Inklusioa modan dago. Horren erakusle da, Dar-dar gizarte ekimeneko kooperatibaren Arteria proiektuak antolatuta, martxoaren 9ko iluntzean Beasainen egin zuten desfilea. Gernika pasealekuko frontoi estalia txiki gelditu zen Beasaingo Andramendi ikastolako ikasleek jositako jantziak ikusteko. Urretxuko Leire Santillan jostuna izan zuten irakasle, eta modelo lanetan askotariko kultura, erlijio, gaitasun fisiko eta adinetako pertsonak aritu ziren. GModa, gure moda, guztion moda izena jarri diote desfileari.
Proiektuko kide Iker Zinkunegik ontzat jo du egun horretan bizitakoa. «Gu Dar-dar gizarte ekimeneko kooperatiba bat gara. Positiboa da egin dugun balorazioa. Baina, batez ere, parte hartu duten eragileen balorazioa izan da positiboa». Modelo lanetan aritu ziren lagunak ere gustura geratu ziren martxoaren 9ko desfilean egindakoarekin. Maider Bartolome arte gorputz heziketa irakasleak kontatu du «terapia zoragarria» izan dela.
Dar-dar gizarte ekimen kooperatibak gizarte berrikuntza bermatzeko helburuarekin sortutako proiektua da Arteria. «Hainbat eragilez, erakundez eta herritarrez osatutako ekosistema bat da», esan du Zinkunegik. Proiektuaren xede nagusia da giza eskubideak bermatzea, kultur kudeaketa parte hartzailearen metodologia eta ikuspegi inklusiboa uztartuz gizarte berrikuntza sustatzea. Errizoma da martxan duten lan ildoetako bat. «Ezagutzak partekatuz eta elkarrekin hausnartuz, errealitateak eskaintzen dizkigun erronkak hautematen ditugu. Adibidez, gizartean dauden arrakala desberdinak, inklusio falta… Horiei aurre egiteko estrategiak definitu eta egitasmo desberdinak antolatzen ditugu». Hala, duela bi urte, Egoera zaurgarrian dauden pertsonen parte hartzea kulturan izeneko ikerketa jarri zuten abian.
«Balorazioa oso positiboa izan da, baina, batez ere, parte hartu duten eragileen balorazioa izan da positiboa».
IKER ZINKUNEGI Arteria proiektuko kidea
Parte hartzeko prozesu bat abiatu zuten, ikerketan jasotako ondorioei modu komunitarioan erantzuteko. Zumarragan eta Ordizian bildu ziren. Gizarte eragileak elkartu ziren aurrena, eta bilkura horietan identifikatutako interesetara sortzaileak batu ziren gero.
Martxoaren 9an Beasainen egin zuten desfilearen irudi bat. HITZA
Adibidez, Atzegiko erabiltzaile batek azaldu zuen modelo izatea gustatuko litzaiokeela, eta Legazpiko eta Ordiziako Garaguneetako erabiltzaileek ere adierazi zuten modarekiko interesa. Horri tiraka, Santillan diseinatzaile eta jostuna batu zen proiektura, eta, hari esker, Beasaingo Andramendi ikastolako ia 30 lagunek josi dituzte jantziak. Neurrira egin dituzte jantziok, patroiak egiteko garaian bertan izan baitziren modeloak. Desfilea sustatzeko Goierriko ehun eragile inguruk jardun dute elkarrekin; besteak beste, Lagunkiro giza boluntariotzarako elkarteak, Ordizia Kolorek, Garaguneak eta Goienetxe fundazioak.
«Potentzialitate handia»
Zinkunegiren hitzetan, «potentzialitate handia» ikusi zioten proiektuari hasieratik, modaren munduak ezartzen dituen patroiengatik. «Ez dugu ahaztu behar modaren munduak patroi ezberdinak indartzen eta inposatzen dituela: forma jakin batzuk dituzten gorputzak, gaitasun jakin batzuk dituztenak… Edertasun jakin batzuk inposatzen ditu gizartean, eta guk uste dugu balio horiez harago aniztasun aldarrikatu behar dela». Hala, parte hartzaileen artean izan den aniztasunari garrantzia eman dio. «Gizartean dagoen aniztasuna presente dago proiektuan, eta modaren moduko esparru esklusibo batean aldarrikatzen da».
«Modaren munduak patroi ezberdinak indartzen eta inposatzen ditu, eta guk uste dugu balio horiez harago aniztasun aldarrikatu behar dela».
IKER ZINKUNEGI Arteria proiektuko kidea
Giza eskubideen aldarrikapenaren 27. artikulua ekarri dute gogora Arteriako kideek. Artikulu horren arabera, pertsona guztiek dute kultur ekintzetan parte hartzeko eskubidea: artearekin gozatzeko eta zientzia aurrerapenetan parte hartzeko, eta baita horrek dakartzan irabazietan ere. Zinkunegik uste du, ordea, errealitatean ez dela betetzen artikulu horrek dioena. «Argi ikusten dugu pertsona estilo jakin bat dagoela, publikoan zein taula gainean». Eskubide hori aldarrikatzeko, gizartean dagoen aniztasuna kultur jardueretan islatzeko eta inklusioa sustatzeko ari dira lanean.
Beasaingo moda desfilearen arrakastaren ondotik, Ordizian ere egingo dute. Oraindik ez dago erabakita, dena den, noiz izango den. Gainera, Zinkunegiren arabera, Arteriak beste lau proiektu dauzka abian, Egoera zaurgarrian dauden pertsonen parte hartzea kulturan ikerketa lanaren harira.