«Negua nekatuta bukatzen dut, baina gogotsu heltzen diot hurrengo denboraldiari»

«Negua nekatuta bukatzen dut, baina gogotsu heltzen diot hurrengo denboraldiari»

Igor Alzelai Ormazabal (Legazpi, 1978) mendiko eskiko euskal selekzioko hautatzailearen arabera, «arraroa» izan da negua, elurra «gutxi» eta «berandu» egin baitu. Hori dela eta, ez dituzte egin mendi eskiko Euskal Kopako proba guztiak. Alzelai kezkatzen du klima aldaketaren eraginak, eta «ohiko» bihur ez dadin nahiko luke.

Aurten izan duzu eskiatzeko aukerarik?

Bai. Etxe bat daukat Candanchun [Aragoi, Espainia], eta sarritan joaten naiz. Alpeetan ere astebete egin nuen, urtarrilean, Chamonix inguruan; eskiko Europako txapelketak jokatu ziren han, eta aitzakia horrekin joan nintzen.

Euskal selekzioko hautatzaile batentzat orain hasten al dira oporrak?

Atseden hartzeko unea da, bai. Alaba, lana eta hautatzaile kargua kudeatu behar ditut, eta, azkenerako, asteburuak garesti ateratzen zaizkit. Denboraldia pixka bat okituta bukatzen dut. Udazkenean hasiko gara berriz: elurrik gabeko mendi irteeraren bat egiten dugu aurrena, eta gero, abenduko zubian, beste egonaldi bat egiten dugu Candanchun. Talde guztia elkartzen gara han. Ate irekien moduko deialdi bat ere egiten dugu, gaztetxoei erakusteko zer egiten dugun, daukagun materiala, nolakoak diren lasterketak…

Zein da euskal selekzioko hautatzaile baten eginbeharra?

Aukera ematea gogotsu dagoen jendeari. Gero, asko dira antolaketa lanak: bidaiak antolatzea, zenbat joango garen jakitea, lasterketetan egotea, laguntzea, gazteenei aholkuak ematea, jendea animatzea…

Zer hizkuntzatan egiten duzue selekzioan?

Gehienbat, euskaraz. Baina kanpoko jendea ere badaukagu, euskaraz ez dakitenak, eta horiekin gaztelaniaz egiten dugu. Euskal selekzioan egoteko Araba, Bizkai edo Gipuzkoan federatuta egon behar duzu.

Kirolarientzat badu esanahi berezirik euskal selekzioaren izenean lehiatzeak?

Joan den urtean lehen aldiz lortu genuen euskal selekzioaren izenean munduko txapelketan lehiatzea. Jendea oso motibatuta joan zen.

Eta zuretzat badu esanahi berezirik?

Niretzat oso polita da. Hamar urte baino gehiago daramatzat selekzioan, hasieran lehiakide moduan eta gero hautatzaile. Bost urte-edo izango dira jada. Ez dakit nola iritsi nintzen, baina hor jarraitzen dugu. Negua nekatuta bukatzen dut, baina gogotsu heltzen diot hurrengo denboraldiari.

Nola eman zenuen lehiakide izatetik hautatzaile izatera iristeko saltoa?

Aitor Murua egon zen hautatzaile moduan gure aurretik, eta Iñigo Olariz eta biok hasi ginen gero. Olarizek familia izan zuen handik gutxira, eta utzi egin zuen, eta nik jarraitu nuen.

«Elurra eta elurretako kirolak beti gustatu izan zaizkit; mendiko eskiak aldaketa bat ekarri zuen nire bizitzan»

Merezi al du hautatzaile izatea?

Ekonomikoki, ez. Asteburuetan dietak besterik ez ditut kobratzen. Baina taldean dugun giroa polita da, eta horrexek betetzen nau gehien. Jendea aldatu da, baina badaude haur zirela hasi eta oraindik jarraitzen dutenak. Familia oso handia gara azkenerako.

Eskiak ere izango du zerbait…

Elurra eta elurretako kirolak beti gustatu izan zaizkit; mendiko eskiak aldaketa bat ekarri zuen nire bizitzan. Suhiltzaile izateko oposizioak gainditu ondoren nahiko gogor aritu nintzen entrenatzen, eta [Frantziako Alpeetako] Pierra Menta lasterketan, adibidez, zazpi aldiz parte hartu dut; sutsuki bizi nuen lasterketa hori. Kontua da maila horretan egoteko sakrifizio handia egin behar dela.

Nolatan hasi zinen eskiatzen?

Nire anaiak 8 bat urte nituenean Luz Ardiden pistara [Okzitaniako Pirinioak] eraman ninduen. Lau anai-arrebetan txikiena naiz ni, eta Luz Ardidenera eraman ninduen anaia ni baino 16 urte zaharragoa da. Harekin hasi nintzen eskiatzen, eta neure kabuz mugitzeko aukera lortu nuenean, eskiko zeharkaldietarako bigarren eskuko materiala erosi nuen. Mendian ibiltzen hasi nintzen orduan. Eskalatu ere egiten nuen, bizikletan ibiltzen nintzen… Orain hamar bat urte serioago hasi nintzen, material arinagoarekin, eta Altitoy Ternua lasterketan parte hartu nuen. Hori dela-eta hasi nintzen selekzioan.

Zergatik mendi eskia eta ez beste modalitate bat?

Pista egiten momentu batean aspertu egiten zara, beti gauza bera dela iruditzen zaizulako. Gainera, beti gustatu izan zait sufrimendu puntu hori, eta, alde horretatik, oso kirol teknikoa da mendiko eskia. Egunetik egunera hobetzen ari zarela ikusteak gogobete egiten zaitu.

Leran ere ibilitakoa zara.

Lerako zazpi txakur eduki nituen, nire lehengusu Landerrekin batera. Urte batzuk egin nituen diziplina horretan sartuta.

Mendiko eskiatzailerik onenen aurka lehiatu izan da Igor Alzelai. Frantziako Alpeetan egiten den Pierra Menta lasterketan, esaterako, Kilian Jornet eskiatzailearen kontra aritu zen, Pierra Menta lasterketa lau aldiz irabazi duenaren aurka. Lau etapatan banatutako mendiko eskiko lasterketa bat da. «Eskiaren Frantziako Tourra». Hala deskribatu du Alzelaik Pierra Menta. Zazpi aldiz parte hartu du han, eta pandemiaren ostean utzi zion lehiatzeari. Irudian, Alzelai, Pierra Menta lasterketan, 2019an. HITZA

Azken hamarkada honetan asko aldatu da eskia?

Bai. Pentsa: mendi eskia olinpiar kirol ere bihurtu da. 2026ko Milango eta Cortina d’Ampezzoko [Italia] Jokoetan estreinatuko da, bi modalitaterekin: erreleboka eta esprintean. Hori aldaketa handia da, dirua ekarri duelako. Horretarako entrenatzen ari da, adibidez, Iñigo Martinez de Albornoz. Orain bekak lortu ahal izan ditu hark, BAT Basque Teamekoa eta Espainiako Eski Federaziokoa, eta aurten urte osoa pasatu du entrenatzen. Horren erakusle dira lortu dituen emaitzak: bi aldiz lortu du bigarren postua, eta Munduko Txapelketan laugarren egin zuen duela pare bat aste. Lasterketak streaming bidez ematen hasi dira, eta horrek ikusgarritasun handiagoa eman digu.

Gazteak ere badabiltza selekzioan?

Ez da erraza. Maila oso-oso handia da, eta selekziorako norbait behar duzu gurasoek eskiatzera eraman dutena txikitatik, material espezifikoa behar duena… Oso mugatua da, eta jende gutxi dabil.

Emakumezkoak aritzen dira?

Oso-oso gutxi. Baldintza asko daude, eta asko mugatzen du parte hartzea. Emakumeak gutxiengoa dira. Taldean hiru neska ditugu: Igone Campos, Nahia Quincoces eta Malen Osa. 21 urte ditu Osak, eta Campos eta Quincoces helduagoak dira.

Hautatzailea izanik, gustatuko litzaizuke mendi eskian jende gehiago aritzea?

Bai. Gustatuko litzaidake gaztetxo gehiago aritzea, aukeratu ahal izateko. Gainera, uste dut selekzioarentzat ona izango litzatekeela. Konpetentzia txikia edukitzeak erlaxatzeko arriskua handitzen du.

Elurra iraunkorra ez den herrialde batean eskiak badu tokirik?

Hasieratik barneratzen duzu kirol hau egiteko Pirinioetara joan behar dela, behintzat. Okerrena da orain Pirinioek ere ez dizutela ziurtatzen elurra egongo denik. Baina hemen ere izan dira oso urte onak, asko entrenatzeko aukera eman digutenak. Buetraitzera joaten gara [Oñati], Arantzazutik gora.

Kezkatzen zaitu klima aldaketaren eraginez elurrik gabeko neguak izateak?

Kezkatzen nau, bai, eta pena ere ematen dit. Negu betean zelaiak berde ikustea… Aurtengo negua arraroa izan da, elurra gutxi eta berandu egin baitu. Espero dut hori ez bilakatzea ohikoa, urte bateko kontua besterik ez izatea.

Suhiltzailea zara lanbidez. Nola uztartzen dituzu zaletasuna eta lana?

Suhiltzaile izateak aukera asko ematen dizkit: 24 orduko lan txandak egiten ditugu, baina jaiegunak ere izaten ditugu. Lankideekin txandak aldatzeko arazo handirik ere ez dut izaten.

«Suhiltzaileok ez gara bereziak; denok jokatzen dugu senarekin eta jarrerarekin egoera txarren aurrean gaudenean»

Eskiak badu onurarik suhiltzaile izateko? Eta suhiltzaile izateak eskiatzaile hobea egiten zaitu?

Ez dakit loturarik dagoen bi jardueren artean. Kirolaria izatea ona da fisikoki ondo egoteko, eta alderantziz.

Zer dela-eta erabaki zenuen suhiltzaile sartzea?

Ez nuen bokazioagatik egin. Familiako bazkari batean nire arrebak esan zidan suhiltzaile izateko oposizioetarako izen ematea abian zela, eta anaia batek eman zuen nire izena. Haiek animatu eta lagundu ninduten horretan. Ia hogei urte daramatzat suhiltzaile lanetan, eta, egia esan, oso-oso gustura nago. Asko betetzen nauen lan bat da, jendeari laguntzea bezalakorik ez baitago. Lehen, automozioko enpresa batean egiten nuen lan, eta niretzat ez dauka suhiltzaile izatearekin zerikusirik.

Gogorra ere izango da.

Urteekin ikasten duzu egoera zailak kudeatzen. Azkenean, suhiltzaileok ez gara bereziak; denok jokatzen dugu senez eta jarrera egokiaz egoera txarrei aurre egiteko orduan. Zerbait ateratzen da barrutik. Hori bai, lana bukatzen dudanean leher eginda uzten nau.

Legazpiko, Ordiziako eta Tolosako suhiltzaile taldeen arduraduna zara. Zein da zure egitekoa?

Nire ardura da, besteak beste, denok seguru lan egitea. 14:00etan sartzen gara, eta bilera bat egiten dugu, talde bakoitzarekin egin beharreko praktika desberdinak antolatzeko. N-1 errepidean gora eta behera ibiltzen naiz.

Aita gisa, aurkitzen duzu horretarako tarterik?

Bai, baina alaba nire eremura ekarrita, eskiatzera eramaten baitut. 2 urte zituenean jarriko zituen lehen aldiz eskiak, eta oso gustuko du. Zeharkaldi bat egitea baino maiteago du jaistea, eta pistan ibiltzen gara asko.

Eta zuretzako denbora baduzu? Zer egitea gustatzen zaizu?

Mendira joatea. Hondartzara gutxitan joaten naiz; alabarengatik joaten naiz. Bizikletarekin bidaiatzea ere gustatzen zait, eta errepidera ere ateratzen naiz. Eskalatzen ibilitakoa naiz, baina azken urteotan gutxiago aritzen naiz horretan.

motzean

Eskiatzeko leku bat?
Alpeak.

Elurra egiten duenean, zer sentitzen duzu?
Ilusioa.

Eta iragarri ondoren ez badu zuritzen?
Sekulako desilusioa sentitzen dut.

Saio luze baten ondoren, zein da ondo suspertzeko sekretua?
Deskantsua ondo egitea. Motibazioak eramaten zaitu gehiago egin nahi izatera, baina deskantsu on bat bezalakorik ez dago.

Nola ospatzen dituzu garaipenak?

Sari banaketetara talde osoarekin joaten naiz, beste norbaitek jasoko balu saria gustatuko litzaiokeelako taldekideak han egotea.

Idolo bat?

Gure gaztetxoak. Baten batek lorpen bat lortzen duenean, asko emozionatzen naiz, ia nik lortuko banu bezala. Â