«Erakutsi nahi nuen zenbateko garrantzia eman zioten Egian euskarari»

«Erakutsi nahi nuen zenbateko garrantzia eman zioten Egian euskarari»

Industrializazioaren eta frankismoaren eraginez, gutxitu egin zen euskararen erabilera. Hizkuntza galtzeko beldurrez, horma zurrun hori hausteari ekin zion zenbait euskaltzalek, gau eskolak emateari ekin baitzioten, modu klandestinoan. Euskal Herriko hainbat tokitan egin ziren halako ahaleginak; Donostiako Egia auzoan, kasu baterako. Auzotarrentzat izango zen espazio bat zuten desio, harik eta Villa Salia eraikina bere egin zuten arte. Bertan garatu zuten, besteak beste, euren euskalduntze alfabetatzea, eta prozesu hori ikertu du, hain zuzen ere, Enara Varea Letona Antropologia ikasleak (Donostia, 2001). Hainbat lagun elkarrizketatu ditu horretarako, eta bideoetan jaso ditu elkarrizketa horietan hitz egindakoak. Filmatutakoarekin dokumental bat ondu du —Helduen euskalduntze alfabetatzea Egian—, eta Egiako kultur etxean aurkeztu du berriki jendaurrean.

Zer ageri da Helduen euskalduntze alfabetatzea Egian dokumentalean?

1960ko hamarkadako Egia auzoko euskalduntze eta alfabetatze prozesuan oinarritzen da dokumentala. Kontatzen du nolakoa izan den Egia baserri auzo bat zenetik gaur egunera arteko bilakaera prozesua. 

Zer bilakaera izan du?

Baserri auzoa zenean, euskalduna zen Egia, eta gero, industrializazio eta frankismo garaiak iritsi zirenean, migratzaile asko etorri ziren lanera, eta horrek euskararen erabilera murriztu egin zuen auzoan. Frankismo garaian ere, euskararen debekua zela eta, gauza bera gertatu zen. Egoera horretan hasi zen euskalduntze prozesua; hasieran, gau eskolen bidez, eta gero, euskaltegian. Dokumentalean ageri direnak dira gau eskola horietan aritu ziren ikasleak eta irakasleak. Kontatzen dute nolakoak izaten ziren eskolak, nola ikasleek egunean zehar lan egiten zuten eta gauean ikasten zuten euskara, irakasleek euskara irakasteko zuten borondatea… Euskara ikasi nahi zuen jendea bazegoela ikusita, Egiako Villa Salia etxea auzoarentzat izatearen aldeko borroka abiatu zuten, eta borroka horretako irudiak ere ageri da dokumentalean.

«Esanguratsua da, esaterako, Villa Salian irakasle izandako batek beste bati zera galdetu diola: «Kobratzen genuen edo ez genuen kobratzen?»

Zer lortu nahi zuten borroka harekin?

Auzotarrentzat izango zen espazio bat. Izan ere, hasieran, auzotarren asmoa ez zen Villa Salian euskaltegi bat sortzea. Jende asko bizi zen Egian, eta behar asko zituen auzoak: anbulatorioa, jubilatu etxea, haurtzaindegia, kultur etxea… Behar horiek asetzeko behar zuten Villa Salia. Okupatu zuten eraikina, eta bota egin zituzten gero. Manifestazioak egin zituzten horren kontra, eta lortu zuten azkenean udalak eraikina erosi eta auzoari hura erabiltzeko aukera ematea. Haurtzaindegia izan zen lehenik, eta gerora, euskaltegia. Auzotarrek euren kabuz egin zituzten gelen konpontze lanak. 

Elkarrizketatu dituzunek nola oroitzen dute garai hura?

Esanguratsua da, esaterako, Villa Salian irakasle izandako batek beste bati zera galdetu diola: «Kobratzen genuen edo ez genuen kobratzen?». Bistan da ez zutela kontuan hartzen diru truke egiten ari ziren hori edo ez. Horrek argi uzten du haientzat une horretan ez zela garrantzitsua euskara irakasteagatik dirua jasotzea, eta dokumentalak erakusten du zenbateko garrantzia ematen zioten auzoan euskarari. Prozesu horren ondoren, ikasleak baserrietara bidaltzen hasi ziren; oro har, Orexara. 

Zertara?

Euskaraz hitz egiten ikastera. Orexako baserri batera joaten ziren; inor ez zuten ezagutzen. Horrek erakusten du euskara ikasteko zuten nahia eta zer egiteko gauza ziren euskara ikasteko. AEK-k hartu zuen ondoren Villa Salia, eta auzorako hainbat ekintza antolatzen zituen, jendeak euskaraz egin zezan egunerokotasunean.

«Dokumentala erakutsi genien aurkezpenean izandakoei, eta amaitutakoan, niregana etorri ziren asko gustatu zitzaiela esanez»

Nola otu zitzaizun egoera hura bizi izandakoekin dokumental bat egitea?

Antropologia gradua ikasi nuen, eta orain horri buruzko graduondoko bat egiten ari naiz. Duela bi urte praktikak egitea zegokidan, Gordegian [Egiako Artxibategi Grafikoa] egitea erabaki nuen, eta ikerketa bat abiatu nuen praktiketan nengoela. Euskalduntze eta alfabetatze prozesua ikertu nuen, Villa Saliako borrokan oinarrituta. Gradu amaierako lana egin nuen gero, eta Gordegian abiatutako ikerketa baliatu nuen horretarako. Orduan, dokumentala egiteko proposamena jaso nuen Gordegiatik. Gauzatzeko beka bat eskatu nuen Eusko Jaurlaritzan, eta eman zidaten. Hortik jaio da dokumentala.

Nolakoa izan da prozesua?

Praktiketan nengoela grabatu nituen bideo batzuk; beraz, material hori banuen dokumentala egitea proposatu zidatenerako. Dokumentala egiteko, gainera, ikasi behar izan dut pixka bat bideogintzaz, aurretik ez bainekien ezer. Arituz eta arituz joan naiz ikasten, eta azkenean, lortu nuen amaitzea.

Orain bi aste aurkeztu zenuen proiektua jendaurrean, Egiako kultur etxean egindako agerraldi batean. Nola bizi izan zenuen unea?

Oso urduri nengoen, baina pozik, aldi berean. Dokumentala erakutsi genien bertan izandakoei, eta amaitutakoan, niregana etorri ziren asko gustatu zitzaiela esanez. Dokumentalean agertzen direnak gogoz zeuden lana ikusteko, eta emaitza asko gustatu zaiela esan didate. Beraz, pozik nago.