Atlas Garaian dagoen Taghia (Maroko) herriko etxe guztietara dagoeneko iristen da ura. Izan ere, eguzki panelekin energia sortu eta ura ponpatzeko sistema instalatu berri dute han, Aitzol Ibarzabal azpeitiarrak eta Iñaki Arakistain azkoitiarrak sortutako Taghia Eguzkiz Blai proiektuari esker. Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuan irakasle aritutakoa da Arakistain, eta, hain zuzen ere, ikastetxe horrek parte hartu du proiektuan. Are, ikastetxeko dozena erdi bat lagun izan dira Taghian maiatzaren 11tik 19ra bitartean, instalazioa muntatzen, beste hainbat boluntariorekin batera.
2021ean Marokora eskalatzera egindako bidaia baten ondotik abiatu zuten proiektua Ibarzabalek eta Arakistainek, eta, egitasmoa gauzatu ahal izateko, Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxera jo zuten. Hango irakasle Mikel Arregik (Hernani, 1971) azaldu du erronken arabera funtzionatzen dutela eskolan, eta Taghia Eguzkiz Blai proiektuak aukera eman diela modulu desberdinetan askotariko gaiak lantzeko: «Administrazioaren edota informatikaren arloan lanketa egiteko aukera eman digu proiektuak, ez soilik mekanismoaren inguruan. Oso pozik gaude, ikastetxe guztia inplikatu delako proiektuan».
«Administrazioaren edota informatikaren arloan lanketa egiteko aukera eman digu proiektuak, ez soilik mekanismoaren inguruan».
MIKEL ARREGI Tolosaldea Lanbide Heziketako irakaslea
90 etxe eta seiehun biztanle inguru ditu Taghiak. 2.000 metro inguruko garaieran kokatuta dago, eta, ur emari handiko ingurunea izanagatik ere, orain arte ura ez da etxe guztietara iritsi. Bi ur depositu dituzte, baina, gainaldean dagoenera ura ponpatu ahal izateko, gasolina erabili izan dute orain arte. Bertan pasatutako egunetan, eguzki plakak jarri dituzte ikastetxeko kideek; hartara energia sortu eta kable baten bitartez garraiatuz, beheko depositutik goikora ura ponpatu ahal izateko. Modu horretara iritsiko da ura mendi hegalean dauden etxeetara.
Muntaketa egin ahal izateko, ikastetxean bertan egin dituzte frogak azkeneko hilabeteetan. «Instalazio guztia muntatuta eduki dugu. Taghian materialak eskuratzeko aukerarik ez dagoenez, komeni zitzaigun dena lotuta eramatea, guztiak ongi funtzionatzen zuela ikusteko», esan du Arregik. Proiektuaren finantzaketan ere lagundu du ikastetxeak: 35.000 euro inguru bildu dituzte, eta, ikastetxetik kanpoko jendeak egindako ekarpenekin batera, hainbat enpresak materiala ekoizpen prezioan saldu dietela azaldu du irakasleak.
Astebete emankorra
Zubeldia Rent enpresak lagatako bi furgonetetan abiatu zuten Marokorako bidea Arregik eta beste hiru lagunek, eta tartean ziren Arakistan eta proiektua gertutik jarraitu duen Christian Ravier eskalatzaile ezaguna. Bidea «eroso» egin zuten Tangerrera iritsi ziren arte. «Eraman ez genituen agiri batzuk eskatu zizkiguten aduanan. Hiru egun eman genituen ez aurrera eta ez atzera, egoera konpondu nahian, eta, halako batean, ez dakigu ondo nola, egoera desblokeatu eta pasatzen utzi ziguten. Ziztu bizian Taghiarako bidea hartu genuen». Arregik, umorez, esan du «epika» erantsi ziola bidaiari Tangerren trabatuta geratu izanak.
«Tentsio handiko egunak bizi izan genituen; pentsatzen genuen materiala ez zela iritsiko».
OIHANA MENDIZABAL Tolosaldea Lanbide Heziketako irakaslea
Herrixkan zain zituzten hegazkinez joandako Oihana Mendizabal irakaslea (Ataun, 1976) eta ikastetxeko lau ikasle. «Tentsio handiko egunak izan ziren; pentsatzen genuen materiala ez zela iritsiko, eta, beraz, proiektua ezingo genuela gauzatu», esan du Mendizabalek. «Horregatik, oso hunkigarria izan zen aduanan zeudenak furgonetetan herrira iritsi zireneko unea».
Taghiara bidaiatzeko aukera izan dutenetako bat da Ugaitz Azkarai (Bidania-Goiatz, 2005). Mekatronika ikasten ari da, eta nabarmendu du materiala iristerako eguzki plakak instalatzeko lanak aurreratuta zituztela: «Goiko deposituaren aldameneko lurra lautu eta dena prest geneukan. Guk ideia askorik ez geneukan, eta lanik handiena gurekin batera Euskal Herritik joandako dozena bat boluntariok egin zuten». Hango herritarren laguntza ere izan dutela esan du ikasleak.
Mikel Arregi eta Oihana Mendizabal Tolosaldea Lanbide Heziketako irakasleak eta Ugaitz Azkarai ikaslea, lehengo astean, Tolosan. JON MIRANDA
Proiektuak Taghian izango duen eragina ikusita, herritarrak «oso eskertuta» agertu zaizkiela azaldu du Mendizabalek, eta kontatu du behin instalazio lanak amaituta agur festa jendetsua egin zietela mendi magalean. «Guretzako oso esperientzia hunkigarria izan da, ikaragarrizko bizipena. Ikastetxean harreman gertukoa dugu ikasleekin, eta bidaiarekin areagotu egin da harreman hori».
Azkaraik esan du «kostatu» egiten zaiola astebetean Taghian bizi izandakoak hitzez adieraztea. «Bertatik bertara ikusi gabe zaila da han nola bizi diren azaltzea, motz geratzen dira hitz guztiak. Niretzat umiltasun lezio bat izan da». Horregatik, ikasleei zer pentsa eman die Marokon bizi izandakoak. «Han pasatu genituen egunetan, justu-justu, egunean behin gurasoei ondo geundela esateko erabiltzen genuen sakelakoa, eta hemen, aldiz, ordubetean zenbat jakinarazpen jasotzen ditugu eskukoan? Eta, jaso gabe ere, zenbatetan begiratzen dugu?».
«Zaila da han nola bizi diren azaltzea, motz geratzen dira hitz guztiak. Niretzat umiltasun lezio
bat izan da».
UGAITZ AZKARAI Tolosaldea Lanbide Heziketako ikaslea
Martxan dira dagoeneko eguzki plakak Taghian, eta, horri esker, etxe guztietako iturrietara iritsiko da ura hemendik aurrera. Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuak orain Tahgia Eguzkiz Blai proiektuaren lan administratiboarekin eta hedapenarekin amaituko du bere partea. Beste erronka baterako indarrak hartuko dituzte, Arregiren hitzetan, beti omen delako baliagarria ikastetxean egunero ikasitakoak praktikan zerbaitetarako balio duela ikustea. «Proiektuak askorako balio izan digu; gauza polita egin dugula iruditzen zaigu».