Denda bat baino zerbait gehiago

Denda bat baino zerbait gehiago

Labore Oarso elikadura kontsumo kooperatiba bat da. Duela zazpi urte sortu zuten Oiartzualdean, eta, hain zuzen ere, zazpi urteko ibilbidearen hausnarketa egiteko bildu dira kooperatibako kideak berriki. Balantze ona egin dute.

Taldeko kide Xabier Iragorrik esan du orain dela hamabost urte hasi zirela Labore Oarso sortzeko lanetan. «Udalbiltza ilegalizatu [2003] ondoren, Zazpiak Bat sarearen bitartez solidario izan nahi genuen Euskal Herrian zeuden arazoekin». Zazpiak Bateko kide zen Iragorri, eta, kontatu duenez, sareak laguntza eskaini zien, esaterako, Zuberoako ikastola bati eta Kako baserriari (Zuberoa). «Lortu genuen Zuberoako ikastolari bultzada bat ematea, eta Kako baserriaren kasuan, nekazariek lortu zuten eskatzen zuten lurra beraien lana beste eredu batean egiteko». Laborariek euren produktuei irtenbide bat eman ahal izateko eskatu zioten Zazpiak Bati. «Inguruko dendetan eskatu genuen laborari horiek laguntzeko, baina erantzuna ez zen positiboa izan».

Horrenbestez, 2013an «beste zerbait» pentsatzen hasi zirela esan du Itsaso Larretxea Labore Oarsoko kudeatzaileak. «Dohaintza logika horretatik ateratzea izan zen helburua». Larretxeak dioenez, «ekonomia erreala» sustatu nahi zuten. Besteak beste, lurraldetasuna, euskara, elikadura burujabetza eta elikagaien zirkuitu propioa bezalako balioak hartu nahi zituzten ardatz, eta proiektuari forma ematen hasi ziren. «Ikusi genuen produktu ia-ia guztiak Euskal Herrian ekoizten zirela eta pribilegio bat zela bertako produktuak kontsumitu ahal izatea. Osasunaren aldeko apustua ere egin genuen. Bertako produktuak erosiz, lanpostuak sortzen ziren, eta eskualdeak kohesionatu».

«Jendeak esaten zuen erotuta geundela ekonomia sozial eraldatzailea sortu nahi izateagatik eta kapitalismoaren inertziari alternatiba eskaintzeagatik».
ITSASO LARRETXEA Labore Oarsoko koordinatzailea

Osatzen ari ziren proiektuaren beste gakoetako bat zen «bidezko prezioak» ezartzea, ekoizleei zuzenean erosita edo ahalik eta bitartekaritza gutxienarekin. Iragorriren hitzetan, elikadura ez dute negozio gisa ulertzen, eskubide moduan baizik. Hala sortu zen Labore Oarso. Elikadura «erdigunean» jarri nahi izan dute hastapenetatik, «eredu industriala» eta transgenikoak baztertuta. Larretxeak gaineratu du egitasmoa agroekologiarantz ari direla bideratzen. «Burujabetzarako bidean saretze bat behar zela ikusten genuen. Zeuden egiturak baliatzea zundatu zen, baina ez zen posible izan, eta egitura berriak sortzea erabaki genuen». Labore Oarsoko koordinatzailearen hitzetan, epaitu egin zituzten horregatik: «Jendeak esaten zuen erotuta geundela ekonomia sozial eraldatzailea sortu nahi izateagatik eta kapitalismoaren inertziari alternatiba eskaintzeagatik».

Garapena

Proiektuaren asmoa «utopia egingarria» dela uste dute Labore Oarsoko kideek, eta hori lortzeko ahaleginak egiten ari dira. «Ezina ekinaren ekinaz egiten ari gara». Azaldu dute bostehun familia bazkiderekin hasi zutela proiektua eta 150 produktu inguru saldu zituztela lehen urtean. Zazpi urteko ibilbidean, bazkide kopurua bikoiztu dute, eta eskaintza, hamar aldiz handitu. Gainera, hasieran langile bakarra aritzen zen, eta egun sei langile dira. Kooperatiban bost azpibatzorde dituzte, eta «hainbat belaunalditako» hirurogei bat lagun aritzen dira «auzolanean». Larretxeak esan du euskaraz egin dutela lan beti.

«Bestelako kontsumo kultura bat». Horixe sustatu nahi du Labore Oarsok, argi baitaukate erosketa «hautu politiko bat» dela. «Erosten duzunaren eta erosten duzun lekuaren arabera, ari zara bultzatzen paisaia bat edo kontsumo eredu bat», esan du Larretxeak. Haren hitzetan, elikadura burujabetza «ezinbestekoa» da klima aldaketari «galga jartzeko», bai eta ekoizleei ondo ordaintzeko bidea ere. Gainera, koordinatzaileak dio prezioei buruzko aurreiritziak uxatu nahi dituztela: «2021ean merkatu ikerketa egin genuen saltoki handietako dendetan, eta gure produktuak %15-40 merkeagoak dira. Gure erresilientzia handiagoa da, eta prezioak ez dira hainbeste igotzen, eta ez dugu espekulatzen».

«Gizarte honetan aldaketa handia egiteko gai izango ginateke guztiok bertakoa erosiko bagenu».
XABIER IRAGORRI Labore Oarsoko kidea

Ekoizleei dagokienez, Euskal Herrikoak %61 dira, eta, koordinatzaileak jakinarazi duenez, gero eta nekazari gehiago ari dira proiektura batzen. «Ekoizleei irtenbide duin bat eskaini nahi diegu. Eskaera badago, eta geroz eta nekazari gazte gehiago ari dira pausoa ematen, baina duindu behar da lanbidea, jendea hurbildu dadin».

Oiartzun Burujabe izenpean, kooperatibak Oiartzungo Udala bultzatu du Elikadura Mahaia sortzera. Burujabetza helburu duten sektoreak batuko ditu egitasmo horrek: elikadura, hezkuntza eta zaintza. «Labore Oarso ez da denda bat bakarrik, tresna bat da eraldaketarako», esan du Larretxeak. Bat dator Iragorri: «Gizarte honetan aldaketa handia egiteko gai izango ginateke guztiok bertakoa erosiko bagenu».