Iritsi berriei harrera egiteko tresna

Iritsi berriei harrera egiteko tresna

Herritar berri orori arreta «integrala, pertsonalizatua eta gertukoa» eskaintzea: horixe du helburu Hernaniko Udaleko Harrera Bulegoak. Orain urtebete jarri zuten martxan zerbitzua, eta, erabiltzaileek betetako galdetegi baten arabera, udalak ontzat jo du haren funtzionamendua. Udaleko Kulturartekotasun Saileko Irantzu Jauregik azaldu duenez, hutsetik hasitako proiektu bat da Harrera Bulegoa. Izan ere, ez zuten halakorik ezagutzen aurrez: «Bulegoa martxan jarri genuenean, ez genuen horrelako proiektu baten erreferentziarik. Hernanin bertan sortutako eredu bat da».

Nondik jaio da, baina? Kulturartekotasun Sailak prozesu bat abiatu zuen 2020ko urtarrilean, Hernanik iritsi berriei egiten dien harrera ezagutu eta harrera protokoloa berritzeko asmoz. Jauregik esan du prozesuan ohartu zirela «asko» direla herritar berriei harrera egiten dieten eragileak; herriko ikastetxeak eta Amher-SOS Arrazakeria elkartea, kasu baterako. Hain zuzen ere, orduantxe jo zuten beharrezkotzat harrera hori udalak ere eskaintzea, «arreta osatuago bat» emateko xedez. Ohiko tramiteez gain, herrian integratzeko prozesua «erraztu» nahi diete erabiltzaileei, eta, modu horretan, herrian «bizitza aktiboago bat» egitera bultzatu. 

«Bulegoa martxan jarri genuenean, ez genuen horrelako proiektu baten erreferentziarik; Hernanin bertan sortutako eredu bat da».
IRANTZU JAUREGI Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun Saileko kidea

Horretarako, dituzten beharren araberako informazioa jarriko dute erabiltzaileen eskura, leku batera zein bestera bideratu ahal izateko. «Herriari buruz dituzten galderak eta zalantzak argitzea da bulegoaren lana», argitu du Jauregik. Haren hitzetan, «Hernanira bizitzera joandako pertsona guztiei» zuzendutako egitasmo bat da, eta, beraz, erroldatzea ez da derrigorrezkoa izango zerbitzua jaso ahal izateko. 

Funtzionamendua

Udalaren webgunean eska daiteke Harrera Bulegora bertaratzeko hitzordua. Ordubeteko iraupena izaten dute zitek, eta gidoi bati jarraituz egiten dituzte. Oinarrizko informazio bera ematen diete, lehen-lehenik, herritar guztiei; ondotik, herritar bakoitzak dituen galdera eta behar zehatzak lantzen dituzte, eta herriko bizitzan integratzeko lehen urratsen, dituzten espektatiben eta menperatzen dituzten hizkuntzen gainean hitz egiten dute, azkenik.

Itsaso Lekuona eta Irantzu Jauregi Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun Saileko kideak eta Xabier Lertxundi alkatea, iazko martxoan, Harrera Bulegoan. HITZA

Harrera Bulegoko langileak udal erroldarako sarbidea dauka hitzordua hartu duen pertsonaren profila aldez aurretik ezagutu ahal izateko. Langileak bertan jakingo du, besteak beste, erabiltzaileak euskaraz badakien, non bizi den edota zein ikasketa dituen. «Pertsona bakoitzari behar duen denbora eskaintzen diogu, herriari buruz behar duen informazioa helarazteko». Modu horretan, uste du herrira iritsi berriak «eragile eta subjektu aktibo» izatea sustatuko dutela.

«Pertsona bakoitzari behar duen denbora eskaintzen diogu, herriari buruz behar duen informazioa helarazteko».
IRANTZU JAUREGI Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun saileko kidea

Erabiltzaileen balorazioa

Iazko martxotik azaro bukaerara bitarte 52 hitzordu egin dituzte Hernaniko Harrera Bulegoan. Udalak jakinarazi duenez, 52 erabiltzaile horietatik bik zuten euskara lehen hizkuntza gisa, 30ek gaztelera, eta hogeik beste hizkuntza bat.

Denbora tarte horretan izena emandakoen balorazioa eta iritziak jaso ditu udalak oraintsu, eta txosten batean bildu. Horren arabera, erabiltzaileek diote herrian «bizitza sozial handia» dagoela edota jendeak beraiekiko izandako «tratu atsegina» izan dela. «Pertsona arrazializatuenganako tratua ez da bera hemen eta Espainiako Estatuko gainontzeko lekuetan», dio, esaterako, txostenak biltzen dituen esaldietako batek.

Kirol instalazioak, hezkuntza zentroetako askotariko aukerak, garraio publikoa, kaleetako garbitasuna eta hondakinen bilketa dira, bestalde, galdetegia erantzun duten pertsonek nabarmendu dituzten gainerako alorrak, eta baita herriko «ingurumena» ere. 

Txostenaren arabera, badira iritsi zirenetik zailak zaizkien hainbat kontu ere: besteak beste, lagun talderik ez izatea, bakarrik egotea, eta lana eta etxebizitza aurkitzea.