Hiru gurpilen gainean, berriro mundura

Hiru gurpilen gainean, berriro mundura

Hiru gurpil, 70 urtetik gorako bi emakume daramatzan orga erraldoi bat, eta gazte bat atzean, pedalei eragiten. Irudi ezohikoa da, baina Hondarribiko herritarrak jada hasi dira kalean triziklo batean doazen adinekoak ikusten, bertako Nagusikleta proiektuari esker. Donostian hasi ziren gisa horretako ibilgailuak erabiltzen adinekoak mugitzea bultzatzeko, eta joan den ekainean Hondarribian ere hasi ziren trizikloekin irteerak egiten Balazta eta Nagusilan elkarteko kideak. Pixkanaka proiektua Irunera hedatzen dabiltza orain.

[articles:2124533]

«Proiektua aurrera ateratzeko garrantzitsuena, Balazta eta Nagusilanen arteko sinergia izan da», adierazi du Jesus Mari Gerra (Astigarraga, 1946) Nagusilaneko kideak. Baietz dio buruarekin ondoan begira daukanak: Manu Izagirre Balaztako partaideak (Hondarribia, 1966). Udaletxean biak batu dira, Josu Peña (Hondarribia, 1992) gizarte arloko zinegotziarekin. Adinekoen «bakardadearen aurka» egiten du lan Nagusilanek. Elkarteak Gipuzkoako 27 herritan dauzka taldeak, eta Hondarribian berrogei kidekoa osatu dute. Besteak beste, adinekoentzako «ibilaldi osasuntsuak» eta elikagai bilketak egiten dituzte; Hondarribiko zahar etxeetara ere joan ohi dira egoiliarrak gurpil aulkietan paseoan eramatera.

Gerrak Nagusilanen Donostiako egoitzaren bidez izan zuen Bizikletaz Adinik Ez egitasmoaren berri, 2021ean. Zehazki, trizikloekin egiten ari ziren proiektuaz hitz egin zioten. «Donostiara joan nintzen trizikloak nola erabili ikasteko prestatu zuten kurtso batera, eta bertan topatu nintzen Balaztako kideekin. Bakoitza bere aldetik aritu beharrean, pentsatu genuen Bidasoarako halako proiektu bat batera egitea polita litzatekeela».

Manu Izagirre Balaztako kidea, Josu Peña zinegotzia eta Jesus Mari Gerra Nagusilaneko kidea, astelehenean, Hondarribian, astelehenean, Hondarribian. IÑIGO URIZ / FOKU

Balaztak zertxobait gehiago ezagutzen zituen trizikloak. Elkartea 2016. urtean hasi zen Hondarribian bizikleta bidezko garraioa lantzen, eta azken urteetan oinezko garraioa eta gurpil aulkiena ere landu dute, besteak beste. «Irunen tailer kolaboratibo bat ere muntatu dugu. Bizikleta zaharrak birziklatzen ditugu han. Irungo Udalak uzten digu lokala, eta bizikletak konpondu edo despiezeak egiten dituzte boluntarioek edo bazkideek», esan du Izagirrek.

Elkartean bazeukaten trizikloekin beste leku batzuetan egin dituzten proiektuen berri, Izagirrek azaldu duenez: «Danimarkatik dator ideia. Munduan 50 herrialdetan jarri da martxan jada Cicling Without Age egitasmoa. Katalunian ere sekulako indarra zeukan, baina Gipuzkoan Donostian soilik egiten zen. 2016an hasi ziren, urte horretan Europako Kultur Hiriburu izendatu zutela aprobetxatuta lortu baitzuen bertako taldeak triziklo bat. Hona ere ekarri nahi izan dugu». Pasaian ere badaukate trizikloa, baina, Balaztako kideak adierazi duenez, ez dute hura mugitzeko nahikoa boluntario.

Azkenean, Nagusilanek eta Balaztak duela bi urte aurkeztu zuten proiektua Irungo eta Hondarribiko udaletan, eta handik urtebetera eman zien Hondarribikoak lehen trizikloa. Beste bat eman zien gero Laboral Kutxak, eta ondoren beste bat Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Trizikloak mugitu eta adineko jendea eramateko kuadrilla polita batu gara Hondarribian. Joan den ekainean hasi ginenetik, 43 irteera egin ditugu; bakoitzean hiru triziklo, eta sei pertsona». Triziklo bakoitzeko lagun bat joaten da gidari lanetan, eta beste bat bizikletaz joaten da trizikloen ondoan. Bizikletan doanak ere garrantzi handia dauka: bidegurutzeetan ikusgaitasuna eman, eseri edo altxatzerakoan laguntzen du. Gainera, bidean zehar geldialdiak egiten dituzte, eta «giroa» sortzen da gelditzen direnean, Izagirrek dioenez.

Nagusikleta egitasmoaren irteera bat, Hondarribiko hondartzan. NAGUSIKLETA

Boluntario gisa, trizikloak gidatzeko, 30 lagun daude izena emanda, eta Balaztakoek ikastaroak ematen dituzte aldiro hala aritu nahi dutenentzat. «Trizikloan hiru lagun doazenean, ibilgailuak hirurehun kilo baino gehiago pisatzen ditu, eta ikasi behar da malda dagoenean edo koskak ondo pasatzeko nola erabili». Astero egiten dituzte irteerak eguraldia lagun badute, eta Hondarribiko lau egoitzetako erabiltzaileak eramaten dituzte.

Ibilaldiak baino gehiago

«Trizikloak errazten du atzean eta aurrean doazenak elkarrekin hizketan joatea ibilaldian zehar. Batzuk kantari ere joaten dira; konplizitatea sortzen da haien artean», dio Izagirrek. Adi entzuten du bien arteko elkarrizketa Josu Peña zinegotziak. «Gizarte ikuspegi batetik ere izugarrizko proiektua da», esan du Peñak. «Izan ere, pertsona horiek egoitzetatik atera ditzakegu, eta itsasoa ikustera eraman, esaterako. Askotan, urteak daramatzate kaira edo hondartzara gerturatu gabe, Hondarribian bizi arren. Pertsona horiek herria nola aldatu den ikustea garrantzitsua da». Harekin bat dator Gerra: «Egoitzetako jendea oso gustura egon ohi da. Aulkietan ateratzen ditugu ia egunero paseoak ematera, baina trizikloan beste kontu bat da. Porturaino joatea, hondartzara, baratzeetan zehar ibiltzea…, gauza ezberdinak dira».

Nagusikleta egitasmoak Gabonetan egindako irteera. NAGUSIKLETA

Peña zinegotziak gehitu du «ikusgarritasunaren» aldetik ere baduela garrantzia. «Badirudi pertsonak egoitzetan sartzen ditugunean ahaztu egiten ditugula, eta ikusezin bilakatzen dira. Jada ez dira kalean ikusten. Baina herritarrek kalean doazenean trizikloan ikusten badituzte, horrek ematen die ikusgaitasun bat, eta berriro herritartzen dituzte». Gizarte arloko hautetsiak aipatu du adinekoentzako proiektuek pisu berezia dutela Hondarribian, Gipuzkoako 65 urtetik gorako biztanleen batezbestekoa gainditu egiten baitute. «Auzoak ere oso zatituta daude, eta bertan bizi diren adinekoak urrunduta. Auzoak eta adinekoak ere nolabait konektatu behar ditugu». Gerrak ere aitortu du Nagusikleta proiektuari «auzoetara iristea» falta zaiola: «Seguru nago Amute eta Mendelu bezalako auzoetan etxetik atera ezin den jende asko dagoela, bakardadean. Auzoetako pertsona horiek identifikatzea lortuko bagenu, gustura joango ginateke laguntzera». Izan ere, nabarmendu du proiektua «egoitzetatik haratago» garatu nahi dutela.

Proiektua Irunen gehiago hedatzea da beste helburu bat. Gerraren esanetan, Hondarribian «dezente» zabaldu da egitasmoa, eta Irunen ere premia ikusten dute: «Hemen baino egoitza gehiago daude, baina Irunen boluntario falta dago oraindik; egitasmoan parte hartuko duen pertsona gehiagoren bila gabiltza».