Korrika eta txirrindularitza praktikatzen dituzte Tolosaldeko Ixilpen kirol klubean. Tolosako eta Ibarrako zenbait lagun izan ziren taldearen sustatzaileak. «Bi gauza elkartu ziren: pandemia eta lagun asko 30 urteetako krisian sartu ginela», azaldu du Xabi Urruzolak, taldeko koordinatzaileetako batek. «Nork bere bizikleta erosi zuen, eta ibili ahala, elkar zirikatzen hasi ginen. Egun batean, herritik laurogei kilometrora geundela, elkarrekin ibiltzen ginen bi taldetxok topo egin genuen. Kirolean hobetu nahi genuela esan genion elkarri, elkar zirikatzen genuenean besteei irabazteko. Orduan, batek esan zigun tranpak egiten ari ginela, eta ixilpen atera ginela kirola egitera. Hortik sortu zen izena».
Bizikletan hasiberriak ziren taldeko denak, eta, elkarrekin joateko hitzorduak jartzeko, Instagrameko kontu bat sortu zuten. «Konturatu ginen edozein irteeratan hamar-hamabost lagun inguru elkartzen ginela, eta proposatu zuten horretarako Whatsapp talde bat sortzea», esan du Urruzolak. Bizikletan ibiltzeko eguraldi kaskarra zegoenean, korrika egitera ateratzen ziren, eta hala hasi ziren bi kirol horiek taldean praktikatzen.
Denbora pasatu ahala, geroz eta jende gehiago hasi zen batzen. «Gogoan dut egun batean mutil bat azaldu zela esanez Instagramen ikusi zuela gure deialdia», esan du Jone Galanek, taldeko koordinatzaileetako batek. Bi Whatsapp talde dituzte egun: korrika egitera ateratzekoa eta bizikletan ibiltzera ateratzekoa. 50na parte hartzaile inguru dituzte taldeek, kontuan hartuta badagoela bietan parte hartzen duenik. «Jende berria azaltzen ari zenez, arropa egiteko ideia ere sortu zitzaigun». Baita egin ere: arrosa koloreko kamisetak egin zituzten taldeko kideentzat.
«Lagunarteko talde bat izatea da gure helburua, eta denon artean gustura egonez talde sena bultzatzea».
JONE GALAN Tolosaldeko Ixilpen taldeko kidea
Urruzolaren arabera, txirrindularitzan «ohikoagoa» da taldean ateratzea; korrika egiteko saioak, ordea, jendeak eskatuta jarri zituzten martxan. «Orain ez dago Tolosaldean lasterketarik Ixilpeneko norbait ez dagoenik». Galanek gaineratu du atentzioa ematen duela jantzita eramaten duten kamisetaren koloreak: «Karreretan jendea etortzen da guregana galdetzera ea nor garen». Partaide gehienak Tolosaldekoak bertakoak dira.
Galanen ustez, «lagunarteko kontu bat» bezala hasi zenak dimentsio handiago bat hartu du. Hala eta guztiz ere, filosofia berari eusten diote: «Lagunarteko talde bat izatea da gure helburua, eta denon artean gustura egonez talde sena bultzatzea. Pentsa daiteke korrika egitea kirol indibidual bat dela, baina korrika egitean ere senti daiteke talde sentimendua».
Denek garrantzi bera
Taldeko kidea da Joseba Olaetxea ere. Txikitatik atletismoan ibiltakoa da. Utzi egin zuen gero atletismoa, eta itzultzea erabaki zuen aurrerago, federatu gisa lehiatzeko. «Orain pare bat urte erabaki nuen denbora gutxiago eskaintzea atletismoari, eta federatuen mailan aritzea. Ixilpen taldea ezagutu nuenean, ikusi nuen hobeto islatzen zuela nire egungo filosofia», esan du. «Ixilpenek lagun talde bat eskaintzen dit, bakoitzak garrantzi bera duena, eta nork bere erronkak eta bere mugak gainditzeko prozesuak dituena. Azkenean, indibiduala den kirol hau talde kirol gisa ulertzea».
Emaitza onak lortzen ari da Olaetxea irailaz geroztik. Udazkenean egin zen Hiru Hondartzetako Krosean jantzi zuen Ixilpen taldeko elastikoa lehen aldiz, eta bigarren egin zuen lasterketan. Taldeko emakumezko korrikalari batzuek ere lortu dute podiumera igotzea, eta Ixilpenen jarduna zabalduz joan da orduz geroztik.
«Animatu, eta gustura sentitzen nintzen, ikusten nuelako ez nituela denbora jakin batzuk egin behar Ixilpenekoekin korrika egiteko».
ANE GILELALDE Tolosaldeko Ixilpen taldeko kidea
Ane Gibelalde ere taldeko kide da, eta azaldu du Olaetxearenaz bestelakoa dela bere egoera: «Ni Berazubiko gimnasioko zintaren gainean aritzen nintzen korrika, eta Jonek esan zidan berekin ateratzeko kalera korrika egitera. Ez nuen uste animatuko nintzenik, baina azkenean animatu nintzen». Ixilpeneko kideekin hasi zen korrika saioak egiten, eta Tolosan entrenatzen ziren, Berazubiko pistan. «Gustura sentitzen nintzen, ikusten nuelako ez nituela denbora jakin batzuk egin behar haiekin korrika egiteko. Urte horretan Jonek bere lehenengo Behobia-Donostia egin zuen, eta, hori niretzat pentsaezina bazen ere, neu ere egitera ausartu nintzen hurrengo urtean». Gibelalde taldearen parte sentitzen da, Olaetxea bezala. «Besteek bezala disfrutatzen dut. Niretzat, Berazubin korrika egitea taldean sozializatzea da, eta terapia moduko bat ere izan daiteke».
Taldearen parte izateko, Instagramen duten kontuaren bitartez edota Whatsapparen bidez jar daiteke haiekin kontaktuan, baita taldeko edonori galdetuta ere. Korrika egiteko eta bizikletan ibiltzeko arropa ere salgai dute, eta entrenatzaile pertsonala edukitzeko aukera ere eskaintzen dute. «Beharrak sortu ahala, erantzunak emanez joaten gara», esan du Galanek.