San Millan izenak beste izan bati erantzuten diola uste du Zizurkilgo Herriguneko eskolako guraso talde batek. Herriko patroiaren, eta, era berean, elizaren eta dorretxearen izena jarri zioten eskolari XX. mende hasieran. 110 urte baino gehiago igaro ondoren, eta eskolan sakoneko aldaketak eman direnean, gurasoek ez diote zentzurik ikusten izen hori mantentzeari. «Ez da historia ukatzen, ezta aldatzen ere, baina gaur egun eskola denari egokiago erantzungo dion izen aukeraketa bat defendatzen dugu», esan du Igotz Alkortak, izen aldaketaren prozesua gidatzeko batzordeko kideak. Eskolako ikasle ohia da Alkorta, eta egun bertan ditu haurrak.
Alkortak kontatu duenez, «modu informalean» askotan aipatu izan den kontua da Zizurkilgo eskolaren izen aldaketa, baina egungo ikasturte hasieran heldu zioten gaiari guraso bileretan. Izena aldatzearen aldeko jarrera bat bazegoela ikusita, gurasoek Maitane Telletxea eskolako zuzendariarengana jo zuten proposamena egitera. «Klaustrokideekin partekatu nuen gaia, eta inork ez zuen eragozpenik jarri; beraz, eskolako organo gorenera eraman genuen proposamena», esan du Telletxeak. «Han ere oniritzia eman zitzaion, eta prozesuari hasiera eman genion azaro hasieran». Izen aldaketaren prozesua garatzeko batzorde bat osatu zuten, eta, Alkortarekin batera, Jone Larrañaga eskolako gurasoak eta Miren Pastor irakasleak parte hartzen dute.
«Eskola txikia, publikoa, laikoa eta euskalduna da gurea, eta San Millan izenak ez dio ezaugarri horietako bakar bati ere erantzuten», dio Alkortak. Zizurkilgo patroia da San Millan, eta izen hori daramate herriko dorretxeak eta elizak. Zehaztu du, gainera, Donemiliaga dela berezko izena, eta gerora erdaldundu, eta San Millan jarri ziotela. «Ez da bakarrik osagai erlijiosoa; ia feudalismo garaira ere bagaramatza izenak. Donemiliaga dorretxeko jauntxoek gatazka izan dute historikoki Zizurkilgo herriarekin, eta horregatik dago, adibidez, udaletxea dorretxeari bizkar emanda eraikia. Ulertzen dugu duela 112 urteko eskola kristau, erdaldun eta hertsiari ondo zegokion izena izatea, baina ez dio egungo eskolari erantzuten».
«Eskola publikoa, laikoa eta euskalduna da gurea, eta ‘San Millan’ izenak ez dio ezaugarri horietako bakar bati ere erantzuten».
IGOTZ ALKORTA Zizurkilgo Herriguneko eskolako ikasle ohia eta gurasoa
Alkortaren hitzetan, «ahalik eta modu adostuenean» heldu nahi izan diote aldaketari, eta, horretararako, prozesua abiatu aurretik hainbat eragilerekin hitz egin zuten batzordean bildutako gurasoek. Luzaroan eskolako irakasle izandako Elena Laizekin, Hernandorena kultur elkartekoekin eta eliz komunitateko kideekin hitz egin dute. «Denek ikusi zuten begi onez eskolari izena aldatzea, eta berme horrekin abiatu genuen lanketa eskola barruan».
Gizarteratzeko unea
Herriko historia eta toponimia lantzen dituen Hernandorena kultur elkartearen aholkularitza jaso dute gurasoek gaia eskolako ikasleekin lantzeko orduan. Besteak beste, Tolosaldeko 21 eskola publikoren izenei erreparatu diete, eta ohartu dira santu izena daraman azkenetakoa dela Zizurkilgo San Millan. Toponimia izena daramate eskola horietako batzuek, pertsonaia izenena beste batzuek, eta eskola bakarra duten herrien kasuan, herriarena berarena aukeratu izan dute. Alegian gauzatu dute berriki eskolari izena aldatzeko prozesua, eta han egindako lanketa «oso lagungarri» izan zaiela esan du Alkortak.
Eskolako 53 umeekin gaia jorratzeko, jolasa erabili dutela dio Telletxeak. «Galdetu diegu zergatik duten haien aitona-amonek Joxe Mari, Luis Mari eta Maria Luisa izena, eta zergatik diren beraiek Xune, Kimetz edota Xanet. Berehala konturatu dira garaiak zenbat aldatu diren eta nola egokitu diren izenak garai berrietara». Herriko pertsonaien eta toponimiaren ezagutza ere landu dute ikasleekin, eta eskolan ibilitakoen testigantzak ere jaso dituzte prozesuan zehar. Otsaila bukaeran, mahai inguru bat antolatu zuten eskolako ikasle ohiekin, eskolak bizi izan dituen aro desberdinak ezagutarazteko.
«Ikasleak berehala konturatu dira garaiak zenbat aldatu diren eta nola egokitu diren izenak garai berrietara».
MAITANE TELLETXEA Zizurkilgo Herriguneko eskolako zuzendaria
Barne lanketarekin amaituta, guraso taldeak gaia gizarteratzea erabaki du azken asteotan, eta horretan ere parte hartu dute egun ikasle direnek. Esaterako, izena aldatzeko asmoaren berri emateko, martxoaren 14an herri batzarra egin zuten, eta eskolako haurrek egin zituzten bilkura iragartzeko kartelak. Martxoaren 14ko batzarrean, izena aldatzeko batzordeko kideek eman zituzten ordura arte hitz egindakoen gaineko azalpenak. «Fase erabakigarrian sartuko gara azken hiruhilekoan. Izen proposamenak biltzea izango da lehenengo pausoa, eta ikusiko dugu nola egin, baina toki batean baino gehiagotan jarri nahiko genituzke proposamenak jasotzeko ontziak», dio eskolako zuzendari Telletxeak. Bilketa egin ondotik, izen gutxi batzuk aukeratu, eta ekaina hasieran bozketarako aukera zabalduko dute Herrigunean bizi diren herritarrek eskolaren izen berria hauta dezaten.
Izan ere, ikasturtea izen berria aukeratuta amaitu nahi dutela esan du Telletxeak. «Datorren ikasturtea hastearekin batera tramite administratibo guztiak bete eta 2025-2026ko ikasturtea, ofizialki, izen berriarekin abiatu nahi dugu». Orain arte San Millan eskola izan denaren zuzendariak aipatu du 2026ko ekainean Eskola Txikien Festa ospatuko dela Zizurkilen, eta prestaketa guztia izen berria ezagutzera emateko baliatuko dutela.