Luzea egin zaie itxaronaldia Gipuzkoako bertsozaleei; ohi baino luzeagoa, eta tartean pandemia batekin, gainera. Baina bost urteren ondoren, berriro Gipuzkoako plazak beteko ditu bertso txapelketak. COVID-19ak Euskal Herriko txapelketa atzeratzea eragin zuen, eta horrek, era berean, Gipuzkoakoa urtebete berandutu zuen. Indartsu bueltatuko da, ordea: 76 bertsolarik kantatuko dute denera, hogei saiotan. Eskolarteko txapelketa eta Gelatik Plazara ekimena ere jarri dituzte martxan, eta, beraz, bertsolari ugari aterako dira jendaurrera udaberri honetan, gazteenetatik zaharrenetara.
«Guretzako oso txapelketa berezia izango da aurtengoa», esan du Mikel Artola Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak. «Uste dugu, gainera, Gipuzkoako bertso mugimenduak behar duela ondo eta mimoz antolatutako txapelketa bat». Elkartea buru-belarri dabil azken prestalanetan; izan ere, maiatzaren 4an hasiko da lehenengo fasea. Bi fase nagusi izango ditu lehiaketak: batetik, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea jokatuko da, maiatzaren 4tik 26ra; bestetik, Gipuzkoako Txapelketa izango da, irailaren 14a eta abenduaren 14a bitartean. Gipuzkoa Bertsotan egitasmoan parte hartzeko izena eman duten bertsolarietatik puntu gehien bildutako 34 bertsolarik izango dute udazkenean txapelketan parte hartzeko aukera. Aurten, gainera, maiatzeko sailkapen fasea bi itzulitan egingo dute: hamabi saio lehen fasean, eta zortzi bigarrenean.
«Militatzeko moduak eta jendearen parte hartzeko moduak aldatzen ari dira, eta horrek bertsolaritzan badu isla».
MIKEL ARTOLA Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kidea
Herrialdeko bertsolaritzari bultzada bat ematea da txapelketaren helburuetako bat. Artolaren esanetan, COVID-19ak eragindako geldialdiaren ondoren «errekuperazio fase batean» daude: «Azken bi urteetan asko errekuperatu dira saioak, eta goranzko joera bat izan dute. Baina perspektiba handiagoarekin begiratuta, ikus dezakegu geldialdi moduko bat dagoela pandemiaren aurreko datuekin alderatuta. Bertso eskoletan eta bertso mugimenduan, oro har, gauza bera gertatu da. Ez dugu esango beheranzko joera nabarmen bat egon dela, baina bai geldialdi txiki bat».
Gipuzkoako Bersolari Txapelketako saio bat, Donostian, 2019an. GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Horrez gain, bere burua «berrasmatzeko» beharra ikusten du Bertsozale Elkarteak, Artolak esan duenez: «Militatzeko moduak eta jendearen parte hartzeko moduak aldatzen ari dira, eta horrek bertsolaritzan badu isla. Bertso mugimenduaren aktibazioa izango da txapelketaren helburu nagusietako bat». Komunitatea indartzera begira, txapelketako saio bakoitzaren ondoren aisialdirako espazioak ere antolatu dituzte; afariak eta meriendak, besteak beste.
Gazteak, plazara
Belaunaldirik gazteenen artean ere ikusi dute geldialdia elkartekoek. Hezkuntza arautuan ematen dituzten bertso klaseek arrakasta izan ohi dute —150 ikastetxetan 11.473 ikasleri ematen dizkiete klaseak—, baina bertso eskoletan belaunaldirik gazteenak erakartzeko «zailtasunak» daude. Haur eta gaztetxoen bertso eskolak suspertzeko, plazan aritzeko aukera luzatu du elkarteak, Gelatik Plazara egitasmoaren bidez. «Gelatik Plazara ekimeneko saioak bailaraz bailara antolatzen dira, 14 urtera arteko kideekin», esan du Mirari Sagarzazu elkarteko kide eta egitasmoaren arduradunak.
«Gelatik Plazarako saioak bailaraz bailara antolatzen dira dira, 14 urtera arteko kideekin».
MIRARI SAGARZAZU Gelatik Plazara egitasmoko kidea
Gipuzkoako bertso eskoletako ikasleek hartzen dute parte ekinbidean, eta aurten zortzi haranetan egingo da. Bakoitzetik talde bat aukeratuko dute gero, gainontzeko haranetako ikasleen aurka finala jokatzeko. Hala ere, Sagarzazuk nabarmendu du egitasmoaren helburua ez dela «lehia», baizik eta gaztetxoak jendaurrean «eroso» agertzea eta ikasturtean eskolan egindakoa «plazara ateratzea». Horrez gain, garrantzi berezia eman dio udalerrietako bertso eskoletako kideek elkar ezagutzeari. Sagarzazuk esan duenez, ekinbidea iaz antolatu zuten lehenengo aldiz, eta arrakasta izan zuen; aurten ikasle gehiagok eman dute izena.
«Garrantzitsua da eskolarteko ekimenak martxan jartzea, transmisioa bermatu dadin».
LIERNI REKONDO Eskolarteko Txapelketaren arduraduna
Eskolarteko Txapelketa ere antolatu dute gaztetxoei begira, baina, kasu horretan, ikastetxeetan bertsolaritza eskolak jasotzen dituzten gazteek hartzen dute parte. Gaur jokatuko da finala, Oiartzunen, eta Lierni Rekondo eskolartekoaren arduradunak balorazio «oso positiboa» egin du: «Azken urteetan izena eman duten gazteen kopurua mantendu da, eta 22 bertsolari arituko dira lehian. Gogotsu daudela ikusten da, eta inoiz baino ikusle gehiago izan da aurten».
Rekondok azaldu du elkarteak egindako lanak «fruituak» eman dituela, eta garrantzitsua dela gazteengan indarra jartzen jarraitzea: «Beste kultur adierazpenetan transmisioa eteteko arriskua dagoen bezala, gurean ere badago. Garrantzitsua da horrelako ekimenak martxan jartzea, transmisioa berma dadin». Elkarteak asialdirako aukera ere eskaini nahi die bertsolari gazteei, eta eskolarteko finala asteburu-pasa batekin bukatuko da aurten.
Aurtengo Eskolarteko Txapelketa, Legazpin egin zen fasean. GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Egitasmo eta txapelketa guztiek, Gipuzkoako bertsolaritzak dauzkan bi erronkei erantzuten diete: herrialdeko bertsolarien plazaratzea eta bertso eskolak indartzea. «Horiek dira oraintxe mahai gainean dauzkagun erronkak. Elkarteak bertsolariak taula gainen jartzeko nola lagundu dezakeen ikustea eta Gipuzkoan hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzen duten 11.000 ikasle daudela kontuan hartuta, indar hori bertso eskoletan islatzea», bukatu du Artolak.