Bi herri dira Tolosa eta Ibarra, baina aise irits daiteke batetik bestera, zubi batek batzen baititu. Hain zuzen ere, bi herri horietan egingo dute gaur EHME Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak urtero antolatzen duen Musikaldi jaialdia. Goizeko bederatzietan hasiko da jaia, Tolosako Zumardi Handian, eta hainbat ekitaldi izango dira egun osoan zehar Tolosako eta Ibarrako gune desberdinetan. Tolosako Eduardo Mocoroa eta Ibarrako Loatzo Musika Eskolek antolatu dute aurtengo jaia, bi udalen babesarekin.
EHME osatzen duten ikasleak eta irakasleak elkartzea da jaialdiaren asmo nagusia, bai eta elkar ezagutu eta modu bateratuan kontzertuak ematea ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 53 musika eskolatako 2.700 musikari batuko ditu Musikaldik. «Musikak batzen ditu horiek denak, eta horixe da jaialdiak duen gauzarik ederrena: musikak leku berean batuko dituela ia 3.000 musikari», esan du Amaia Lizaso Tolosako Eduardo Mocoroa musika eskolako zuzendariak. «Horregatik, Musikonexioa izendatu dugu aurtengo aldia, musika izango delako musikari horien guztien konexio, eta jaialdia egingo den bi herriak elkar konektatuko direlako».
Amaia Lizaso Tolosako Eduardo Mocoroa musika eskolako zuzendaria eta Miren Mujika Ibarrako Loatzo musika eskolako zuzendaria, asteartean, Anoetan. HITZA
Hamabost musika genero eta askotariko estilotako berrehun talde pasa aditu ahal izango dira egun osoan. Horien artean daude, besteak beste, musika bandak, ganbera taldeak, dultzaina, akordeoi, txistu edota hari-instrumentu jotzaileen taldeak, konboak, abesbatzak eta dantza taldeak.
Guneka banatuta
Zumardi Handia izango da gune nagusia. Goizeko bederatzietan hasiko da lehen ekitaldia, Ibarrako Alurr eta Tolosako Udaberri dantza taldeen emanaldiarekin, eta Nerea Alias eta Julen Telleria arituko dira aurkezle. Ibarrako Alurr eta Tolosako Udaberri dantza taldeen emanaldia izango da horren ondotik. Segidan, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen ohorezko aitortza jasoko dute musika arloan ibilbide oparoa egindako bi emakumek, euskal kulturari egindako ekarpenagatik. Gainera, bi urte barru Musikaldi antolatuko duen herriak Musikaldiren hurrengo aldia antolatzeko lekukoa hartuko du.
Donostiako musika eskola ere izango da aurkezpen ekitaldian, eta harekin batera joko dute behar bereziak dituzten ikasleek. «Lehendabiziko aldia izango da halako zerbait egingo dena, eta guretzat ohore bat da hori», esan du Loatzo musika eskolako zuzendari Miren Mujikak. «Behar berezidun ikasle dezente ditugu, eta egia da integratzen ditugula, baina uste dut ez ditugula behar bezala ikusarazten». Horrenbestez, uste dute «errealitatea islatzeko aukera ona» izango dela gaurko jaialdia.
«Musikak leku berean batuko ditu ia 3.000 musikari, eta horixe da Musikaldi jaialdiak duen gauzarik ederrena».
AMAIA LIZASO Tolosako Eduardo Mocoroa musika eskolako zuzendaria
Tolosan lau gunetan banatuko dira emanaldiak. Topic zentroan, ganbera musika kontzertuak izango dira; Alondegiaren eta frontoiaren artean, banda eta konboak arituko dira; Leidor antzokian, ballet eta dantza garaikideko ikuskizunak ikusteko aukera izango da; eta Herrikide ikastetxean, abesbatzen eta akordeoi taldeen emanaldiak.
Ibarran hiru gune antolatu dituzte: Azkue plazan, euskal dantzak eta txistularien kontzertuak izango dira; udaletxeko plazan, bandak eta soka orkestrak, eta Emeterio Arrese plazan, abesbatzak eta trikiti jotzaileen emanaldiak. Horrez gain, goizean hainbat kalejira egingo dira, musika banda zein akordeoi, dultzaina eta trikiti taldeekin. Arratsaldean jarraipena izango du jaialdiak; izan ere, Distopia elektrotxarangaren doinuek girotuko dituzte Ibarrako kaleak.
Elkarlana
«Saiatu gara gure arteko elkarlana ahalik eta hobekiena lantzen, kontua ez baita jaialdia antolatzea soilik. Bakoitzak dituen baliabideak eta azpiegiturak elkarrekin banatzea ere eskatzen du antolakuntzak», esan du Mujikak. Bat dator harekin Lizaso: «Horixe izan da jaialdia antolatzearen ederrena: gure arteko elkarlana». Eduardo Mocoroa musika eskolako zuzendariak gaineratu du «babes handia» eman dietela EHMEkoek: «Elkartea egongo ez balitz, ezingo litzateke halako jaialdi handi bat egin. Ondoan izan ditugu prozesuan zehar laguntza behar izan dugunero». Bestelako laguntza ere jaso dute, eta, horregatik, esker onez mintzo dira biak ala biak: «Zumardi Handian ez dira kabituko zor ditugun esker oneko hitz guztiak».
«Musika eskoletako ikasleek urte osoan egiten duten lana ikusarazteko egun bat izan dadin nahi dugu».
MIREN MUJIKA Ibarrako Loatzo musika eskolako zuzendaria
Lizasok esan du orain lau urte jaso zutela antolatzeko lekukoa, eta urte eta erdi bat da antolakuntza lanei ekin zietela: «Poliki-poliki abiatu ginen lanarekin, eta azken hilabete hauetan izugarrizko lana egin dugu». Mujikak azaldu du azken unean lotu beharreko «gauza txiki asko» lotu behar izan dituztela. Jaialdia antolatzeko hartutako lana aintzat hartuta, bi zuzendariak «gogoz» daude. «Nahiko genuke jendeak ondo pasatzea», adierazi du Loatzoko zuzendariak. «Baina, batez ere, musika eskoletako ikasleek urte osoan egiten duten lana ikusarazteko egun bat izan dadin nahi dugu».