Iñaki Arrillagak (Orio, 1952) sortzailetzat dauka bere burua. Bi zaletasun ditu: arrauna eta artea. Hain zuzen ere, bi horiek uztartuta sortu du Pasioa eta afizioa erakusketa, eta Zarauzko Arkami galerian jarri du ikusgai. Inoiz ez du ogibide izan artea. Dioenez, hala balu «goseak hilko» litzateke; betidanik izan du, ordea, marrazketarako eta arterako zaletasuna. Hamar urte pasatxo dira jubilatu zela, eta orduan heldu zion afizio horri. Erakusketarako, Jorge Oteiza izan du insipirazio iturri eta erreferente.
Nor da Iñaki Arrillaga?
Gaur-gaurkoz, artearekin interesa duen sortzaile bat.
Erakusketa asko egin dituzu, teknika ezberdinak erabiliz. Nola ikasi dituzu hainbeste modalitate?
Autodidakta izan naiz betidanik. Erretiratu ondoren hasi nintzen artearen munduan murgiltzen. Aurretik, lanean ari nintzen bitartean, hainbat margolan egin nituen, baina, jubilatu nintzenean, Jorge Oteizaren lanekiko iman bat nuela ohartu nintzen. Hark sortutako kutxa hutsak begiratzen hasi nintzen; zergatik eta nola egiten zituen jakin nahi nuen. Argazkiak begiratuta eta hainbat liburu irakurri ondoren, nire kabuz hasi nintzen kartoiarekin nire lanak egiten, banan-banan. Hor hasi zen dena.
Orduan arterako zaletasuna aspalditik datorkizu, ezta?
Bai, hala da.
Teknika berri bat landu duzu Pasioa eta afizioa erakusketan.
Abstrakzio geometrikoak egin ditut, digitalki inprimatutako lanekin. Horrez gain, burdina eta metakrilatoa ere sartu ditut.
«Lehen, oso oinarrizkoak ziren koloreak erabiltzen nituen; orain, ilustrazio itxura ematen saiatzen naiz»
Eta lehendik amaituak zenituen lan batzuk ere moldatu dituzu. Nola berritzen dira bukatuta dauden obrak?
Bai. Inprimatze digitalarekin egindako lanak aldatu ditut, gehienbat; zehazki, arrauneko irudiak. Askotariko koloreak sartu ditut. Lehen, oso oinarrizkoak ziren koloreak erabiltzen nituen; orain, ilustrazio itxura ematen saiatu naiz lanei.
Koloreak aipatu dituzula, oriotarra izanda, horia oso presente eduki duzu zure aurreko lanetan. Orain, ordea, horia alde batera utzi, eta kolore lausoagoen aldeko apustua egin duzu. Zer dela eta?
Horia asko erabili dut orain arte, bai. Leku gehiagotara iristeko, ordea, beharrezkotzat jotzen nuen kolore aukera zabalagoa eskaintzea. Kolore desberdinak sartzeak ondoren erabili behar diren tonuak ere norabide berekoak izan beharra eragiten du. Koloreen kontua asko nabaritzen da; batez ere, kamisetak edota ontzien koloreak irudikatzerakoan. Sekula ez dut alde batera utziko oriotartasuna. Aita arraunlaria izandakoa da, osabak arraunlariak izandakoak dira, eta Kontxako Bandera batzuk irabazitakoak, gainera. Ni neu ere arraunean ibilitakoa naiz. Giro hori izan dut beti etxean.
«Iruditzen zait ni bezalako sortzaileentzat oso erakusleiho eta erakustoki gutxi daudela gaur egun»
Pasioa eta afizioa izena jarri diozu ireki berri duzun erakusketari. Zein dira zure pasioak eta afizioak?
Oteiza eta arrauna ditut pasio eta afizio. Txikitatik entzunda nuen Oteizak ez zuela beti erantzun bera ematen galdetzen ziotenean zergatik egin zituen hamalau apostolu eta ez hamabi, eta noizbait esan izan zuela hamalau horiek arraunlariak zirela. Hori baieztatu egin nahi izan nuen nik, eta, bila hasita, Bitoriano Gandiagak hori kontatzen duen artikulu bat topatu nuen. Oteiza Oriokoa zen, Orioko arraunlariak ezagutzen zituen, eta arraunari buruz gauza asko zekizkien. Beste kasualitate bat da hamalau apostoluen frisoak hamabi metro neurtzea, traineru batek adina. Ni konbentzituta nago apostolu horiek arraunlariak zirela, edo, behintzat, bazutela zerikusirik Orioko arraunlariekin.
Pasioa eta afizioa erakusketan ere Oteizaren apostoluak ageri dira…
Hiru jarri ditut guztira; ezin izan ditut guztiak jarri.
Zer izan zen Oteiza zuretzat?
Niretzat, artearen munduan zutabe bat izan da Oteiza. Ez dakit oriotarrak konturatzen diren Oteizak duen indarraz, baita herritik kanpo ere. Izan ere, mundu osoan da erreferente.
Artean profesional gisa aritzea pasatu al zaizu sekula burutik?
Ez, artea ez dut sekula ogibide izan. Goseak hilko nintzateke, bestela. Gaur egun, oso zaila da arteaz bizitzea; gutxi batzuk dira horretaz biziko direnak. Delineatzailea naiz izatez, eta, lanbidez, komertziala. Motor erreduktoreak fabrikatzen nituen. Asteasuko enpresa batean lan egin nuen azken 30 urteetan; Gipuzkoako salmenten arduraduna nintzen.
Zer-nolako harrera izan du erakusketak?
Oraindik oso goiz da galdera horri erantzuteko. Hiru hilabetez izango da ikusgai Pasioa eta afizioa erakusketa, Zarauzko Kale Nagusiko Arkami galerian ikusi nahi duen guztiarentzat.
Eta hiru hilabete horien ondotik, zer?
Ez dakit. Iruditzen zait ni bezalako sortzaileentzat oso erakusleiho eta erakustoki gutxi daudela gaur egun.