Haize errotek harrotu dute hautsa

Haize errotek harrotu dute hautsa

Gipuzkoako lurralde osoa zipriztintzen ari da. Geroz eta azkarrago, eta geroz eta gehiago; han eta hemen. Energia berriztagarria sortzeko haize erroten parkeak egiteko proiektuak ugaritzen ari dira. Eusko Jaurlaritzak joan den urteko maiatzean argitaratu zuen energia berriztagarrien lurralde plan sektorialak eolikoak eremu gehiagotan jartzeko bidea ematen du. Hala ere, horiek eraikitzeko proposamenak heltzen diren neurrian, hainbat herritako lagunak antolatzen ari dira proiektu horien aurka egin eta beste energia eredu batzuk aldarrikatzeko. Horren erakusgarri izan zen, esaterako, Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian antolatu zuen manifestazioa, lurraren alde eta ingurumena suntsitzearen kontra. Bertan elkartu ziren Gipuzkoa osoko zenbait proiekturen aurka agertu ziren tokian tokiko taldeak. 

1

Meaka-Irimo plataforma

Meaka Irimo plataformak antolatutako mendi irteera. MEAKA-IRIMO PLATAFORMA

Antzuolako Meaka-Irimo plataforma lehen pausoak ematen ari da oraindik, baina irmotasunez eman dituzte pauso horiek. «Duela sei bat hilabete hasi ginen antolatzen. Orain bi urte jada udaletik jaso genuen herritarrok informazioa: esan ziguten Irimo mendiaren inguruan enpresa pribatu batek haize errota batzuk jartzeko asmoa zeukala. Duela hilabete batzuk jakin genuen jada ingurumenean izango zuen eragina aztertzeko txostena eskatu behar zutela, eta proiektua aurrera zihoala. Orduan hasi ginen arduratzen», esan du plataformako kide Fernando Iturbek. Capital Energy enpresak egin du Trekutz parke eolikoa jartzeko proposamena; berrehuna metroko eta bosna megawatteko potentzia izango luketen bi aerosorgailu eraiki nahi ditu Irimo gainean.

Plataformako kideek salatu dute Antzuolan «urbanizatu ezin den mendi bakarra» dela Irimo, eta gaur egun ere herrian beste hainbat azpiegitura handi daudela eraikita: «AHTa, autobidea arrunta zein elektrikoa eta gasbidea», besteak beste. Iturbek azaldu du orain egin nahi duten parke eolikoko dorreek zuzenean eragingo dituztela kalteak, baina horiek eraikitzeko azpiegiturek ere eragina izango dutela ingurunean zein herritarrengan: «Haize errotak muntatzeko materiala mendi gainera eramateko egin behar den bideak sekulako txikizioa sortuko du. Gainera, mendi gaina ere lautu egin behar da, eta horrek sekulako plataforma eskatzen du. Kalte izugarria egingo die inguruan bizi diren baserritarrei eta faunari. Adibidez, hor iturburu bat dago, eta Antzuolako baserritar askok handik hartzen dute ura».

Berrehuna metroko eta bosna megawatteko potentzia izango luketen bi aerosorgailu eraiki nahi dituzte Irimo mendian.
 

Taldeko kideak biltzen hasi zirenean, alegazioak aurkeztea izan zuten egiteko nagusia, otsailaren 6an bukatu baitzen horiek aurkezteko epea. «Talde teknikoetan antolatu ginen, alegazioak egiteko. Gero, herritarrak informatzea eta kezkak partekatzea izan da gure zeregin nagusia, eta, horretarako, hainbat ekintza egin ditugu; hitzaldiak eta batzarrak, tarteko. Giza kate bat ere antolatu genuen, eta hirurehun lagunek baino gehiagok hartu zuten parte». 3.022 sinadura bildu zituzten proiektuaren aurka. Iturbek argi dauka beste alternatiba bat bilatu behar dela: «Instalazio txikiak bultzatu behar dira, eta bertarako energia sortu, herritarrentzako».

2

Andatza-Ezkeltzu Bizirik

Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak antolatutako mendi irteera bat. ANDATZA-EZKELTZU BIZIRIK

Zizurkilgo herritarrek ere 2022aren hasieran jakin zuten Green Energy enpresak lau haize errota jartzeko proiektua aurkeztu zuela udaletxean. Ezkeltzuko mendiko eremuan egitea aurreikusita dago, Usurbil eta Zizurkil artean, eta berrehun metroko altuera duten lau haize errota jarri nahi ditu enpresak. Proiektuak Andatza-Elketzu Bizirik taldeko kide Ainhoa Gilen lurrak hartzen ditu, besteak beste. Gilek abeltzaintza ustiapen bat dauka lur horietan, eta salatu du enpresa ez dela harekin harremanetan jarri: «Udaleko zinegotziak jakinarazi zigun. Enpresa udalarekin baino ez da jarri harremanetan, ez lur jabeekin».

Materiala garraiatzeko errepideak eraiki eta Ezkeltzu mendia «ia lautu» egin nahi dute parkea egiteko.
 

Berria jakin eta gutxira hasi ziren Zizurkilen taldea antolatzen; bilera informal batzuk egin zituzten hasieran, baina laster hasi ziren lanean. Askotariko jendea dago taldean, Gilek azaldu duenez: interesa sortu zaien herritarrak, Ezkeltzun zentral eolikorik nahi ez dutenak eta proiektuak zuzenean eragiten dien lagunak. Kalteak kasu gehienetan berdintsuak dira: materialak garraiatzeko mendian errepide zabalak egin beharra, eta mendia «ia lautu» beharra, Gilen esanetan.

Egitasmoa hasierako fasean dago oraindik; alegazio epea ez da ireki, eta hori zabaldu bitartean «kontzientziazio lana» egin nahian dabil eolikoen aurkako taldea, hitzaldiak, erakusketak eta bestelako ekintzak antolatuz. Eolikoen aurkako gainontzeko taldeekin loturak egin nahi dituzte. «Beste herri batzuetako taldeekin harremana estutu nahian gabiltza, elkarrengandik ikasteko». Herrian eta udalaren aldetik, berriz, «isiltasuna» sumatu du taldeak: «Jendea mobilizatzea asko kostatzen zaigu. Orokorrean, gizartea geldirik dago».

3

Sañu Bizirik

Sañu Bizirik plataformak antolatutako prentsaurreko bat. SAÑU BIZIRIK

Azpeitia inguruan ere duela bi urte hasi ziren parke eoliko baten inguruko zurrumurruak. Orduko irailean, hedabideen bidez izan zuten proiektuaren berri herritarrek: Sañu mendian, Azpeitia, Errezil eta Zestoako lurretan, Piaspe zentral eolikoa egiteko asmoa zeukan Statkraft Norvegiako enpresak. Polemika ekarri du proiektuak harrezkeroztik. Berrehuna metroko bost dorre eraikitzea da enpresak egin duen proposamena. Baina, Sañu Bizirik taldeko Gaizka Otamendik azaldu duenez, Lasaoko azpiestaziora argindarra garraiatzeko sistema bat eraikitzeko beharra ere sortuko du proiektuak, ia-ia Urola ibairaino iritsiko dena, 50 metroko dorreekin. «Kontuan hartu behar da Piaspe proiektua hiru eremu naturalen inguruan dagoela: Izarraitzeko, Ernio-Gazumeko eta Aiako Harriko parke naturaletan», esan du Otamendik.

Sañu mendiko Piaspe parke eolikoaren aurkako alegazioak aurkezteko epea apiril hasieran bukatu zen, baina luzatzeko eskatu dute Sañu Bizirik taldeak lehenengo, eta udalak gero.

Sañu Bizirik taldea martxan jarri zenean, gaian adituak ziren profesionalekin jarri zen harremanetan. «Ikusarazi nahi genuen proiektu faltsu bat dela, ez dela benetako trantsizio ekologiko bat egiten ari. Manifestazio entzutetsu bat ere egin genuen joan den urtean», azaldu du taldeko kideak. Apirilaren 5ean bukatu zaie herritarrei proiektuaren aurkako alegazioak aurkezteko epea. «Guk epea luzatzeko eskatu genuen, eta bukatu egin zitzaigun luzapen hori. Orain, udalak eskatu du luzatzeko, eta 30 egunez luzatu dute epea. Oraindik ez du alegaziorik jarri, eta ikusi beharko da nola geratzen den kontua, hauteskundeak tartean baitaude».