eramateko lan egitea».
«Klubaren alde egiten dugu lan; guk asko eman diogu klubari, baina klubak ere asko ematen digu guri».
EVA GUTIERREZ Andoaingo Leizaran eskubaloi taldeko lehendakaria
Eskubaloiari «ordu asko» eskainitakoa da Idoia Colomo ere. 13 urterekin hasi zen eskubaloian, atezain gisa. 25 urte bete zituen arte jardun zen jokatzen. Lesio batek zapuztu zion, baina, grina; izan ere, meniskoa eta lotailu gurutzatua hautsi zituen. Entrenatzaile aritu da ordutik, eta kategoria desberdineko atezainak entrenatzen ditu orain. Jokatu zuen iazko urtarrilaren 7ko «partida gogoangarri» hura, eta, «nerbioak dantzan» zituen arren, «ederra» izan zela dio. «Begira zeinen lotura estuak sor ditzakeen kirol batek: geroz eta jokalari gehiago ditugu, eta entrenatzeko tokirik ere ez dugu izaten batzuetan».
Leizaran eskubaloi klubeko emakumezkoen taldea, 1981. urtean, Andoainen. HITZA
Denek pasatzen dituzte «ordu mordoa» kiroldegian. Klubeko kudeaketa edo entrenatzaile lanez harago, partidak ikustera ere joaten dira asteburuetan. Hala ibiltzen da Esther Imaz ere, klubeko komunikazio taldeko kidea. Esan duenez, eskubaloiarekiko zein klubarekiko duen zaletasuna sustatu nahi izan zien etxekoei: «Barruan daramagun zerbait da eskubaloia, eta barruan daramagun hori erakutsi nahi nien etxekoei. Uste dut jokalari ohiak garen gehienok ditugula seme-alabak edo familiakoren bat klubean». Baietz diote gainontzekoek, barrez. «Begira, guk lehia txiki bat daukagu etxean», esan du Lacallek: «Lau seme ditut nik, eta horietatik bi eskubaloian aritzen dira, Leizaranen, eta beste bi, futbolean».
Harreman sarea
Irriz diote etxekoak eskubaloia egitera bideratzearena. Olmedok dio «oso garrantzitsua» dela transmisioa gauzatzea: «Ez dugu hari hau puskatzerik nahi, inola ere; horregatik uste dugu dela horren garrantzitsua lanean jarraitzea eta kluba osatzen dugun guztion arteko lotura sustatzea». Hain zuzen, gaurkoa sarea indartzeko egun bat izan dadila dute denek desio. «Gustatuko litzaigukeena da denok elkartzea, jokalari ohiak eta egungoak. Partida historiko hura gogoratzeaz gain, elkarren arteko harremanak estutzeko egun bat izango da. Horretarako bidea ematen du eskubaloiak».
«Barruan daramagun zerbait da eskubaloia, eta barruan daramagun hori erakutsi nahi nien etxekoei».
ESTHER IMAZ Andoaingo Leizaran eskubaloi taldeko jokalari ohia
Eskubaloiarekiko interesik txikiena duena ere animatu dute ekitaldira joatera. «Interesgarria izango da entrenatzaile eta jokalari ohi izandakoen arteko elkarrizketa entzutea; nola bizi izan zuten eurek beste garai batean, eta nola ikusten duten egungo eskubaloia».