Katxopo lehiaketa baten harira

Katxopo lehiaketa baten harira

Ez dakit non (sare sozialen batean) irakurri dudanez, ez dakit non (Espainia aldean, hor nonbait), katxopo lehiaketa bat antolatu eta jokatu dute, ez dakit noiz (oraindik orain). Eman nitzake datu zehatzagoak, sarean arakatuta, baina kontu jakina da idazle onek ez diotela dena mamurtu eta murtxikatua ematen irakurleari. Katxopoa zer den ez dakienik balitz ere, aise aurkituko du erantzuna Interneten, edo, bestela, etxetik gertuen duen harategian galdetuta.

Ez dut kontua hona ekarri irabazlea nor den esateko edo haren lanean epaimahaiak zer laudatu duen komentatzeko, lehiaketari buruzko komentario batzuek sortu duten polemikak nire pentsamendua noraino eraman duen adierazten saiatzeko baizik.

Katxopo lehiaketa bat antolatzea eta haren oihartzuna zabaltzea barregarrikeria negargarritzat jo dute batzuek, erridikulu tristetzat, eta neuk ere berehala egin dut bat horiekin, euskal sukaldari ospetsuak gure kulturaren ordezkari gorentzat hartzeko joera kritikatu ohi duten kultura sortzaileen ildotik.

Baina lehiaketarekin eta izan duen oihartzunarekin kritiko agertzen diren horiek ere ez dira kritika gabe gelditu, eta berehala agertu da plazan bere ustetako sasi-jakintsu elitistatzat jo dituenik. Horiek irakurrita, nire arrazoimen hauskorrak aise eta arin amaitzear zuela, ia erabat burutua, uste nuen gaiari buruzko iritzigintza prozesua geldiarazteko hutsartea eskatu dit.

Ez al da askoz zentzuzkoagoa eta beharrezkoagoa, are askoz serioagoa ere, katxopo lehiaketa bat ipuin lehiaketa bat baino?

Langile baten seme deklaratu zuen bere burua, behialako kantu ezagunean, Xabier Letek: «Aita eta amak nahiko ninduten/ fabrika batean,/ bizitzarekin borrokatzeko/ altzairu artean». Baina beste bide batetik jo zuen, jakina denez: «Izerdi asko ez dut isurtzen/ larreko pendizan,/ paper tartean murgildutako zomorroa izan».

Bi lanbide mota bereizten dira Leteren kantuan: eskuak zikindu edo izerdia isurtzea eskatzen dutenak eta paper tartean murgilduta egiten direnak. Eskuak zikintzeko eta izerdia isurtzeko moldeak aldatu egin dira, leundu eta goxatu neurri batean, teknologia esker, eta paper tartean murgilduta egiten ziren lanak pantaila aurrean eserita egin ohi dira gaur egun, baina bereizketa hori egin daiteke gau egun ere, batxilergoaren eta lanbide heziketaren arteko bereizketarekin nahiko estu lotuta, paralelismoa erabateko ez izan arren.

Leteren gazte garaian gutxi ziren eskuak zikindu gabe edo izerdirik isuri gabe lan egiten zutenak, fabrika edo tailerra zen lantoki normalena gizonentzat, horixe bera edo etxekoandretza emakumeentzat. Gaur egun, aldiz, asko dira —gara— eskuak zikindu eta izerdirik isuri gabe lan egiten dugunak, eta gutxi egunero eskuak zikinduz edo izerdia isuriz bizi nahi dutenak —kirolari ez izatekotan—, lanbide horien prestigioak eta, batez ere, lanbide horien baldintzek ez dutelako hobekuntza handirik izan; eta kasu askotan, ikaragarri prekarizatu dira.

Lehiaketak zeregin batzuei prestigioa emateko eta horietan ari direnei laguntzeko antolatzen direnez, eta zeregin horiek erakargarriago egiteko, ez al da askoz zentzuzkoagoa eta beharrezkoagoa, are askoz serioagoa ere, katxopo lehiaketa bat ipuin lehiaketa bat baino? Zergatik ateratzen zaigu, hortaz, barre ironiko bat katxopo lehiaketa baten berri izandakoan, ipuin lehiaketa bati buruz hitz egiten digutenean ez bezala? Ez ote zaigu komeni honetan ere, beste kontu batzuetan bezala, sakon samar txertatuak ditugun pentsamolde batzuk aldatzea?