Adinekoen komunitatea indartuz, digitalizazioaren bidez

Adinekoen komunitatea indartuz, digitalizazioaren bidez

Adinekoak teknologia berrietara hurbiltzea, haien autonomia hobetu eta zahartze aktiboa sustatzeko. Hori da Adinkide proiektuaren helburu nagusia. Tolosan, Lasarte-Orian, Pasaian eta Urretxun jarri dute martxan. Hala ere, adinekoen digitalizazioa beste xede batera bideratu nahi dute: komunitatea sustatu eta adinekoen bakardadea leuntzea, belaunaldi arteko harremanak sustatuta.

[articles:2124529]

Ingurune digitalean mugitzeko gaitasunak garatzen erakusten diete adinekoei, gisa horretako ikastaroak ematen dituen Asmoz fundazioarekin batera. Besteak beste, Osakidetzaren plataforma digitala erabiltzen, online bankua kudeatzen edo bideodeiak egiten erakusten diete ikastaroetan, baita garraio publikoko ordutegiak kontsultatzen edo NAN berritzeko ordua eskatzen ere, esaterako. Horrekin batera, Interneten iruzurrak saihesteko hainbat gako ematen dizkiete. 

Belaunaldien arteko topaguneak antolatzea da proiektuaren beste eginkizun bat. Azken urtean gisa horretako hamabost topaketa antolatu dituzte Lasarte-Orian, Tolosan eta Pasaian.

Auzokide Bikainak izeneko proiektua ere biltzen du egitasmoak: aplikazio bat sortu dute, eta haren bidez harremanetan jarri nahi dituzte auzoetako adin desberdinetako pertsonak, «auzoko jarduerez elkarrekin gozatzeko». Aplikazioa deskargatu behar dute auzokideek, eta bertan jar ditzakete auzoan planak egiteko proposamenak, edo beste batzuek proposatuetakoetara batu. Adinekoak digitalizaziora hurbiltzearekin batera, auzoei «bizitasuna» eman nahi die egitasmoak, adin ezberdinetako bizilagunen arteko sareak sustatuta.