Bost mende dira Hondarribiak Nafarroako Erresumako eremu izateari utzi ziola. Hain zuzen ere, Nafarroako Erresumaren azken portua izan zen, eta bosgarren urteurrenaren harira, Azken gaztelua, azken portua izeneko zikloa abiatu dute herrian. Hondarribiko zinegotzi Aitzol Arroyo historialaria izan da proiektuaren bultzatzailea. Izan ere, Amaiur (Nafarroa) herriarekin «lotura berezi bat» du Arroyok, azken hamar urteetan han egin dituzten indusketa lanetan parte hartu baitu. Kontatu du aditua zuela lehendik Amaiur Nafarroako Erresumako azken gaztelua izan zela, eta Hondarribia, berriz, azken portua. «Historian gehiago arakatu, eta bi herri horiei buruzko zerbait egiteko gogoz nengoen», esan du Arroyok. Hala, ziklo horren barruan, hainbat jarduera egiten ari da udala apirilean.
Hileko lehen hamabostaldian, Nafarroari buruzko erreferentzia jasotzen duten liburuak izan dira ikusgai, Zuloaga Etxea Udal Liburutegian. Horretaz gain, bi hitzaldi antolatu dituzte. Hilaren 19an egin zuten bat —Hondarribia eta Nafarroako guda (1521-1524)—, eta Peio Monteano aritu zen hizlari. Gaur izango da bigarren hitzaldia, Aitor Pescadorrekin, Arerioa ispiluan. Nafarroako gudako nortasunak eta erreferenteak (1512-1524) izenburupean, 19:00etan, Paradoreko areto sozialean. Erakusketa bat ere ireki dute, Nafarroako Erresumaren gaineko hainbat elementu jasotzen dituena, eta Arma Plaza fundazioaren egoitza izango da horien erakusleiho, maiatzaren 12ra bitarte.
Zikloari amaiera emateko, Amaiurren eta Hondarribiaren arteko senidetze ekitaldia egingo dute bihar udaletxean, bi herrien arteko lotura historikoa, kulturala eta hidrologikoa sendotzeko asmoz. Ekitaldia «etorkizunera begirako lanketa baten hasiera» izango dela azaldu dute antolatzaileek.
Azken portua
XVI. mendean Frantzia eta Ingalaterra ziren Europako potentzia nagusiak. Testuinguru horretan, Hondarribiak geoestrategikoki garrantzi handia zuen. Nafarroako Erresumaren itsasorako irteera bakarra zen, eta horrek merkataritza, hornikuntza eta tropen mugimendua itsasotik ere egiteko aukera ahalbidetzen zuen. «Mende horiek kaotikoak izan ziren», esan du Arroyok. «Hilabete batzuen buruan izaten ziren aldaketak askotan. Beste zenbaitetan, ordea, denbora gehiago behar izaten zuten».
«Historian gehiago arakatu, eta Amaiur eta Hondarribiaren gaineko zerbait egiteko gogoz nengoen».
AITZOL ARROYO Historialaria
Zinegotzi eta historialariak kontatu du, «historiografiaren barruan behintzat», 1512an izan zela Nafarroako gerraren hasiera. «Nafarrek, gaztelarrei aurre egiteko nahikoa indar ez zutela ikusirik, Frantziako inperioarekin aliatu, eta 1521ean galdutako lurrak berreskuratzeko saiakera bat egin zuten. Hasieran ondo joan bazen ere, Gaztelako Erresumak mendean hartu zituen azkenerako».
Arroyok azaldu du gudak, oro har, udaberri amaieran eta uda partean egiten zituztela, «eguraldi ona probestuz». Horrenbestez, 1521eko ekainean Noain (Nafarroa) galdu ondoren, nafarrek irailean egin zuten kontraerasoak ezustean harrapatu zuen Gaztela. Amaiur askatu, eta Hondarribira heltzea lortu zuten nafarrek. Hilabete eskasean, aurretik galdutako guztia birkonkistatzea lortu zuten, eta gaztelarrentzat Hondarribiko plaza galtzea «amesgaizto bat» izan zela dio Arroyok. Karlos V.a zen orduan Gaztelako enperadore, eta ahaleginak eta bi egin zituen Hondarribia berreskuratzeko. Are, tropak hiribildua setiatzera bidali zituen. 1522ko udaberrian, Amaiurri eraso egin, eta berreskuratu eta suntsitu egin zuten gaztelarrek. Eraso haren jakitun, Hondarribiarekin gauza bera egitea «aste gutxiko kontua» izango zela pentsatu zuten nafarrek. Bitartean, Frantziak janaria, tropak eta armamentua bidaltzeko saiakerak egin zituen, baina nafarrei bi urte eta erdian behin bakarrik heldu zitzaien laguntza hori. Arroyok kontatu du «nahiko kezkagarriak» izan zirela gerraren azken hilabeteak; izan ere, erasoak «eguneroko ogi» bihurtu ziren Hondarribian.
Egoera horretan, nafarrak «desmoralizaturik» zeudela dio historialariak. Horregatik, negoziazioaren bidea zabaldu, eta Hondarribiko barkamen ituna sinatu zuten 1524ko apirilaren 29an. Nafar soldaduek Karlos V.ari hitza eman behar izan zioten, eta Hondarribia, berriz ere, Gaztelaren menpeko bihurtu zen. Horren trukean, amnistiatuak izan zirela kontatu du historialariak: «1512tik egindakoak barkatu, ondasunak bueltatu eta Nafarroara itzultzeko baimena eman zieten».
Gertaera hartatik 500 urte pasatu direla probestuta eta garaiko kontuetan gehiago sakontzeko jakin-minak bultzaturik, Hondarribian egitasmo bat egiteko gogoz zen Arroyo, eta horren emaitza da Azken gaztelua, azken portua proiektua.