Isildu nahi zutena kontatzeko

Isildu nahi zutena kontatzeko

Torturatuak izan diren 111 arrasatear daude identifikatuta; horietatik 11, emakumeak. Genero ikuspegitik landu dute Iñaki Barrutia psikologoak, Nekane Aiensak eta Jose Ramon Garai historialariak torturak jasan dituzten arrasatearren gaia, eta kaleratu berri duten Tortura Arrasaten genero ikuspegitik liburuan bildu dute hiru urteko lanaren emaitza. Hala ere, Barrutiak argi dauka torturatuak izan diren emakume gehiago dauela: «Gaia lantzen ari ginela, beste bost emakume agertu zaizkigu torturak jasan zituztela kontatzen». Otsailaren 13an aurkeztu zuten liburua, torturen testigantza eman zuten emakumeekin batera.

Herriko torturatuak identifikatzeko lana hartu zuen Arrasateko Memoria taldeak, eta Aiensak bertan azaleratu zuen gaia genero ikuspegitik lantzeko ideia. Bildu dituzten emakumeen lehen kasuak 1970eko hamarkadaren bueltakoak dira; azkenak, 2010eko hamarkada baino lehenagokoak. Liburuan horietatik zortzi testigantza jaso dituzte. Hala ere, lanaren egileek bi irizpide argi izan zituzten hasieratik: elkarrizketak emakumezko batek egingo zituela —Aiensak, kasu honetan—, eta «zaintza giroan» egin behar zirela. Izan ere, ikuspuntu psikologiko batetik, Barrutiak ohartarazi du tentuz ibili behar dela izaera sexualeko torturen oroitzapenek eragiten duten erresonantzia emozionalarekin: «Sintomatologia bat ekar dezakete. Torturatuak joera du bere burua ukatzeko eta ahazteko, eta oroitzapena enkistatuta geratzen zaio».

Gainera, psikologoak azpimarratu du oroitzapen hori bera emakume horren intimitatearen «beste inbasio bat» dela, eta, batzuetan, jasandako tortura sexualen oroitzapenak «lotsa eta erru sentimenduak» ekartzen dituela berarekin. Horregatik, besteak beste, emozionalki babes bat eraiki nahi izan dute elkarrizketetan: «Beharrezkoa da torturatuak ‘sinesten dizut’ komunikatzen dion pertsona bat aurrez aurre izatea. Horrekin batera doa aitortzaren eta erreparazioaren zati bat». Kasu honetan ekarpen positibo bat ere egin die testigantza eman dutenei isiltasuna hausteak, Barrutiaren arabera: «Liberazio bat izan da, bizkarretik min hori kentzea».

‘Tortura Arrasaten genero ikuspegitik` liburuan aurkezpena, testigantzak eman zituzten torturatuekin batera, Arrasaten, otsailaren 13an. RAUL BOGAJO / FOKU

Zalantzak izan zituzten egileek lana nork egin behar zuen erabakitzeko orduan; izan ere, genero ikuspegitik idatzitako liburuaren hiru egileetako bi gizonezkoak dira: Aiensak elkarrizketatzeko lana egin zuen arren, Garaik grabatu zituen testigantzak, eta Barrutiak hartu zuen testigantza horietan oinarritutako liburua idazteko lana. «Behin eta berriz eskatu nuen emakumeren baten laguntza idazteko zereginean laguntzeko, baina ez zen posible izan».

Psikologoak onartu du ez dela «erraza» izan «gizon gisa» horrelako liburu bat idaztea, «ezintasuna, amorrua zein genero lotsa» sentitu duelako: «Liburuaren hitzaurrean esaten da memoriaren idazketa ezin dutela gizonek egin emakumeen izenean, ezta erakundeek ere. Baina kasu honetan, paradoxikoki, gizon bat izan da idatzi duena. Ziur nago emakume feminista batek testigantzei begiratzeak emaitza hobetuko zuela, eta zorrotzagoa izango zela testigantzetan mikromatxismoak identifikatzeko orduan». Dena den, Barrutiak azpimarratu du liburuaren izaera kolektiboak lagundu diola «gorritasun horretatik» libratzen.

Tortura eta generoa

Torturak generoa du. Hori izan da azterlanean atera duten ondorio nagusietako bat. Hain zuzen, Barrutiak azaldu du tortura «sexista» dela: «Tortura ez da ausaz egiten; oso kontuan hartzen dira gizonen eta emakumeen gorputzen, sexu organoen eta sexualitatearen ikusmoldeak, ahalik eta kalterik eta sufrimendurik handiena eragiteko».

Hain zuzen, emakumeen kasuan torturatzaileek sexu indarkeria helburu zehatz batzuekin erabiltzen dutela esan du Barrutiak: «Emakumeen gorputza menderatze territorioaren hedadura bat dela adierazi nahi dute, eta gorputz kosifikatu horren kontrol eta botere mezua bidaltzen da, baita torturatzaileek erabateko zigorgabetasuna daukatela ere». Horrekin batera, komunitateari ere bidaltzen zaio mezu bat, haren arabera: ordena urratuz gero, gertatzen denaren berri ematen da, eta emakumeen artean beldurra zabaltzen da, horiek «antolaketan eta herritarren mobilizazioetan» daukaten parte hartzea blokeatzeko.

«Emakumeen gorputza menderatze territorioaren hedadura bat dela adierazi nahi dute, eta kosifikatutako gorputz horren kontrol eta botere mezua bidaltzen da».
IÑAKI BARRUTIA ‘Tortura Arrasaten genero ikuspegitik’ liburuaren egilea

Izan ere, emakumeen aurkako torturak ezaugarri berezituak ditu, liburuan azaltzen denez. Batetik, hainbat sexu indarkeria mota erabili dira andrazkoak komunitatearen aurrean umiliatzeko eta deshumanizatzeko, bai modu fisikoan, bai psikologikoan. Barrutiak emakumeetan erabilitako tortura motak zehaztu ditu, liburuan bildutako testigantzetan agertzen direnak: «Emakumeak laidotzea, mehatxu fisikoak eta sexualak, [Espainiako] estatuko agenteen aurrean nahitaez biluzik egon behar izatea, agenteek egindako ukituak edo objektuekin egindako bortxaketak».

Liburuan azaldu dutenez, emakumeen faktore biologiko espezifikoek ere bereizten dute andrazkoen aurka erabiltzen den tortura. Besteak beste, eragina dute hilekoaren zikloak, emakumeek daukaten ugalketa funtzioak eta menopausiak. Torturak arriskuan jartzen ditu emakume bular emaileak zein haurdun daudenak, eta, beraz, Barrutiak azaldu du sexu eta ugalketa eskubideen aurka ere egiten duela emakumeen kasuan. Haur jaioberriak atxikitzeko «mehatxuak eta xantaiak» ere nabarmendu ditu.

Kartzela edo «askapena»

Torturak eragindako itolarria horrenbestekoa zen, ezen kartzelara sartzea askapen gisa bizi zuten emakume askok, liburuan ageri denez. Hala ere, Barrutiak azpimarratu du denborarekin, hasieran «askapen gisa» bizi zuten kartzela, «tortura gune» bihurtzen zela: «Sotila da, eguneroko bizitzaren kontrol osoa inbaditzen duena. Horri gehitu behar zaio isolamendu sistematikoa, botere absolutuenetik eta arbitrarioenetik aplikatutako araudia».

Iñaki Barrutia, Nekane Aiensa eta Juan Ramon Garai, liburuaren egileak. MONDRABERRI

Emakumeek espetxean, ordea, aurkitu zituzten babesguneak ere: ahizpatasun sareak. Barrutiak erresistentzia gune gisa definitu ditu: «Kartzelan bi mundu kontrajarri aurkitu ditzakegu, erabat muturrekoak direnak: batetik, mundu patriarkal bat, matxista, harrapakaria, bortitza, lehiakorra eta hierarkikoa, botere egituren isla dena. Baina, bestetik, baita emakume preso politikoen mundua ere, elkarren arteko laguntzan, elkartasunean eta zaintzan oinarritutakoa. Bi printzipio kontrajarri dira: bata orokortua eta bestea salbuespenezkoa». Psikologoak gehitu du, gainera, pertsona batek krudelkeria egoera batean dagoen bitartean «laguntza keinuak eta ideologikoki bere sufrimendua kokatzeko ahalmena» badauka, nortasun aldetik «indartuta» ateratzen dela egoera horretatik.

Egiturazko fenomenoa

«Tortura hain zen egunerokoa, ezen eguneroko ekintza xumeak ere tortura guneetan egiten ziren», esan du Barrutiak. Tortura Arrasaten genero ikuspegitik liburuan bildutako testigantza baten adibidea eman du horren adierazpen gisa: «Emakume honek kontatzen du atxiloketa zentroko zapatariak lan egiten zuen leku berean atxilotuta eduki zutela. Hara joaten ziren guardia zibilak eta haien familiak, konpondutako oinetakoen bila. Lekukoaren arabera, atxiloketa zentroa etxebizitzaz inguratuta zegoen, eta torturatuen oihuak entzuten zituzten gauero».

Tortura Euskal Herrian «egiturazkoa» izan zela azaldu du Barrutiak, eta hari begiratzean «begirada sistemikoa» izatea beharrezkotzat jo du, torturatzailearen ezaugarri psikopatikoetara mugatu gabe: «Tortura planifikatuta dago. Ez da bakarrik modu basatian kolpatzen duen funtzionario baten erantzun soziopatikoa; erantzukizun maila desberdinak daude. Borrero sadikoak torturatzen aditua den beste pertsona baten irakaspena izan du. Era berean, tortura planifikatuta dago gobernuaren bulego batzuetatik, edozein motatako disidentzia deuseztatzeko. Eta azken katebegian, estrategia globala diseinatu eta planifikatzen duenaren gainetik, torturaren ideologoa dago; torturaren euskarri teorikoa ematen duen intelektuala, hedabideen konplizitatearekin».

«Tortura planifikatuta dago; ez da bakarrik modu basatian kolpatzen duen funtzionario baten erantzun soziopatikoa».
IÑAKI BARRUTIA ‘Tortura Arrasaten genero ikuspegitik’ liburuaren egilea

Hain zuzen, hedabideek torturaren fenomenoan izan zuten eragina ere aztertu dute liburuan, eta Barrutiak nabarmendu du horiek zeregin ezinbestekoa izan zutela tortura gizartean txertatzeko garaian: «Gizarteko pertsonok pentsatu behar dugu estatu demokratiko batean bizi garela. Prest gaude urruneko lekuetan indarkeria eta tortura aitortzeko, eta, batez ere, horiek herrialde ez-demokratiko deritzen nazioek egindakoak badira; baina testuingurua hurbilekoa denean, sinesgarritasun krisia sortzen da». Gehitu duenez, hedabideei dagokie errealitate hori zabaltzea, baina baldintzatuta egon ohi dira: «Ez dira askeak: klasearen, kapitalaren eta boterearen interesen mende daude. Hedabide gehienek torturaren existentzia ukatu zuten, edo ez zuten salatu behar besteko indarrez eta konpromisoz. Suntsitzaileagoa da herrien isiltasuna, boteretsuen errepresioa baino». Zehaztu du, liburuan bildu diren testigantzetatik batek ere ez duela jaso aitortza edo erreparaziorik; hain zuzen, otsailaren 13an liburua lekukoekin batera antolatu zuten aurkezpenean, Arrasateko Udalak «lehenengo aldiz» aitortu zien torturatu izaera.