Aurrekoan beilatokira joan behar izan nuen. Egia esatera, azken boladan nahi baino sarriago tokatu zait halakoetara joatea; adinaren ajeak, zoritxarrez. Eibarren beilatoki bi daude, eta bisitatu nuena herriaren sarreran dago, Bizkaitik etorrita, Gipuzkoako lehenengo kalean, Otaola etorbidean, hain zuzen.
Autoz osorik pasatu nuen kale hori beilatokitik bueltan. Askotan egindako bidea bazen ere, beste begi batzuekin begiratu nion ezker-eskuma agertzen zitzaidan paisaiari. Beharbada kopilotu nindoalako, edo agian hilbeilan entzundako kontu batzuk buruan nerabiltzalako bueltaka. Ez dakit, baina ikusitakoak lotsaz bete ninduen.
Etorbide hori ezagutzen dudanetik, tailer, enpresa eta negozioz beteta egon izan da, eta gure industriaren gainbehera ezagutu arren, izutu egin nintzen. Baliteke izatea kanpotar begiekin so egin niolako alde bietan ikusitako dekadentziari, automobilean posizio aldaketak beste ikuspuntu bat eman izan balit bezala. Hala ikusi nituen makinatxo bat eraikin huts abandonatuak, jaustekotan. Tarteka, beilatokia, kontzesionarioak, gasolindegi bat eta ospitalea ia aurriak diren edifizio artean. Eta ez dakit gure agintari eskaparatismozaleek zelan ez duten ezer egin itxura, behintzat, konpontzeko. Jakinekoa da auzo periferiko asko ditugula herri industrialak izan zirenetan, baina ia beti «lotsak» ezkutatuta egoten dira, eta inguruan ibiltzen eta bizi direnek baino ez dituzte ezagutzen industria hondamendiaren hondakinak. Nik deskribatutakoa bista-bistan dago herrira (eta probintziara) sartzean: ongi etorri. Agintean daudenak oso kanpolarrosa dira, itxurakerietan jaun eta jabe. Horregatik harritzen nau hainbeste panoramak. Adierazitakoak ez du esan nahi ondo deritzodala auzoetako abandonuari, ez horratio. Azalutsen erresuman benetan bitxia!
Halako hamaikatxo herri ditugu Gipuzkoan eta Bizkaian, gure iraganaren ikur tristeak. N-634 errepidea hartzea baino ez dago bide bazterretan eskeleto ugertuak ikusteko.
Auzo periferiko asko ditugu herri industrialak izan zirenetan, baina ia beti «lotsak» ezkutatuta egoten dira, eta inguruan ibiltzen eta bizi direnek baino ez dituzte ezagutzen industria hondamendiaren hondakinak
Errepideetan ez ezik, herrietako auzo ahaztuetan ere badaude. Hustutako fabriken hondarrek auzo marjinal bihurtu dituzte gune horiek. Urteak joan urteak etorri, egoerak okerrera egin du. Beraz, zer egin zona horiekin? Nor arduratuko da eraisteaz, birgaitzeaz edo moldatzeaz? Zer egin zutik eta ondo dauden edifizioekin? Bota, herri batzuetan egin den moduan? Kontserbatu? Ba ote dute baliorik?
Galdera larregi momentuan erantzuteko. Donostian Tabakalera gorde zuten, hasieran jakin barik zer egin etxe erraldoi horrekin. Baina herri guztiak ez gara Gipuzkoako hiriburua. Bilbon, suntsitu zituzten ia guztiak, eta beste eraikin ikusgarri batzuk jaso euren lekuan. Diruak eta interesek eraiki zituzten edifizio ikoniko bihurtu direnak, nahiz eta Botxori arima zati bat ostu. Baina gure herrietan ez da hainbeste diru sartuko. Ez gara Urdaibai, gure lur kutsatuak garbitzeko, eta Guggenheimik ere ez digute proiektatuko (nahi ere ez).
Zer, orduan? Ondarea dira, asko eder eta ikusgarriak. Babestu beharko lirateke halakoak, eta besteak birgaitu ahal balira, birgaitu etxe sozialak sortzeko, lokalak talde eta elkarteak euren aktibitateak egiteko, lantegi edota lanlekuak eratzeko, kultura espazioak eraikitzeko… Eta txarto daudenak lurrera bota, eta berdeguneak egin bertan.
Iragana akorduan manten dezagun, behintzat!