Felix Zubia (Zarautz, 1974) Donostialdea ESIko zainketa intentsiboetako unitatearen burua da, eta hainbat hedabidetan aritzen da osasun gaiez. Insomnioaren inguruko hitzaldi bat emango du bihar Arrasateko Kulturaten; Zubiak azaldu duenez, mundu guztiko biztanleen %40k dute lo egiteko arazoa. Hitzaldian, horrek daukan eraginaz hitz egingo du, baita loaren higiene egokia izateko gomendioez ere.
Zeintzuk izaten dira insomnioaren eragileak?
Mundu guztiko biztanleen %40k daukate insomnioa. Kausa zehatzak ez dakizkigu, baina bi talde handi bereizten dira. Batzuk berezkoak dira, eta beste batzuk, gaixotasun baten ondoriozkoak: depresioa, parkinsona, alzheimerra… Berezko insomnioari dagokionez, estresa izan liteke arrazoi bat. Bestetik, bidaiek edo bizitza erritmoaren aldaketa etengabeek izan dezakete eragina, baita loaren ohitura txarrek ere.
Zergatik da hain garrantzitsua lo egitea?
Loa behar dugu energia aurrezteko: gorputza berritzeko eta garunaren jarduera elektrikoa berrezartzeko, baita gorputzaren tenperatura, hormonak eta immunitatea berrezartzeko ere. Ikasketa garaian, garrantzitsua da ikasi ditugun gauza horiek gogoan gordetzeko eta bere tokian mantentzeko ere.
Zenbat ordu egin behar dugu lo gorputzak egoki funtzionatzeko?
Oso aldakorra da pertsonatik pertsonara. Haurtzaroan gehiago behar izaten da: zortzi edo hamar ordu artean behar dituzte umeek, eta, helduagotuz joan ahala, behar diren orduak murriztuz doaz. Tarteak oso aldakorrak dira; batzuek nahikoa dute zazpi ordu lo egitearekin, eta beste batzuek hamaika behar dituzte.
Zer kalte dakar lo gaizki egiteak?
Batetik, egunerokoan izaten dugun nekea, gauzetan kontzentratu ezina eta hutsak egitea, baita istripuak izateko arriskua handitzea ere. Bestalde, insomnioak depresioa eta antsietatea handitzen ditu, eta hor sorgin gurpil batean sar gaitezke. Toxikoen kontsumoa ere handitu dezake; alkohola, batez ere. Tentsio arteriala ere igotzen du, eta baita bihotzeko arazoak izateko arriskua handitu ere.
«Pertsona batzuek nahikoa dute zazpi ordu lo eginda, eta beste batzuek 11 behar dituzte»
Zer dira lo apneak? Zergatik gertatzen dira, eta zer eragin dezakete?
Gero eta gehiago gertatzen den arazo bat da; batez ere, obesitateari lotuta. Lo gaudenean, muskuluen tonua lasaitu egiten dugu, eta giharrak gorputz guztian daude, baita eztarrian ere. Muskulu horiek tonua galtzean, eta ahoaren inguruan mamia baldin badaukagu, mami horrek atzera egiten du, eta horrek arnasaren pasabidea ixten du.
Zer eragin dauka horrek?
Zurrunga egiten dute patologia hori daukatenek, baina, zurrungez gain, arnasketa eteten dute. Arnasketa eteteak esnatu egiten ditu, eta horrek gauean etengabe esnatzea dakar. Lo apneak dituztenak gau bakarrean ehunka aldiz esna daitezke, eta atsedenik ez hartzea dakar. Ikusi da apneak handitu egiten duela gaixotasun kardiobaskularrak eta arritmiak izateko arriskua.
Nola diagnostikatzen da?
Bikoteak egiten du diagnostikoa, normalean. Nabaritzen du zurrunga asko egiten duela eta gauean etengabe eteten zaiola arnasa. Medikuari laguntza eskatuta, tratamendua jar daiteke. Alde batetik, pisua galdu beharko luke pazienteak, eta, bestetik, badaude makina batzuk airea sartuta arnasbidea zabalik mantendu eta arnasa hartzen laguntzen dutenak.
«Lehenik eta behin, loaren higienea zaindu beharko genuke, eta hori nahikoa ez denean soilik jo botiketara»
Jende askok hartzen ditu lo egiteko botikak.
Botiketara jotzen dugu, gure ohiturak aldatu beharrean. Insomnioaren kasuan, lehenik eta behin, loaren higienea zaindu beharko genuke, eta hori nahikoa ez denean soilik jo botiketara. Gainera, botikak epe motzerako izan beharko luke. Egia da jende askok hartzen dituela eta ia eguneroko botika bihurtu direla. Baina, berez, lehen urratsa higieneko neurriek beharko lukete.
Zeintzuk dira loaren kalitatea hobetzeko neurriak?
Lo egiteko ordutegi finkoa izatea, asteburuetan ere aldatuko ez dena. Ariketa fisikoa egitea ere gomendatzen da, baina lotaratu aurretik bi orduko tartearekin eginda gutxienez, gorputza atseden hartuta joan dadin ohera. Kafea, tabakoa eta alkohola ere utzi behar dira. Eta otordu arinagoak egin, afaltzeko garaian batez ere. Lo hartu aurretik erlaxatzen gaituzten gauzak egitea ere gomendatzen da, baina pizten gaituztenak, ez. Beraz, irakurtzea edo musika entzutea gomendagarria da, baina lasaitzen bagaituzte baino ez. Bestalde, pantailekin kontu berezia izan behar da, burua martxan jartzen dutelako, eta, gainera, argitasuna bidaltzen dute. Argitasun horrek esna egoteko esaten die garunari eta buruari. Eta gelako inguruak atsegina izan behar du, tenperatura eta argitasun egokia duena, eta ohera lotarako bakarrik joan.