Herri txiki bat, reggaearen hiriburu

Herri txiki bat, reggaearen hiriburu

Duela hamarkada bat baino gehiago, reggae eta rap musika zalez osatutako legorretar kuadrilla batek Revolutionary Brothers taldearen kontzertua antolatu zuen herriko gazte festen barruan. Itxura batean kontzertu soil bat zenak, jaialdia bilakatua gero, Legoreggae izena du gaur egun. Garapenak ez du etenik izan ordutik, nazioarteko jaialdi izateraino. Gaur izango da 9. aldia, eta, antolatzaileen hitzetan, Euskal Herriko zein nazioarteko «punta-puntako artistak» igoko dira Legorretako Harripila kiroldegiko oholtzara: Samory I & Mortimer Meets Tippy I, The Titanians, Steady Rockets, Lilibat Sound eta Marabiyak Sound taldeak.

Iñigo Etxeberria antolakuntzako kideak esan du «oso gustura» daudela aurtengo egitarauarekin. «Samory I eta Mortimer reggae eszenan mundu mailako izena duten bikotea dira. Sekulakoa da horrelako artistak Legorreta bezalako herri txiki batean entzun ahal izatea». Samoryk iaz kaleratu zuen bakarkako lehen diskoa, eta Mortimerrek urtarrilean argitaratu zuen Slowly singlea. Europan zehar aurkezpen bira egiten ari dira orain. Tippy I artista gehitu zaie bidean, eta hirukotea osatu dute. Live Dub Show formatuan arituko dira gaur Legorretan. Samoryk eta Mortimerrek bakarka abestuko dute, Tippyk sortutako doinuen gainean. Azken egunetan Erresuma Batuan izan dira, eta «hurbil» zeudela probestuta, amua bota zieten Legoreggaeko antolatzaileek. «9. aldia izanda, badugu zer erakutsi. Aurreko aldietan artista handiak etorri dira, ezagunak, eta beti da errazagoa halako taldeek jo duten jaialdietara etortzea, nahiz eta ez jakin Legorreta inon dagoenik ere».

Legoreggae jaialdiaren antolatzaileak, asteon, Legorretan. Goian, eskubitik hasita bigarrena, Iñigo Etxeberria. HITZA

Bat dator antolakuntzako kidearekin Iñaki Agirre Legorretako alkatea. Haren ustez, «bizia ematen dio» herriari halako jaialdi batek: «Legorreta erreferentzia puntu bilakatzen da horrelako jaialdi bat antolatuta, eta gure tamainako herri batean horrek oso eragin positiboa dauka». Egun «potentea» dela izan ohi dela dio; eta, aurten, gainera, Korrika Legorretatik pasatuko den egun berean izango dela nabarmendu du.

«Badugu zer erakutsi eta errazagoa da taldeak etortzea, nahiz eta ez jakin Legorreta dagoenik ere».
IÑIGO ETXEBERRIA Legoreggae jaialdiko antolatzailea

«Lagun talde bat gara». Hala deskribatu du Etxeberriak Legoreggae jaialdiaren antolaketaz arduratzen den taldea. Azken urteetan jende berria gehitu zaiela esan du, eta, hortaz, zortzi lagun dira, denera. Legorretarrak dira denak, eta gehienak, gizonezkoak. «Saiatzen gara herriko neskak ere erakartzen». Egunean bertan, muntaketa lanetarako herritar askoren laguntza izaten dute, baita bestelako lanetan ere. «Herri txikiek duten alderik onenetako bat da denok ezagutzen dugula elkar, eta zerbait antolatzen denean elkarri laguntzeko prest egoten garela. Elkarlana ohikoa da Legorretan», esan du antolakuntzako kideak. Alkateak zortetzat du herrian horrelako talde bat edukitzea: «Antolaketa talde on bat dago, lan gehiena haiek egiten dute, baina udalari ere eragiten dio. Gustura egiten den lana da».

Neskak, oholtzan

Lilibat Sound Irungo taldea izango da gaur oholtzara igoko direnetako bat. Hiru artistak osatzen dute Lilibat Sound, emakumeak hirurak: Sustrai Sisterrek, Ametsek eta Garazik. «Reggae musika egitea gustatzen zaigulako eta bete egiten gaituelako hasi ginen honetan, baina egia da emakumezko erreferenterik ez genuela, eta geure buruari esan genion zerbait egin behar genuela horren aurrean», azaldu du taldeko Sustrai Sisterrek. Haren ustetan, emakumeak ari dira oholtzetan tokia hartzen, «pixkanaka» bada ere. Arrakasta duen taldea da Lilibat Sound; izan ere, toki askotan izan dira jotzen. «Urte hau hasi denetik, pare bat bira izan ditugu hilabetero».

«Legorreta erreferentzia puntua bilakatzen da eta gure tamainako herri batean horrek oso eragin positiboa dauka».
IÑAKI AGIRRE Legorretako alkatea

Sustrai Sisterrek uste du reggaea geroz eta oihartzun handiagoa hartzen ari dela. «Agian, beste musika mota batzuk gehiago entzungo dira, baina asteburuero dago reggae musika entzuteko edo kontzertu batera joateko aukera. Gipuzkoan, behintzat, badago eskaintza». Hark dioenez, «pozik» hartu zuten Legorregae jaialdian parte hartzeko deia. «Sekulako giroa egoten da jaialdian. Gustuko ditugun artistak egongo dira bertan, baita gure lagunak ere, oso ondo antolatuta dago, eta emakumeontzako espazio segurua da». Abesti originalak jarriko dituztela jakinarazi du Lilibat Sound taldeko kideak, eta kantu horien gainean inprobisatuko dute kantuz Garazik eta Ametsek, ahotsarekin eta zeharkako txirularekin. «Reggae munduaren hasieran, Ingalaterran eta Jamaikan egiten zen formatu antzekoa da. Ez da ohiko kontzertu bat izango».

Lilibat Sound hirukotea, urtarrilean, Hondarribiko Psilocybenea aretoan. HITZA

Etxeberriak aitortu du reggae musikak «geroz eta presentzia handiagoa» duela jaialdietan, eta taldeak ere ugaritzen ari direla. Gainera, esan du ez dela erraza gisa horretako musika egitea: «Reggae talde batek instrumentu asko ditu, eta, hortaz, musikari asko behar dira. Baina urtero sortzen da talde berriren bat». Eskaintza mugatua egonagatik ere, jaialdiak euskararen alde egiten du apustu urtero. «Euskara eremu txikia da, eta musika eszena ere mugatua da, baina beti saiatzen gara euskarari merezi duen tokia egiten jaialdian».

«Egia da emakumezko erreferenterik ez genuela, eta geure buruari esan genion zerbait egin behar genuela horren aurrean».
SUSTRAI SISTER Lilibat Sound taldeko kidea

Bizkaiko Steady Rockets taldea ere Legorretako oholtzan izango da gaur. Dozena bat lagunez osatutako taldea da, eta reggae, ska eta rocksteady doinuak jotzen dituzte. Iazko jaialdian jotzekoak ziren, baina azken orduko arazo bat zela medio, ezin izan zuten eman kontzertua. Iruñeko The Titanians izango egitaraua osatuko duen beste talde bat. Reggae roots doinuak sortzen ditu, eta argitaratu berri duen Vol.2 Helmuga diskoa aurkeztuko du gaur. Jaialdira agertzen den ororekin kalejira egingo dute arratsaldean, Marabiyak Sound taldeak girotuta.

Sarrerak eskuragarri egongo dira azken-azkenera arte. Internet bidez eros daitezke, 15 euroan, baita Legorretako tabernetan, Ordiziako Kirkil tabernan, Beasaingo Koiote Zaharra tabernan edota Tolosako Orbela tabernan ere.