Nahi eta nahi ez kirol ekitaldi masibo eta ospetsuek jarraitu eta inguratzen gaituzte. Ihes egiten ahalegindu arren, edozein zirrikitutatik sartzen dira, eta ezinbestean guregana iritsi. Egunkaria esku artean hartzean, irratia piztutakoan, telebistan, ingurukoen jardunetan… blai gauzkate, batzuoi bost axola bazaigu ere. Horri guztiari albo infomazioa deitu geniezaiokeela begitatzen zait, albo ondorio hitza asmatu zen bide berari jarraituta.
Eta albo infomazioaren albo ondorioa da kirolari horien adierazpenak entzutea. Lehen ez zen gertatzen halakorik, jokalariei ez zitzaielako alkatxofa aho parean jartzen. Mikroaren aurrean zerbait esan behar dute orain, eta begi bistakoa jaurti. «Ez dugu ondo jolastu» esanez jardungo dute batzuek, galdu badute, behintzat. Eta gure sen minduak erantzungo die: jakina, jolasean ibili bazarete, normala galtzea.
Jolastu, aditz inbaditzaile hori! Panpako luma-erratza dirudi! Gure gaztetxoak bideo jokoetan biziatzen dabiltzanean, jolastu egiten ei dute, nahiz eta bideo jokoetan ibili. Aurrerago aitatutako kirolariak ere eskubaloi, pilota, futbol… jokalariak diren arren, eta ez jolaslariak. Alferrik! Gaztelaniaz jugar, frantsesez jouer; euskaraz, beraz, jolastu. Kitto! Betiko lez, erdaretara makurtzen. Askotan esaten didate zaila dela desberdintzea, baina ez, irabazterik edo galtzerik badago, jokatu da, eskolako patioan bada ere!
Zuotako askoren senak kristorenak bota ditu «ez dugu ondo jolastu» irakurritakoan. Oihu isila egin du zuen barneak: «Ez gara ondo jolastu». Eta hor ere badago zer esana.
Zein tristea den gure patua beti gaztelaniaren itzulpena egin behar izatea gure esateko modua topatu beharrean. Euskararekin jolastu beharko genuke, jokoz kanpo gurea laga aurretik!
Zergatik zabaldu da hainbeste jolastu aditza Nor-Nork adizkiekin egitea? Esplikazio bat badago, kontu bera gertatu delako dantzatu eta borrokatu aditzekin. Euskararen Mendebaldeko hizkeretan hiru aditz horiek ez dira tradizoan existitzen; ikastolekin zabaldu zen, esaterako, jolastu. Gurean jolas(ean) egin/ibili erabili izan da (mendebalderago olgetan ibili/egin). Kontu bera dantza eta borroka rekin ―jolasa, dantza eta borroka, zein iradokitzailea―. Beraz, jolastu inportatzean Nor-Nork adizkiekin jokatzen (kar-kar-kar) hasi ginen. «Zapi zuri honekin jolasten gera» kantatu bai, baina pailazokeriak zirelakoan, aurrera. Azalpenarekin konforme?
Beraz, orain maisu-maistrei erregimen egokia irakasten zaie: jolastu naiz. Baina behin lagun baten alaba txikiak hauxe esan zidan: Leire, nirekin jolasten zara? Ai, ene! Eskolan irakasleak erregimen egokia erabiltzen du, denbora ez, ordea! Esku ahurraz aurpegia estali, eta begiei buelta erdia eman nien, frustrazioa ezkutatzeko. Ez ziren gai «jolastuko gara» irakasteko? Hain da gaitza -tzen izurritea gelditzea? Ez ote dakite euskara etorkizunez betetako hizkuntza dela? Hemen artikulu sorta baterako materiala badago!
Hura gertatu zenean, neure buruari galdetu nion ea nola esaten genuen hori guk euskaraz txikitan. Eta aukera bi agertu zitzaizkidan: ibiliko gara? eta bazabiz? (bazabiltza? batuan). Askotan goma, kopina, soka… eskutan egiten genion lagunari galdera. Gainera, jokatzeko ere balio du: xakean, kartetan, futbolean…
Dena den, zein tristea den gure patua beti gaztelaniaren itzulpena egin behar izatea gure esateko modua topatu beharrean. Euskararekin jolastu beharko genuke, jokoz kanpo gurea laga aurretik!