Zer egin kedarrak dena belzten duenean? Galdera hori egin diete beraien buruari azken hilabeteetan Gipuzkoako hainbat txokotako herritarrek, beraien etxeak su hartu duenean. Hedabideetan oihartzuna izan dute, besteak beste, Donostiako Parte Zaharrean izan direnek. Herrigune zein hirietan egon diren suteen jatorria askotarikoa izan da: tabernako sukaldeko sutea, piroteknia zein sistema elektrikoaren zirkuitulaburrak. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak dio ez dela normalean baino sute gehiago izan.
«Eskaileretan gora abiatu ginenean, dena kearekin belztuta zegoen jada», dio Mikel Iraola Goiazko ostatuaren arduradunak. Apirilaren 26an hartu zuen su Goiazko ostatu bakarrak. Ostatuaren gainaldean sortu zen sutea, eta, gerora aseguruak bidalitako ikertzaileek argitu dutenez, zirkuitulabur baten ondorioz piztu ziren lehen txinpartak. Eraikinaren behealdean zegoen ostatua, eta goiko aldean Iraola eta haren familia bizi ziren. «Orain dena berritu beharra dago, teilatua eta guzti erre delako; dena, goitik behera. Ostatuko jangela da kiskali ez den toki bakarra, baina sua itzaltzeko bota zuten uraren ondorioz diru kutxa eta tresneria guztia hondatuta dago», gehitu du Iraolak. Esan du suhiltzaileen eraginkortasunari esker sua ez zela ondoko baserrira iritsi.
Goiazko ostatua, erreta, apirilaren 26ko sutearen ondorioz. TOLOSALDEKO ATARIA
Sutearen ondoren, ordea, errautsak baino ez zaizkie geratu. «Goiko aldean bizi ginen, eta guztia erre zaigu: arropa, etxeko gauzak… Ezer gabe geratu gara, eta nora joan ez dakigula». Bidaniko ostatua ere Iraolaren familiak kudeatzen du, eta ostatu horrek dauzkan bi gela txikitan daude orain: «Oso leku txikia da, eta ez gara moldatzen». Iraolak jakinarazi du Bidania-Goiatz herrian ez dagoela alokatzeko moduko etxerik. «Baserri bat aurkitu dugu, baina garesti alokatzen dute. Bizitzeko moduko leku baten bila gabiltza».
Ostatuaren eraikina udalarena da, eta haren kudeaketa hartzen duenak alokairuan izaten du. Azken urteotan hainbat tabernarik alokatu izan dute, eta Iraolak duela urtebete hartu zuen: «Jende asko pasatu da bertatik azken urteetan, eta txukundu beharra zegoen. Pintatu egin genuen, behar ziren txukunketak egin… Zertarako, eta orain dena erretzeko». Gehitu du badaukala kalteak konpondutakoan ostatua berriro zabaltzeko asmoa, baina udalaren aseguruak zer esango duen zain daude.
«Orain eraikin guztia berritu beharra dago, teilatua eta guzti erre delako; dena, goitik behera».
MIKEL IRAOLA Bidania-Goiatzen erretako ostatuaren arduraduna
Bestelakoa da Loren Loidiren kasua. Donostiako Parte Zaharreko Zumeltzegi tabernaren gainean bizi zen familiarekin. Tabernako frijigailu batek sua hartu zuen otsailaren 19an, eta suteak ia-ia eraikin osoa hartu zuen. «Tabernako ke erauzgailuaren hodia asko berotu zen suarekin, eta azkenean hark ere su hartu zuen. Parte Zaharrean, taberna asko daudenez, horien hodiak etxebizitzen patioetatik gora doaz. Hodia berotasunarekin paretatik askatu zen, eta gas hodietara hedatu zen sua», azaldu du Loidik. Patioan zeuden ezkerraldeko lau etxebizitzek izan zituzten kalteak; sukalde gehienak kiskali dira, eta guztiei leihoak lehertu zaizkie beroagatik, besteak beste.
Orain, Loidik eta haren familiak bi hilabete eta erdi daramatzate alokairuan, beste etxe batean. Gutxienez, sei hilabetez egon beharko dute etxetik kanpo, kalteak konpondu bitartean. Sukaldea kiskali zitzaien, eta etxeko beste zati batzuk ere kedarrarekin belztuta geratu ziren. «Lehenengo hiru egunetan, udalak hotela jartzen dizu, eta hor bukatzen da haren zeregina. Zuk zeuk aurkitu behar duzu beste toki bat, eta, Donostiako etxebizitzen egoera kontuan hartuta, ia ezinezkoa da hori. Guk, azkenean, lagun batzuen bidez lortu dugu; bestela, ezinezkoa da. Udan alokairuen prezioak hirukoiztu eta laukoiztu egiten dira hemen».
Donostiako Parte Zaharreko bizilagunek egindako protesta bat, tabernetan suteen aurkako neurriak errespetatzeko ikuskaritza gehiago eskatzeko. GOTZON ARANBURU / FOKU
Aseguruekin kexu da Loidi, eta esan du «letra txikiari begira» ibili behar izan dela. «Oso nekagarria» egin zaio: «Sukaldeko mahaia erosten, antzeko prezioa duen bat erosi behar duzu, adibidez. Baina zuk ez dakizu lehen zenuenak zehazki zenbat balio zuen, zer erosi behar duzun… Dena da mundu bat».
Hark ere suhiltzaileen lana goraipatu du, eta nabarmendu haien baldintzak hobetzea ere garrantzitsua dela segurtasuna bermatzeko: «Sutea itzaltzera etorri zirenean, zortzi hilabete zeramatzaten protestan eta pankarta bat zeramaten kamioian, Gure prekarietatea, zuen intseguritatea jartzen zuena. Udalarekin izan genituen bileretan esan genuen hori ere aintzat hartzeko».
«Lehenengo hiru egunetan, udalak hotela jartzen dizu eta hor bukatzen da haren zeregina».
LOREN LOIDI Etxea erre zaion Donostiako bizilaguna
Horrez gain, bizilagunek udalari eskatu diote Parte Zaharrean ikuskaritza gehiago egiteko; egurrezkoak dira eraikin asko, eta, batez beste, taberna bat dago 29 biztanleko. Loidik nabarmendu du Zumeltzegi tabernako kasuan istripua gertatu zela eta segurtasun neurri guztiak betetzen zituela jatetxeak, baina azkenaldian Parte Zaharrean izan dira irregulartasunen ondorioz sortutako suteak ere. Esaterako, Senra tabernak sua hartu zuen iazko abenduaren 11n, legez kanpoko parrilla baten ondorioz. Orduan, bederatzi familiak irten behar izan zuten etxeetatik ezbeharraren eraginez.
Errenterian urteko lehen egunean egon zen sutea, suziri baten ondorioz. GORKA RUBIO / FOKU
Errenterian aurtengo urteko lehenengo egunean gertatutakoa izan zen beste sute entzutetsu bat. Herritar batzuek botatako suziri baten ondorioz etxe bateko azken pisuko esekitoki batek sua hartu zuen, eta etxebizitza bati kalte handiak eragin zizkion.
Ohiko kopurua
Aldundiko suhiltzaileek nabarmendu duten arren ez direla normalki baino sute gehiago gertatu, nabarmendu dute geroz eta material sintetiko gehiago erabiltzen direla etxeetan eta, oro har, egunerokoan, eta material horiek erretzean suaren hedapena azkartu eta sutearen potentzia handitzeko arriskua dagoela. Suteak saihesteko, suhiltzaileek gomendatu dute urtero tximinia aztertu eta garbitzeko, ke kanpaietako iragazkiak garbitzeko, eta ABC hautsa gisako su itzalgailuak etxean edukitzeko, besteak beste.