Loraldi bete-betean daude bakarrizketak Euskal Herrian, eta, hori hauspotzeko asmoz, Algaraka bakarrizketa lehiaketa antolatu dute Bergarako Jardun euskara elkarteak eta Goiena komunikazio taldeak. «Euskal sortzaileei plaza bat eskaintzea, euskara eta gozamena uztartzea, euskarazko kultur eskaintzari ekarpena egitea eta aisialdirako aukera berriak eskaintzea». Asmo horiexek ditu lehiaketak, Jardun elkarteko kide Maitane Arizabaletaren esanetan. «Kultura, umorea, gozamena eta irria euskaraz egin daitezen sortu da Algaraka». Hiru kanporaketa jokatuko dira, eta Gipuzkoan izango dira denak. Maiatzaren 10ean izango da lehendabizikoa, Bergarako Seminarixoan; maiatzaren 17an jokatuko da hurrena, Urretxuko Labeaga antzokian, eta maiatzaren 24an izango da azken kanporaketa, Zumaiako Aita Mari aretoan. Finala maiatzaren 31n jokatuko da, Bergarako Seminarixoan. 20:00etan izango dira saio guztiak.
«Denoi gustatzen zaigu irri egitea, kulturaz gozatu eta momentu eder bat pasatzea… Izan ere, kultura, denontzat onuragarria izateaz gain, sendagarria ere bada». Hala uste du Arizabaletak, eta Oihane Agirre Goiena taldeko kidea bat dator harekin. «Barre egiten ez dakien herri batek nekez egingo du aurrera, umorea ezinbesteko baitugu norbanako moduan, eta baita kolektiboki ere». Agirrek dio euskarak erreferenteak behar dituela, alor guztietan: «Euskarak, normalizaziorako bidean, eremu guztietan egon behar du, eta, azkenaldian, eduki jakin batzuk beste hizkuntza batzuetan kontsumitzera ohitu gara. Euskarazko erreferenteak behar ditugu eremu guztietan, eta noski, baita umorean ere. Euskarak irakurleak, ikusleak, hiztunak, sortzaileak, jarraitzaileak, edukiak, lekuak, arnasguneak behar ditu, eta Algaraka umorearen arnasgunea izango da».
Hiru lagun arituko dira epaile lanetan: Idoia Torregarai kazetari eta umorista, Aner Peritz bertsolaria eta Josu Zubia kulturgilea. 11 bakarrizketari aukeratuko dituzte epaileek, eta hamabigarrena ikusleek; apirilaren 22tik aurrera izango da horretarako aukera, Algaraka.eus webgunean. Han zintzilikatuko dute hautatu guztien zerrenda, apirilaren 29an. Hamabi horietako bat behintzat bergararra izango da.
«Bai bakarrizketen munduan ari direnek eta bai hasiberriek irekita dauzkate lehiaketako ateak. Horixe sustatu nahi dugu, denentzat lekua egotea lehiaketa honetan»
MAITANE ARIZABALETA Bergarako Jardun euskara elkarteko kidea
Lau sari banatuko dituzte: irabazleak 1.000 euro jasoko ditu, eta bigarrenak, berriz, 600; gainera, Bergarako tostoiak eta erreilenoak jasoko dituzte biek. Bergarar onenaren saria ere banatuko dute, eta 250 euroko jasoko ditu, herrian erabiltzeko. Ikusleen saria ere banatuko dute, eta garaileak aukera izango du Bergarako Zumelaga jatetxean afaltzeko, baita Lamaino Etxeberri landetxean gau bat igaro eta bertan gosaltzeko ere.
Miren Nogales aurkezlea eta Jon Olivares aktorea arduratuko dira bakarrizketa saioak aurkezteaz.
Izen ematea, ixtear
Arizabaletaren esanetan, 16 urtetik gorako «edonork» eman dezake izena Algaraka lehiaketan. «Bai bakarrizketen munduan ari direnek eta bai hasiberriek edota lehen aldiz animatuko direnek irekita dauzkate lehiaketan parte hartzeko ateak. Horixe sustatu nahi dugu, denentzat lekua egotea lehiaketa honetan». Hain zuzen ere, parte hartu nahi dutenek gaur izango dute izena emateko azken eguna. Horretarako, bizpahiru minutuko bideo bat aurkeztu beharko dute, eta komunikazioa@algaraka.eus helbidera edo Algaraka.eus webgunera bidali. «Parte hartu nahi duen horri esango nioke mimo handiz ari garela lehiaketa prestatzen, etxean bezala sentitu dadin», azaldu du Agirrek. «Esango nioke, gainera, honetan hasteko gogoa badu hau dela bere tokia, euskarazko sorkuntzari ekarpena egiten diola, eta, umorea sendagarri denez, herritarrei umorea eskaintzeko hautua egitea oso ausarta eta eskuzabaltasun handikoa dela».
«Parte hartu nahi duen horri esango nioke honetan hasteko gogoa badu hau dela bere tokia».
OIHANE AGIRRE Goiena komunikazio taldeko kidea
Parte hartzaileek bakarrizketa «ahalik eta ondoen» prestatzeko aukera izango dute. Izan ere, antolatzaileek jakinarazi dute horretarako laguntza izango dutela, Getari Etxegarai eta Nerea Arriola aktore eta umoristak izango baitituzte ondoan. «Lehiakide bakoitzari bat egokituko zaio, eta parte hartzaileen sorkuntza hobetzen laguntzea izango da haien lana».
Goienak zuzeneko saioak ekoiztuko ditu, EITBrekin batera. Lau emanaldiak jasoko dituzte bideoan, eta Primeran plataforman eta Goienaren webgunean egongo dira ikusgai. «EITBrekin koprodukzioan lan egingo dugun lehen aldia izango da, eta erronka polita da Goienako kideontzako».
EGITARAUA
Maiatzak 10. Bergarako Seminarixoan, 20:00etan.
Maiatzak 17. Urretxuko Labeagan, 20:00etan.
Maiatzak 24. Zumaiako Aita Marin, 20:00etan.
Maiatzak 31. Finala, Bergarako Seminarixoan, 20:00etan.