‘Bullying’-a amaitzeko urratsak

‘Bullying’-a amaitzeko urratsak

Azken urtean ez da jaitsi ikastetxeetan jazarpena jasaten duten haurren kopurua. Hori diote, beste urte batez, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuek. 2022-2023ko ikasturtean 218 jazarpen kasu identifikatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan— ikuskaritzak guztira aztertutako 1.543 kasuen %14 —. Arazo horri aurre egiteko, Finlandian sortutako metodo bat da Kiva programa, eta Gipuzkoako ikastetxe askotan programa hori jarri dute martxan bullying-ari aurre egiteko. Luzera begirako ondorioak eragin ohi dizkie haurrei gisa honetako jazarpena pairatzeak.

[articles:2125533]

Jaurlaritzak ez ditu oraindik Gipuzkoako datuak eman, baina, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datu guztiak batuta, eta aurreko ikasturtearekin alderatuta, kasu gehiago aztertu zituen 2022-2023ko ikasturtean Hezkuntzako Ikuskaritzak: 1.098 izan ziren 2021-2022ko ikasturtean, eta 1.543, berriz, 2022-2023ko aldian. Horren ondorioz, aztertutako gertaeretatik jazarpen gisa identifikatu direnak ere gehiago izan dira; 157 izan ziren 2021-2022ko ikasturtean, eta 218 kasura igo da kopurua azken ikerketan. Hala ere, bi gertaeretan berdintsua izan da guztira aztertutako kasuetatik jazarpen gisa izendatu dituzten kasuen ehunekoa: %14.

Oñatiko Txantxiku ikastolako ikasleak, Kiva programako saio batean. TXANTXIKU IKASTOLA

Oñatiko Txantxiku Ikastolan, esaterako, ez dute ikusi kasuen gorakadarik, joan den ikasturteekin alderatuta, baina adierazi dute halako gertaerak gertatu gertatzen direla oraindik. «Hala ere, kasuak igo izan edo ez, guk prebentzioari ematen diogu indarra», esan du ikastolako irakasle Ane Picok. Izan ere, prebentzioari garrantzi handia ematen dion Kiva programa erabiltzen dute Txantxiku ikastolan, bai eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko gainontzeko ikastetxeetan ere.

Prebentzioa ardatz

Prebentzio estrategia gisa, Kiva programak ikasleen artean jazarpenari buruzko kontzientzia sustatu nahi du, eta, besteak beste, elkarren artean gaiari buruz eztabaidatzera eta hitz egitera bultzatu nahi ditu. Horrez gain, jazarpen kasuak gertatzen direnerako protokolo propioak ditu Finlandian sortu duten programak.

Ikastola bakoitzean Kiva formakuntza hartzen duten irakasleak daude, eta ikasturte osoan hainbat jarraipen bilera izaten dituzte. Pico da Txantxiku ikastolan Kiva programan trebatu den irakasleetako bat, eta azaldu du zenbait gai lantzen dituztela saio horietan: «Kivako arduradunak egoten dira saioak dinamizatzen eta eskola jazarpenarekin lotura duten hainbat gai lantzen. Besteak beste, sexu jazarpena, ziber jazarpena, datuen analisia… Horrez gain, bertara agertzen garenok gure bizipenak partekatzen ditugu, eta kasuen esku hartzeen inguruko gomendio eta pautak jasotzen».

«Gure bizipenak partekatzen ditugu, eta kasuen esku hartzeen inguruko gomendio eta pautak jasotzen».
ANE PICO Oñatiko Txantxiku ikastolako irakaslea

Irakasleek Kiva txalekoak jantziak dituzte jolas orduan, ikasleek «presente» izan dezaten «egoera desegokien aurrean» haiengana jo dezaketela. Era berean, tutore, ikasle edo gurasoren batek jazarpena izan daitekeen egoeraren bat jakinarazten duenean, Kiva programak daukan lantaldea tutorearekin eta irakasle trebatuekin elkarlanean hasten da. «Jazarpen egoera bat dela baloratzen bada, Kiva taldea zuzenean sartzen da esku hartzera. Horretarako, programa honek protokolo zehatz bat dauka, eta eman beharreko pauso guztiak zehaztuak ditu. Aldi berean, eta paraleloki, Eusko Jaurlaritzaren jazarpen protokoloa martxan jartzen da», esan du Ane Picok. Bizikasi programa da Eusko Jaurlaritzak gisa honetarako kasuetarako prestatuta daukan programa, eta ikastetxe guztietan aplikatzen dute.

«Jazarle diren ikasleekin Kiva taldeko kideak elkartzen dira, eta gertakizunaren gaineko gogoeta eginarazten diete».
ANE PICO Oñatiko Txantxiku Ikastolako irakaslea

Jaurlaritzaren ikerketak dakarrenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gertatzen dira jazarpen gertaera gehien; zehazki, 12 eta 16 urte bitartean. Hain zuzen, kasuen %61 gertatzen da adin tarte horretan. Bereziki, DBH1 eta DBH2 mailetan izaten dira bullying kasu gehien —kasu guztien %47—. Bestalde, azterlanaren bidez jakin da jazarpen kasu guztien %27 sare sozialen, Interneten edo bitarteko zibernetikoen bidez egin direla, eta, horrenbestez, ziberjazarpentzat hartzen direla.

Txantxiku ikastolan hamabost egunean behin biltzen dituzte LH 1., 3. eta 5. mailako ikasleak eta DBH 1., 2. eta 3. mailako ikasleak, eta ordubeteko saioa izaten dute Kivako unitateak lantzeko, Picok azaldu duenez: «Irakasle bakoitzak gida bat dauka, eta bertan zehazten da saio bakoitzean zer eta nola landu».  

Oñatiko Txantxiku ikastolako ikasleak Kiva programaren logoa irudikatzen, jolas tokian. TXANTXIKU IKASTOLA

Eraso motei dagokienez, hitzezko erasoak dira gehienak —kasuen %85,7an ageri dira halako erasoak—. Kasuen %53,6tan, bazterkeria pairatu dute biktimek, %34,8k eraso fisiko zuzenak jasan dituzte, %33,9k zeharkako eraso fisikoak, eta kasuen %33tan antzeman dute larderia, xantaia edo mehatxuak erabili izana.

Protokoloa, pausoz pauso

Jazarpen kasu posibleren bat jakinarazten denean jartzen dute Txantxiku ikastolan martxan Kivaren protokoloa. «Zehatz-mehatz betetzen dugu», dio Picok. Lehenik eta behin, Kiva taldeko kide bat jazarria den ikaslearekin elkartzen da, eta gertakizunen gaineko informazioa jasotzen du: zer, noiz, nola gertatu den, edo nortzuk diren ikasle inplikatuak.

Erasoa egin dutenekin ere egiten dute lanketa, Picok jakinarazi duenez: «Jazarle diren ikasleekin Kiva taldeko kideak elkartzen dira, eta gertakizunaren gaineko gogoeta eginarazten diete. Horrez gain, konpromiso jakin batzuk har ditzatela eskatzen diete. Inplikatuta dauden ikasle horien gurasoei ere egoeraren berri ematen zaie, eta haien laguntza eta inplikazioa ere eskatzen dute». Horrez gain, Kiva protokoloa aktibatzearekin batera, Eusko Jaurlaritzako jazarpenen aurkako programak markatutako txostenak eta eranskinak osatzen dituzte, eta Ikuskaritza eta Berritzegunera bideratzen dira, kasu bakoitzaren jarraipena egin dezaten.