«Niretzat oso aberasgarria izan da pertsonen barne mundua ikustea»

«Niretzat oso aberasgarria izan da pertsonen barne mundua ikustea»

Gipuzkoako bertsolaritzaren munduan aski ezaguna da Arantzazu Loidi (Aretxabaleta, 1967). Taula gainera igo zen lehen andrazkoetako bat izan zen, eta gazte-gaztetatik lotura estua izan zuen bertso munduarekin. Hain zuzen, Gipuzkoako lehen bertso eskolan hasi zuen ibilbidea Loidik —aurten 50 urte beteko ditu eskola hark—. Kazetaria eta itzultzailea izandakoa ere bada, eta hogei urte baino gehiago daramatza jada garapen pertsonalaren munduan murgilduta. Gaur egun, pasioz bizi du psikopedagogiaren bidez beste batzuei laguntzea ahalbidetzen dion lanbidea.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Aretxabaletan jaio eta hazi nintzen, baina gurasoak Bergarako San Kristobal auzokoak dira, eta beti eduki dut lotura berezi bat Bergarako baserri munduarekin. Haurtzaroa giro horrekin oso lotuta gogoratzen dut. Aitaren eta amaren aldetik amona bana neukan, eta amaren jaiotetxearekin, batez ere, lotura estua izan dut beti. Aretxabaletan bizi nintzen, baina kalekumea izan arren, denbora asko igarotzen nuen baserrian.

Aretxabaletan ere ibiltzen zinen?

Bai. Almen eta Loramendi ikastoletan ikasi nuen, batxilergoa bukatu arte. Herrian nire lagun taldea nuen txikitatik, baina momentu batetik aurrera bertso kuadrillarekin gehiago ibiltzen hasi nintzen. Nerabezaroan jada bertso munduan sartuta nengoen. 

Noiz hasi zinen bertsotan?

Almen eskolako bertso eskolan. Ikastetxeko hiru aitak larunbatetan bertsolaritza klaseak jartzeko ideia izan zuten, eta horrela hasi ginen. Hasieran denontzat zen eskaintza, baina gero taldeko batzuk nabarmendu ginen. Orduan hasi ginen aparte biltzen, eta eskolarteko txapelketan parte hartzen. Horrela sartu ginen gurpil horretan: lehenengo bertso eskolako esparru formalago batean, eta geroago baita bertso afari eta lagunarteko bestelako espazioetan ere.

«Aretxabaletan bizi nintzen, baina kalekumea izan arren, denbora asko igarotzen nuen baserrian»

Noiz igo zinen oholtzara lehen aldiz?

8 edo 9 urte izango nituen. Bertso eskolan nenbilela, herriko bertso saio baten aurretik hasierako gonbidatu lanak egitea tokatu zitzaigun. Buruz ikasitako bertsoak kantatzera atera ginen, eta antzerki pixka bat egitera. Gero, 13 urterekin eskolartekoan lehiatzen hasi nintzen, eta hortik aurrera jada jende aurrean kantatzen nuen. Eskolartekoan, bi urte eman nituen gazteenen mailan, eta gero helduagoen mailara igo nintzen. 18 urterekin irabazi nuen eskolarteko txapelketa. Ordurako jada hasiak ginen herriz herri saioak antolatzen eta gazteen txapelketetan parte hartzen. 

Bertsotan hasi zinen garaian, neska bakarrenetarikoa zinen. Nola bizi izan zenuen?

Gure bertso eskolan hasieratik egon ziren neskak. Talde txikiago hori osatuz joan ginenean ere, lotsatia nintzela ikusita, beste neska batzuk ere hasi ziren nirekin batera. Hala ere, maila horretako txapelketara aurkeztu zen lehenengo emakumezkoa izan nintzen. Neska bakarra izan arren, lagun artean babestuta eta gustura sentitzen nintzen, baina egia da oholtzara irtetea erronka bat zela niretzat. Gaur egungo begiekin begiratuta, sentitzen dut nik naturaltasunez bizi nuela, baina beste batzuek naturaltasunez hartzen ez zutela ikusita, konturatu nintzela ez zela oso ohikoa, eta denetarik entzun behar izan nuen. Harrigarria zen batzuentzat, taula gainean emakume bat ikusteaz gain, gizonezko ahotsen artean emakumezko baten ahotsa entzutea. Egokitu behar izan nuen gizonezkoen artean egotera, eta kontraste hori barneratu behar izan nuen. Gaur egun normalizatua dagoen arren, orduan ez zegoen. Denbora batez ni izan nintzen bakarra, eta geroago etorri ziren emakumeen bertso saioak eta bestelako ekimenak.

Kazetaritza eta itzulpengintza ikasi zenituen. Argi eduki zenuen hasieratik zer ikasketa egin nahi zenituen?

Hizkuntzarekin lotura berezia neukan, eta mugitzen ninduena idazkerarekiko neukan zaletasuna zen. Idazten ikasi nahi nuen, eta horregatik aukeratu nuen kazetaritza. Kazetaritza ikasketen bigarren urtean, erabaki nuen itzultzaile eskolara ere joatea, eta biak batera ikasten hasi nintzen. Oso lotuta sentitzen nituen biak bertsolaritzarekin eta nire idazteko zaletasunarekin, baina, bestetik, nik banuen jendeari laguntzeko sena ere.

«Denbora batez, ni izan nintzen emakume bakarra; gero etorri ziren emakumeen bertso saioak»

Nola gogoratzen duzu ikasle garaia?

Ikasle giroaren oso oroitzapen ona daukat. Gasteizen bizi nintzen aste barruan, ikasle pisuan. Adin hartan izugarri erakartzen ninduen autonomiak, eta hartaz gozatzeko aukera nuen. Hala ere, oso etapa bizia izan zen; aste barruan itzulpengintza ikasten nuen Gasteizen, eta, era berean, modu ez-presentzialean egiten nituen kazetaritza ikasketak, eta asteburuetan bertso saioetan ibiltzen nintzen. Lagunartea baneukan, baina ez, agian, gaztetan eduki ohi den bestekoa, lan askoko garai bat izan zelako eta gauza askori uko egin behar izan nielako, nire inguruko gazteekin alderatuta.

Zer ibilbide egin zenuen kazetari eta itzultzaile moduan?

Urte askoan, gauza biak txandakatu edo bateratu nituen. Lehenengo kazetari hasi nintzen, Arrasate Press hedabidean, eta gero zuzendari izan nintzen. Itzultzaile lanetan ibili nintzen ondoren, udal eta foru administrazioan, eta kazetaritzara bueltatu nintzen. Enpresa munduko itzulpengintza lana ere egin nuen, Emun kooperatiban.

Dena den, laster aldatu zenuen bidea. Nola hasi zinen psikologiaren mundura hurbiltzen?

Neure buruaren lanketa egiten hasi nintzenean egin nituen lehenengo urratsak. PRH Personalidad y Relaciones Humanas [nortasuna eta giza harremanak] erakundean formakuntza bat egin nuen, nire kezka pertsonalak eta harremanen mundua lantzeko gogo batetik abiatuta. Garapen pertsonala oso bizirik izan dut barnean, gaztetatik, baina denbora askoan ez nuen lantzeko aukerarik izan. Hala ere, lantzen hasi nintzenean, hasieratik atzeman nuen oso gustuko nuela. Batez ere, ikusi nuen jendea laguntzea zela nire bokazioa, eta, apurka, eskola horretan formatzen hasi nintzen. Lehenengo, neure burua formatzeko, eta, ondoren, beste batzuei laguntzeko. Lan arloa ere egokituz joan nintzen pixkanaka, trebatzen jarraitzeko aukera izateko. Azkenean, profesionalki mundu horretara salto egiteko hautua egin nuen, eta orain 22 urte daramatzat arlo horretan lanean.

Irudian, Arantzazu Loidi 1985eko Eskolarteko Txapelketan. Txapela irabazi zuen lehen aldiz, artean 18 urte zituela. GIPUZKOAKO HITZA

Nolakoa izan zen jauzia egiteko unea?

Gauza biak uztartuz hasi nintzen, eta, arlo profesionalaz gain, seme bat ere izan nuen. Zaintza lanak egiteko hautua egin nuen eszedentzia baten bidez, eta hor erabaki nuen zirt edo zart egiteko ordua zela. Eszedentziatik ez nintzen lehengo lanera bueltatu, eta helduen garapen pertsonalaren arlora bideratu nuen lan jarduna. Neure burua etengabe trebatzen egon naiz orduz geroztik. Hala ere, salto naturala izan zen, aurretik oso prestatuta nentorrelako, eta ikusten nuelako beste lanbideak oso gustuko izan arren etapa berri bat hasi nahi nuela.

PRH hezitzailea zara orain. Zer esan nahi du, zehazki?

Helduen heziketarako nazioarteko eskola bat da PRH. Jatorriz Frantziakoa da, baina gaur egun mundu guztian zabalduta dago. Psikopedagogian eta garapen pertsonalean lan egiten du, metodologia eta ikuspegi propioarekin. Korronte humanistaren barruan kokatzen da. Garapen pertsonalerako ikastaroak ematea da gure lana. Barnera begiratzeko metodologia bat erabiltzen dugu, norbere nortasuna, barne bizipenak, harremanak eta erabakiak hartzeko modua lantzeko. Bakarka edo taldean egiten dugu lan, bizitzako hainbat arloren inguruan.

Zer eman dizu lan horrek azken urte hauetan?

Lehengo eta behin, neure buruaren garapen bat. Transmititzen dudan hori aurrez barneratuta edukitzeko erantzukizuna daukat; lanketa pertsonal bat dago oinarrian, eta hortik abiatzen da guztia. Etengabe neure burua trebatzera ere bultzatzen nau. Eta, bestalde, pertsonekin oso harreman estuak egiteko aukera eman dit, eta baita jende asko ezagutzekoa ere. Batez ere, niretzat oso aberasgarria izan da pertsonen barne mundua ikustea, eta bakoitzaren barrualdeko misterio horretara hurbiltzeko aukera eta pribilegioa izatea. Lanean asko gozatzen dut.

Zer asmo daukazu hurrengo urteetarako?

Lan arloan ilusioz jarraituko dut ibilbide honetan, eta pertsonalki lagunartea zaintzen jarraitzeko asmoa dut, familia giroan, eta herri mailan ere txertatuta. Bertso munduan ere era batera eta bestera jarraitzeko asmoa daukat.

MOTZEAN

Bertsolari bat? Gaur egun, Maialen Lujanbio.
Bertso kutun bat? Haurtzaroko bertsopaperak.
Haurtzaroa gogorarazten dizun kantu bat? Benito Lertxundiren Loretxoa.
Eguneko unerik gustukoena? Gosaria.
Momentu gogoangarri bat? Semearen jaiotza.
Emozio bat? Bizipoza!

Liburu bat? El don de arder [Sutan egotearen dohaina]. Inma Sanchis kazetariarena.
Estimu berezia diozun leku bat? Arantzazu.
Amets bat? Asko!