Aurreko ostiralean jakin genuen berria: Eibarren 30 urtez lan egin duen udaltzain batek ez du euskara ikasi beharko finko izateko. Hala ebatzi du Donostiako Administrazioarekiko Auzien Lehenengo Epaitegiak. Ez du hizkuntza eskakizunik bete beharko. Prozesuan euskararen ezagutza baztertzailea izan ez dadila eskatu dio Epaitegiak Eibako Udalari. Apela dezakete epaia alde biek.
Euskararen kontrako oldarraldiaren enegarren erasoa, duda barik. Aspaldi ez ditut kontatzen zenbat halako gertatu diren, eta zenbat etorriko diren ere ez dugu jakingo, bata bestearen aurrekari bihurtzen delako, eta administrazio publiko guztiak egonkortze prozesuetan sartuta daudenez, hamaikatxo halako gaude ikusteko oraindik.
Kasu honek, halere, hurrekoa izateaz gain ―Hiri Guziz Eredugarriko biztanlea naizelako―, makina bat galdera eta hausnarketa ere eragin dizkit. Harridura eta haserrearen arteko sentimendua daukat, harriaserrea hitza asmatuta ez dakit gure lexikoari lagunduko diodan, baina bikoitza denez berriak sortu didana, berba berria behar dut.
Batetik, nola liteke langile publiko batek 30 urtean hizkuntza eskakizuna ez lortzea? Informazio gehiago ez daukagunez, hipotesiak baino ezin genitzake papereratu. Duela 30 urte Eibarko udaltzain batzuk liberatuta egon ziren eskatzen zitzaien euskara maila lortzeko, ondotxo dakit. Pertsona honek lanpostu finkorik ez zuenez, ez zioten liberaziorik emango, seguruenera, baina langile publikoa izanda, nahiz eta behin-behinekoa izan, euskara ikastaroa IVAP-APEIk ordainduko zion, eskaera egin izan balu, behintzat. Beraz, ez dago diruaren aitzakiarik, beste ikasle batzuek gustura hartuko lituzkete euskara klaseak doan.
30 urte gehiago jasan beharko dugu oldarraldia? Harrotu gaitezen behingoz eta exijitu ditzagun gure eskubideak.
30 urte, B2 lortzeko. Ez dakigu euskaltegian ibili zen, zein mailatara arte. Baina 30 urtean zeozer egin litekeela uste dut. 30 urtean batzuk jaio, hazi, beste hizkuntza bat ikasi, ikasketa batzuk egin, lana lortu ―txarra edo ona, ez dago gure esku―, independizatu, umeak izan, bidaiatu, irakurri, kirola praktikatu, dibortziatu… Hiru hamarkadak askorako ematen dute. Zer pentsatuko zuen, inoiz, inon ez ziotela eskatuko euskara profilik? Betiko egongo zela behin-behinean? Edo Eibarren ez zela beharrekoa euskaraz jakitea denok gaztelaniaz dakigulakoan? Hori pentsatuz gero, oker zebilen. Duela gutxi, gauez kalean nindoala, leiho batetik andre nagusi ezezagun batek deitu egin zidan, euskara hutsean. Emakumea ondo ez zegoela igartzen zen, eta munizipalei abisatzeko eskatu zidan. Hala egin nuen. Etorri zirenean, bat gaztelaniaz hasi zitzaion. Esan behar izan nion andreak euskaraz jardun zuela, euskara hutsean. Errekurtsokoa etorri izan balitz, zelan artatuko zuen emakumea? Nola ulertu?
Baina agente horrek ardura pertsonala badu ere, arduradun nagusia udala da. Alde batetik, nola kontrata liteke 30 urtean pertsona bera, lanpostu finkoa oposiziora atera barik? Zein ilegalitate klase da hori? Eta bestetik, zelan ez zion eskaini, eskatu eta exijitu langile horri euskararik 30 urtean? 30 urtean euren burua euskararen aldekotzat saltzen duten agintariek ere izango dute errua, ezta?
30 urtean hiru alkate izan ditugu, partidu berekoak, euskarari muzin.
30 urtean horrela. 30 urte gehiago jasan beharko dugu oldarraldia? Harrotu gaitezen behingoz eta exijitu ditzagun gure eskubideak.