Ordu erdi batez Erdi Arora bidaiatu nahi duenak, Zestoako Lili jauregian izango du horretarako aukera. Martxoaren 9an ekin zioten bisita antzeztuen aurtengo denboraldiari, eta abenduaren 15a bitartean asteburuero eta hainbat jaiegunetan irekiko dituzte jauregiko ateak bisitarientzat. Andre Madalenek erakutsiko die bertaratutakoei jauregia. Aurten, bi lagun ariko dira Andre Madalenen rola interpretatzen: Inma Koiote eta Maialen Kortadi.
2013an hasi ziren Lili jauregian bisita antzeztuak egiten, eta Kortadik hasiera-hasieratik parte hartu du proiektuan. «Gogoan dut nola joan ginen lehenengoz jauregia ikustera, artean bisitarien aurrean egingo genuen bakarrizketa sortu gabe geneukala; gero jantzia erakutsi ziguten, harekin ibiltzen ikasi genuen…», esan du. Garai hartan Zestoako Interpretazio Eskolan ibiltzen zen Kortadi, eta bertan zegoela sortu zitzaion Andre Madalenen rola interpretatzeko aukera.
Koioteri ere halaxe suertatu zitzaion aukera, 2019an. «Andre Madalenena egiten zutenetako batek utzi egin zuen jarduna, eta haren lekua hartu nahi genuenoi hautaproba egin ziguten. Hiru aurkeztu ginen, eta ni aukeratu ninduten. Orduan lau Andre Madalen ginen; orain, berriz, bi gara: Maialen eta biok».
«Plazer handia ematen dit Andre Madalenena egiteak; ohorea da herrian horrelako emakume bat izan, eta haren azalean jartzea».
MAIALEN KORTADI Antzezlea
Aurtengo denboraldian, lau asteburutatik hirutan Koiotek egingo du Andre Madalenena, eta gainontzekoa, Kortadik. Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean prestatzen ari da Koiote, eta Andre Madalenen rolean aritzea «sekulako eskola» dela adierazi du. Halatsu bizi du Kortadik ere, baina egun «bizitzako beste une batean» dagoela dio: «Ama izan nintzenetik asteburuetako lotura hori askatu dut pixka bat, baina eutsi egin nahi diot, oso lan erakargarria iruditzen zaidalako. Plazer handia ematen dit Andre Madalenena egiteak; ohorea da herrian horrelako emakume bat izan, eta minutu batzuez haren azalean jartzea». Gainera, «oso lan eskertua» dela adierazi du Kortadik. «Bisitariak, oro har, oso esker onekoak izaten dira eta lore asko jasotzen ditugu».
Ikusteko asko
Lili jauregiko atea gurutzatzearekin batera, denboran atzera jauzia egingo dute bisitariek; 1678. urtera, hain zuzen. Han bizi diren azken lilitarrak dira Andre Madalen –Magdalena Amilibia du izena– eta haren senarra –Sebastian de Lili–. Senarrak denboraldi luzeak egiten ditu kanpoan, eta Andre Madalenek bakarrik gobernatzen du jauregia. Traizio barkaezina egin diote, ordea, eta jauregiko langile guztiak kaleratu ditu hori dela eta. Zerbitzua osatuko duten langile berriak behar ditu, eta konfiantzazko zerbitzari bat bidali du horien bila. Zerbitzari horrek txanpon bana emango die zerbitzura sartuko den langile posible bakoitzari, Andre Madaleni erakutsi eta hark konfiantzazko langile gisa identifika ditzan. Horrenbestez, bisitariek ere txanpona eskuetan dutela joan beharko dute jauregira, bestela Andre Madalenek ez baitie barrura sartzen lagako.
Inma Koiote, aurten, Andre Madalenen rolean, Zestoako Lili jauregian. IÑAKI PEÑALBA
Hortik aurrera, Lilitarren ohorea obraren parte izango dira bisitariak. «Benetako gertaera bat kontatzen du obrak, egoera historiko bat deskribatzen du», azaldu du Koiotek. «Andre Madalenek bere sentimenduak askatzen dituen bitartean, espazioz espazio jauregia erakutsiz joago da. Jauregiko altzari guztiak garai hartakoak dira, eta horietako asko, jauregian bertan egondakoak».
«Andre Madalenek bere sentimenduak askatzen dituen bitartean, bisitariei jauregia erakusten joango da, espazioz espazio».
INMA KOIOTE Antzezlea
Ikustea merezi duela diote biek. Abenduaren 15era bitartean, larunbatero eta igandero izango du nahi duen orok Zestoako jauregia bisitatzeko aukera. Larunbatetan, 17:30ean antzeztuko dute Liliren ohorea euskaraz, eta igandeetan, 12:30ean — ordubete lehenago gazteleraz ikusteko aukera izango da—. Asteburuetan ez ezik, hainbat jaiegunetan ere irekiko dute jauregia. Aste Santuan, esaterako, ostegunean arratsaldez eta ostiralean goizez; eta maiatzaren 1ean, uztailaren 25ean, abuztuaren 15ean, azaroaren 1ean eta abenduaren 6an, goizez.
Bisita antzeztu bakoitzerako bisitari kopurua mugatua izango da, eta sarrerak aurrez erostea gomendatzen dute antolatzaileek. Denboraldi osoko sarrerak eros daitezke dagoeneko Ekainberri.eus/eu webean: 7 euroren truke sarrera orokorrak, eta 6 euroren truke murriztuak.