Adimen Artifizialaren bidez sortutako ilustrazioak dituen argitalpen batek ezustea, harridura, haserrea, protesta eta polemika piztu ditu. AAk giza sortzaileen lana aitorpenik eta ordainketarik gabe baliatu du, oinarri gisa, berari enkargatu diotena gauzatzeko, eta horrek giza sortzaile batek egin zezakeen sormen lanaren ordaina aurreztea ahalbidetu dio argitalpenaren ekoizleari.
Irudiaren arduradun baten lana ordaindu behar izan du argitalpenaren ekoizleak, AAk egindakoa bideratu eta kontrolatzeko, baina lan horren ordaina oso txikia da ilustratzaile bati legokiokeenaren aldean. Beraz, ekoizleak giza sortzaile bati ordaindu beharko zionaren zati handi bat aurreztu du, giza sortzaileen lana aitorpenik eta ordainik gabe erabili duen makina sortzaile bat erabiliz horretarako.
Oraingoz behintzat, legezkoa da ekoizleak egin duena, eta legezkoa den bitartean gero eta jokabide zabalduagoa izango da. Hori, jakina, kezkagarria da giza sortzaileentzat. Kasu honetan, irudigileentzat; baina argi dago AAren garapenak beste arlo askotako sortzaileen zereginean ere izango duela eragina. Eta, areago joanda, ez bakarrik giza sortzaileen zereginean; jarduera askotako giza langileen zereginei eragingo die, ez beti haien mesederako.
Kezkagarria da kontua, eta konponbide zailekoa. Nork eta non jar diezaioke legezko muga, edo are muga etikoa ere, AAren erabilerari, hura gure eguneroko edozein zereginetan gero eta gehiago erabiltzen dugun garai honetan? AAk giza sormenaren emaitzak darabiltza bere lana gauzatzeko, baina zuzenean eta modu nabarmenean kopiatu ezean, hori ere legezkoa da, ez da plagioa. Giza sortzaileek ere ez dute ezerezetik sortzen, aurretik beste batzuek egindako lanetan oinarritzen dira. Nola zigortu AAren ikasketa eta entrenamendua, edo haren sorkariek beste sortzaile batzuen eragina izatea?
Nork eta non jar diezaioke legezko muga, edo are muga etikoa ere, AAren erabilerari, hura gure eguneroko edozein zereginetan gero eta gehiago erabiltzen dugun garai honetan?
Neure kabuz atzeman ezinik, konponbide bila Adimen Artifizialera («Artifizialarenagana» idaztekotan egon naiz) jo dut. Zehazki, haren ordezkari bati, eskura eta debalde aurkitu dudan lehenengoari, ChatGPT3ri, galdetu diot AAk sortutako arazoez, hots, Aarazoez.
Kontziente dela adierazi dit lehenik: «Garrantzitsua da erregulazioak eta politika egokiak ezartzea, artista eta idazleen eskubideak babesteko eta haien lanaren balioa aitortzeko. AAk aukera berriak ekar ditzake, baina bere erabilera etikoa eta bidezkoa bermatu behar da».
Erregulazio eta politika egoki horien norabideaz galdetuta, ordea, erantzun orokorregiak eman dizkit, zehaztasun gutxikoak: egile eskubideak eguneratu behar direla, AAk artistaren edo idazlearen lana erabiltzen duenean baimena eskatu eta ordainketa egin beharko lukeela, AAk erabiltzen dituen datuak nondik datozen jakinarazi behar dela, artista baten lana baliatzen badu artistak konpentsazioa jaso behar duela… Ados, baina… nork eta nola kontrolatuko du zer baliatzen duen AAk bere ikasketarako, entrenamendurako eta lanerako? Nork eta nola zer den plagioa eta zer zilegizko eragina? Eta abar.
Nolanahi ere, ez da ahaztu behar eskura eta debalde aurkitu dudan lehen AAri egin diodala galdera, eta izango da garatuagorik, eta gero eta garatuagoak gainera etorkizunean. Izango al da AA berak sortzen dituen AArazoentzat konponbide zehatz eta bideragarriak taxutu eta proposatzeko gauza? Ala geuri egokituko zaigu horiekin bizitzen ohitu beharra?