Jainkoarekin hitz egiteko bidea izaten da, beti ez bada, askotan, otoitza. Elkarrizketa honek ere, Jainkoarekiko solasa den ber, ez du gutxi otoitzetik. Elkarrizketako aurreneko galdera egitea beste asmorik ez nuen nik, erantzunik jasotzeko inongo esperantza izpirik gabe, baina Jainkoak erantzun egin zidan. Zertan ari nintzen ohartu ere egin gabe, galdera gehiago egin nizkion, eta berak naturaltasun osoz erantzun zizkidan guztiak, ahotsa neurrizko tonuetan errenditurik bat-bateko amaiera bitarte.
—Injustizia ugari eta latzak daude munduan, oinaze tasa ez da makala, eta azkenean heriotza da bizitza ororen amaiera, etorkizun ezinbestekoa. Ez da erraz ulertzekoa Zuk, Ahalguztidunak, behin mundua egiteko lana hartuta, mundu hobea egin ez izana.
—Ikuspegi sinpleegi batetik abiatutako arrangurak dira horiek. Harrokeria handia da, ahalegin antzua izateaz gain, dena ulertu nahi izatea, gauza guztien zergatien muineraino iristeko irrika zoroa. Zure egoismoaren itxitasunak eragotziko ez balizu, oharturik zinateke honezkero bizitzaren eta heriotzaren arteko lehian bizitza dagoela beti gainetik, heriotzak ez duelako, berez, bere iluntasun hutsalean, izaera zinezkorik.
—Egoismoa egotzi didazu. Baina zergatik egin gaituzu horren egoista?
—Egoistak ez ezik, harroak ere egin zintuztedan. Harroegiak, nik zure galdera horri eman diezaiokedan erantzuna ulertzeko. Ezjakintasuna aitortzen duzue, baina ez zarete aitorpen horren arabera jokatzeko gauza.
—Zu maite zaitzagun nahi duzu. Ez al litzateke dena errazagoa Zu guretzat ulergarriago bazina?
—Koka ezazu zeure burua zeure zentzumenez ezagutzen duzun munduaren barruan. Berehala ikaratu behar zintuzke, dardara zorabiagarriraino, zure txikitasunak. Koka ezazu orain zeure burua are esparru handiagoan, gizakiak ezagututako unibertsoaren barruan. Eta orain, amaitzeko, koka ezazu zeure burua gizakiak ezagutu ez arren hortik kanpo eta hortik harago izan daitekeenak osatzen duen unibertso are atzemanezinagoaren barruan. Ez dizut eskatzen etsi dezazun, ez dizut eskatzen erabat geldiarazterik inguratzen zaituena ulertzeko ahaleginaren mekanismoak. Ez dizut eskatzen zure berezko tamainari dagokion bezain apala izan zaitezen ere.
Nire forma anitzetako batean gizaki orok nau ezagutzen eta gizaki orok nau, zuk orain bezala, noiz edo noiz eta aldez edo moldez, solaskide.
—Zer eskatzen didazu hortaz?
—Zeure buruarekin zintzoa izaten saia zaitezen.
—Ez da beharrezkoa sinestea?
—Ni ulertzeko ahalegin horiek, Nirekin hitz egiteko zure asmo setatsua, elkarrizketa hau… ez al dira zure sinesmenaren froga ezin ukatuzkoak? Denok zarete sinestunak. Nitaz kezkatze hutsa fede froga da.
—Bada ezagutzen ez zaituenik ere.
—Oker zaude. Nire forma anitzetako batean gizaki orok nau ezagutzen eta gizaki orok nau, zuk orain bezala, noiz edo noiz eta aldez edo moldez, solaskide.
—Eliza injustizia lazgarri askoren iturburu izan da maiz, eta ez dio hala izateari erabat utzi. Zer iritzi duzu Elizaz?
—Eliza gizakion kontua da, ez nirea. Zuzenean esana ez badizut ere, nik orain artean esan dizkizudanetik eratorria duzu begien bistako egia ezin ukatuzko hori.
—Baina Zure izenean mintzatzen uzten diozu. Jarrera axolagabe hori al da Zuk, Jainko gisa, zabaltzen diguzun eredua?
—Hasieran esan dizudanera nator berriro, amaitzeko. Ikuspegi sinpleegi batetik abiatutako arrangurak dira horiek. Harrokeria handia da, ahalegin antzua izateaz gain, dena ulertu nahi izatea, gauza guztien zergatien muineraino iristeko irrika zoroa.