Maiatzaren 1ean, asteazkenean, ireki ziren Enirio Aralarko larreak abereentzat, eta datorren urteko urtarrilaren 31ra arte bertan bazkatzeko aukera izango dute 1.060 behik, mila behor inguruk eta 16.500 ardik. Ganadu larriaren kopurua inoizko handiena izango da aurten –urtez urte goraka doa–, eta ardienari eutsi egiten zaio iaztik.
Enirio Aralarren larratzeko aukera izatea «berebizikoa» da Zaldibiako Gorrine baserriko Andoni eta Ander Murua aita-semeentzat. «Onuragarria da, bai abereentzat eta bai abeltzainentzat», esan du aitak. Izan ere, kontatu du animaliak garaiera jakin batean daudenean gutxiago gaixotzen direla eta osasuntsuago daudela. «Iaz, gaixotasun bat sartu zitzaien behean abereei, baina goian, ia azkenera arte, ez zen bat bera ere gaixotu». Gainera, aita-semeen arabera, abereek maite dute askatasuna, eta asteazkenaz geroztik «saltoka» sartzen dira belardietara, «pozik». Nolanahi ere, biek azaldu dute abereek ez dutela negua ukuiluan igarotzen.
Abereak larreak edukitzeak baserritarrentzat onura ekonomikoak dituela jakinarazi dute muruatarrek. Izan ere, animaliek belar naturala jaten dute, eta, horrenbestez, elikatzeko kostua txikiagoa da. Enirio Aralarko Mankomunitateak 3.300 hektarea baino gehiago ditu, eta maiatzetik urtarrilera arteko denbora baliatzen dute neguan denbora faltagatik egin izan ezin dituzten lan batzuk egiteko: hesiturak konpondu, kasu baterako. «Nahiko nuke hala balitz, baina ez gara oporretara joaten», esan du Andoni Muruak. «Gora eta behera» ibiliko direla dio, atseden hartzeko asti handirik gabe.
«Abereak larratzeko aukera izatea onuragarria da, bai abereentzat eta bai abeltzainentzat».
ANDONI MURUA Baserritarra
Horren hedadura zabalean joan-etorrian ibili behar dutenez, Muruatarrek irisgarritasunean onurak eskatu dituzte. «Azken urteetan asko hobetu da irisgarritasunaren kontua, baina gehiago behar dugu. Gu lanera goaz, eta pista sare onik izan ezean, desgastea handia da».
Uraren kudeaketan ere badago zer hobetua, Gorrine baserrikoen ustez. «Ez da urik falta», esan du aitak. «Baina dagoena hobeto administratu behar da». Haren arabera, ubideek galerak dituzte, eta hoditeria sarera basozainek soilik dute sarbidea hoditeriaren gaineko kontrola kanalizatzeko. Baina horrek, muruatarren hitzetan, ur eskaria asetzeko hartu beharreko erabakiak moteldu egiten ditu.
25. festa
Larratze sasoiaren hasiera Larraizko Zamao atsedenguneko langa irekitzeko ekitaldi sinbolikoarekin hasi ohi da. Eguerdian, Enirio Aralar Mankomunitateko lehendakariak eta lehendakariordeak suziri bat botatzen dute, eta segidan, artalde, behi eta txekor multzo batek langa pasatzen dute. Hala inauguratu zuten aurtengo aldia ere, asteazkenean. 1990eko hamarkadaren bukaeran sortu zuten larreen irekierari ekiteko festa, baina pandemia tarteko, aurtengoa izango da 25. aldia.
«Iaz gaixotasun bat sartu zitzaien behean abereei, baina goian, ia azkenera arte, ez zen bat bera ere gaixotu».
ANDONI MURUA Baserritarra
Festa borobiltzeko, erromeria, herri kirol erakustaldia eta artisau produktuen azoka ere izan zen asteazkenean. Inaugurazio ekitaldiak ez zuen eguraldia lagun izan, eta festa itxura hartzea kostatu zitzaion Larraitzi. Gogotik egin zuen euria goiz osoan, eta gorago, elurra ari zuen; larrerik altuenak zuritu egin ziren.