Gipuzkoako alkaterik gazteenak 24 urte ditu. Ugaitz Garmendia da, Baliarraingoa. Seguran, are gazteagoen esku ere utzi nahi dute agintea: haur eta nerabeen esku, hain zuzen. Herriko alkate Izarra Urdalletak esan du haurrek herriko politikan parte har dezaten nahi dutela, eta horretarako bideak sortu nahi dituztela. «Oso garrantzitsua da. Umeei galdetzeko ohiturarik ez daukagu, eta aldatu egin behar da hori. Parte hartzearen kulturan hezi nahi ditugu». Proiektua gauzatzeko, Oinherri herri hezitzaileen sarea dute lagun, eta bertako kide Maite Azpiazuk beharrezkotzat jotzen du haurren parte hartzea sustatuko duen halako proiektu bat: «Haurrak ez dira etorkizuneko herritarrak. Egungoak dira, hemen eta orain daudelako».
Gipuzkoan lau herri dira prozesu hori abiatu dutenak: Seguraz gain, Deba (Itziarren), Oiartzun eta Hernani. Azaroan hasi ziren lanean, eta bost saio egin dituzte ondotik. Amaitu berri dute lanketaren lehen zatia, eta ondorioak jasotzeko faseari ekin berri diote. Ekainean jarriko dute praktikan orain arte landutakoa, eta asmoa da proiektua gainerako herrietara zabaltzea, «udalaren eta haurren arteko distantziak txikitzeko».
Zer arlotan sustatu nahi dute, baina, haurren parte hartzea? Segurako alkateak esan du askotarikoa izan daitekeela kasuistika. Adibidez, parkeko zabua apurtuko balitz, abisua gurasoek eman beharrean haurrek eman dezatela nahi dute. Halaber, Urdalletak esan du udalak erabakiren bat hartu aurretik herritarren iritziak biltzeko garaian haurren nahiak ere hartu nahi dituztela aintzat. Horretarako, haurrengana iristeko modua behar dutela uste du, eta, hain zuzen ere, helburu horixe du abiatu duten egitasmoak. Azpiazuren ustez, ezinbestekoa da haurrenganako bideak sortzea: «Haurrei egokitutako kanalak sortu behar dira, hartu-emana egonkortu eta sistematizatuko duten modeloak».
Parte hartze handia
Amaitua dute lehen urratsa, eta, Oinherriko kidearen arabera, herriko eragile askok parte hartu du prozesuan. «Ederra izan da: jendeak dena eman du, gogo eta ilusio handia dagoelako». Bat dator alkatea, azaldu baitu ontzat jo dutela orain arte egindakoa: «Esperientzia positiboa izan da, aberasgarria».
«Munduan halako proiektu gutxi dago, umeei ez galdetzearen joera orokorra baita. Dena sortzeko dago, eta oso zaila da irudikatzea».
MAITE AZPIAZU Oinherriko hezitzailea
Landutako hori egunerokoan txertatzea: horixe da egin beharreko hurrengo urratsa. «Proiektu honen moduko gutxi dago munduan, umeei zer nahi duten ez galdetzearen joera orokorra baita. Dena sortzeko dago, eta oso zaila da alderatzeko ikusi ezin den zerbait irudikatzea», esan du Azpiazuk. «Ideia bat proposatzen genuen bakoitzean, zera pentsatzen genuen segidan: ‘Hori egin ahal izateko beste hau ere beharko genuke’. Errealitatearen eta ametsen artean oreka bilatu nahi izan dugu».
Iritzitik harago
Ez da gisa horretako ahalegin bat egin duten lehen aldia. Ikerbasque fundazioak Haurren Hiri eta Herrian Euskal Sarea plana sortu zuen orain urte batzuk. 2022az geroztik, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak kudeatzen du egitasmo hori, Familia eta Haurren Zuzendaritza Sailaren bitartez. Egun, Gipuzkoako hainbat herri daude proiektuaren barruan; tartean, Arrasate, Tolosa, Zumaia, Beasain, Soraluze eta Urretxu. «Zergatik haurrekin? Beren eskubidea delako, pertsona trebeak eta osoak direlako, eta behar dugulako. Egungo helduen ereduak alternatiba bat behar du», dio Jaurlaritzak proiektuari buruz aurkeztutako txostenak. «Haurrengandik ikas dezakegu, eta ikaskuntza hori egin dezakegu gure beldur eta erresistentziei erantzunez, modu atseginean».
Izarra Urdalleta Segurako alkatea, azaroan, udaletxeko balkoian. HITZA
Gainera, sare horri esker, besteak beste, kaleak jolasteko egokitu dituzte, herri eta hiri barruetan haurrak askatasunez eta seguru mugitzeko neurriak hartu, eta baita haurren kontseiluak eratzeko ere. Hala, txostenak dio «alkatetzaren organo aholku emaile» bihurtu nahi dituztela: «Hiriari eta tokiko kudeaketari buruzko ikuspuntua eskain dezatela da helburua». Alkatearen ikuspuntua «aberasteko» eta jende desberdinarekin lan egiten ikasten laguntzeko asmoa dute haurren kontseiluek. Azpiazuk eta Urdalletak esan dute udalek «geroz eta gehiago» jotzen dutela haurrengana erabakiak hartzeko garaian.
«Umetan herriko politikan parte hartzeko ohiturarik izan ez duenak nekez egingo du heldutakoan. Orain egindako lanari esker errazago egingo dute».
IZARRA URDALLETA Segurako alkatea
Azpiazuren ustez, gehiago behar da. «Iritzira iritsi gara, baina parte hartzea gehiago indartu behar da. Haurrek iritzia emateko eskubidea dute, parte hartzekoa, eta hori bermatzeko moduak sortu behar dira». Modu horiek, baina, «naturalak» izan behar dutela uste du Oinherriko kideak, «normalizatu eta iraun dezaten». Horixe da, hain zuzen, Oinherri herri hezitzaileen sarearen eginbeharra: haurrengana iristeko bideak diseinatzea. Askotariko hamalau eragilek osatzen dute sarea, eta Hego Euskal Herriko ia berrogei herritara zabaldu dute asmoa. «Tokian tokira egokitu beharko dugu, herri bakoitzeko errealitatea desberdina baita».
Baikor mintzatu da Segurako alkatea, uste baitu txikitatik erabakiak hartzeak etorkizunean mesede egingo diela haurrei: «Umetan parte hartzeko ohiturarik izan ez duenak nekez egingo du heldutakoan. Orain egindako lanari esker errazago egingo dute bihar».