Ezagutarazteko eta berreskuratzeko ekimenak ez ezik, eztabaidak ere pizten ditu batzuetan hitanoak. Horren isla da Xabier Euzkitzek duela gutxi Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaraturako iritzi zutabe bat: To eta no (2024.3.10). Irati Jimenezek Begiak zabalduko zaizkizue liburuan (Elkar, 2021) hitanoak euskal literaturan duen eta, batez ere, izan beharko lukeen zereginaz idatzitakoaren kritika egiten du Euzkitzek. Jimenezek X sare sozialean erantzun dio, baina, tamalez, nik dakidala behintzat, eztabaida ez da ziega estu eta itogarri horretatik atera.
Laburbilduz, eta inoren iritzia azaltzeak dituen arriskuak neureganatuz, esango dut Jimenezek dioela kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean logikoena dela nobeletako eta ipuinetako pertsonaiek zuka hitz egitea, euskaldunen artean gutxi direlako hitanoa normaltasunez darabiltenak. Euzkitzeren ustez, ordea, hitanoaren erabilera ez da hain murritza, eta hitanoaren erabilerak Jimenezen planteamenduan baino normalago izan eta zabalduago egon behar luke.
Jimenezek idatziz adierazitako iritzi hori baino erradikalagoak ere entzun izan dizkiot beste idazle batzuei ere, eta uste dut erraza dela iritzi horien atzean dagoen logika ulertzea. Baina Euzkitzeren ikusmoldea ere ulergarria da, hitanoa bere-berea duelako eta bizi-bizi sentitu duelako bere inguruan, ez bakarrik jaioterrian eta egungo bizilekuan, baita Gipuzkoatik kanpo ere.
Ez daukat, beraz, iritzi finkorik.
Txikitatik ezagutu dut inguruan hitanoa. Zortekoa naizela esan daiteke, altxor
handia delako, baina alderdi negatiborik ere badu ustezko zorte on horrek.
Euzkitzek bezala, nik ere txikitatik ezagutu dut inguruan hitanoa, eta gazte nintzela normaltasunez erabiltzen hasi nintzen neure adin bertsuko mutilekin. Zortekoa naizela esan daiteke, altxor handia delako hitanoa, baina alderdi negatiborik ere badu ustezko zorte on horrek. Batetik, lehendik izan nitzakeen zalantzei beste bat gehitu izan die beti: euskaraz edo erdaraz egin erabaki ondoren, eta herriko euskaran edo batuan egin erabaki ondoren, azken erabaki bat artean ere: hika ala zuka? Normalean, erabakia solaskidearen esku uzten saiatzen naiz, baina partida hori irabaztea ez da beti erraza izaten. Bestetik, askoz errazagoa egiten dut hitanoa gizonezkoekin emakumeekin baino, eta, nahi gabe ere, hitanoak handitu egiten ditu genero-eraikuntzak zabaltzen dituen arrakalak, emakumeak ate
ondoan uzten dituen anaitasun giro (misogino samar?) bat sortuta.
Erabilera kontziente batekin gaindituko nituzke agian aje horiek, baina horrela hitz egiteak hitz egiteko gogoa kentzen dit. Ez naiz bakarra. Semeari normaltasun osoz hika hitz egiten dion baina alabari, saiatuta ere, noka ezin hitz egin izaten dion amaren kasua lekuko. Hizkuntza bat edo hizketa molde bat ondo ezagutzea ez da nahikoa hizkuntza edo hizketa-molde horretan noiznahi nornahirekin eroso aritzeko.
Irtenbidea? Betikoa: plan nazional sendo bat, euskararen erresonantzia-kaxa, gutxienez, erdararen pareraino irits dadin, hitanoaren pedagogia ere landuz (teoria ez da konplikatua, ordubetean ikasten da mekanika osoa), bereziki praktikaren bidez… Euskararen normalizazioa baino utopia are utopikoagoa. Hitanoak euskararen arazo bera baitauka funtsean, baina, gutxi gorabehera, ehun bider handiagoa.
Ezer gutxi dakit Son Gokuri buruz, baina nik hark erakutsi zuen indarra biderkatzearen alde egingo nuke, beranduegi ez delako esperantzan.
Bueno, berez, biderkatu dute, baina zerorekin.