«Berezia da Kamineros, aldatuz doan gune bat delako»

«Berezia da Kamineros, aldatuz doan gune bat delako»

«Denetarik eta ezer egiten ez duten horietakoa» dela dio bere buruaz Ainhoa Caporossik (Zumaia, 1993), baina haren ibilbideak ez dio halakorik. Mendizale petoa izaki, bere lehen Zegama-Aizkorri maratoia egin eta biharamunean eman du elkarrizketa hau. Mendi korrikalari moduan ez ezik, eskalatzaile eta eskiatzaile gisa ere badu eskarmentua. Delineatzailea eta ilustratzailea da lanbidez, eta eskaladako bideen krokis ilustratuekin buru-belarri dabil azkenaldian. Alain Andresek eta Garo Azkuek Alpeetan irekitako Sorterriko Koblak bidearen krokisa egin du, besteak beste. Eta orain gutxi, Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Mendi Federazioak ematen duten Joxe Takolo beka jaso du Kamineros boulder izeneko proiektua gauzatzeko. Eskalada eremu horretako bideen krokisak marraztu, eta liburu batean jasoko ditu.

Nolatan erabaki zenuen Joxe Takolo bekara aurkeztea?

Aspalditik nuen bekaren berri, mendizalea izateaz gain mendia kontsumitzen duten horietakoa bainaiz. Iaz pentsatu nuen aurkeztea, dagoeneko Kamineros proiektuari bueltak ematen hasia nintzelako, baina azkenean atzera egin nuen, ez bainekien nire proiektuak nahikoa indar ote zuen. Aurrez Alainekin-eta [Andres] eskaladara bideratutako pare bat krokis egin ondoren, eta harrera ona izan dutela ikusita, aurten, behingoz, pausoa ematea eta Joxe Takolo bekara aurkeztea erabaki nuen, eta, dirudienez, gustatu zaie nire proposamena.

Joseba Iztuetak, Ibon Mendiak eta Unai Cobosek Pakistango Nameless Tower mendira egingo duten espedizioari eta zure lanari eman diete saria. Nola jaso zenuen berria?

Sekulako poza sentitu nuen beka emango zidatela esan zidatenean, ederra baita norberaren lanari balioa ematen diotela ikustea. Berehala galdetu nuen saritutako beste proiektuaz ere. Niretzat ohore bat da beka horrelako proiektu batekin konpartitzea.

Zergatik erabaki duzu krokis liburu bat egitea?

Eskalatzaileoi —batez ere, hasiberriak garenean—, gustatzen zaigu eskalatzera joaten garen tokietako krokis liburuak eskura izatea, eta asko daude. Eskaladako gune ezagun guztiek dute berea, normalean, eta mardulak izaten dira. Gehienak, edo denak, argazkien gainean egindako krokis liburuak dira. Neure buruari erronka txikiak jartzea gustatzen zait, eta pentsatu nuen egin nezakeela horrelako zerbait Kamineroseko blokeekin, baina krokisak marraztuz. Eli Azurmendik, Rafa Elorzak eta Juancar Sanzek El arte en el croquis de escalada atera zuten iaz, eta horrek areagotu egin zidan antzeko zerbait egiteko nuen gogoa. Izugarri polita da liburua, etxeko egongelan jarrita daukat, eta buruan nerabilen horri forma ematen lagundu dit.

«Sekulako poza sentitu nuen beka emango zidatela esan zidatenean, ederra baita norberaren lanari balioa ematen diotela ikustea»

Zergatik Kamineros? Zein dira gunearen berezitasunak?

Hasteko, Zumaia eta Getaria artean daukagulako, bertan. Gainera, toki oso berezia da, bi zatitan banatuta dagoena: errepidetik behera, itsasaldeko paretak daude, eta errepidearen gainaldean, Kaminero etxetik gora dagoen basoan, beste bloke batzuk. Beheko partea da bereziena, mareen mende dagoelako eta itsasoaren mugimenduen eraginez aldatuz doalako. Duela 30 urte han eskalatzen hasi zirenek diote garai hartan zeuden bloke batzuk dagoeneko ez daudela. Horregatik da berezia, aldatuz doan gune bat delako.

Hasita al zaude lanean?

Ekain erdialdean hasiko naiz, eta hortik aurrera, lanak uzten didanean, oporretan… pixkanaka eta ahal dudan guztietan joango naiz krokisak egiten. Lehendabiziko lana izango da ondo dokumentatzea, zenbat bloke dauden zenbatzea eta zer estiloko eskalada eskatzen duten aztertzea.

Zenbat bloke jasoko dituzu liburuan?

Esan didatenaren arabera, 100-150 bloke egon daitezke Kaminerosen. Kopuru horrek eskatzen du hainbat faktore aintzat hartuko dituen azterketa bat egitea. Bide esanguratsuenei, mitikoak diren horiei, tarte handiagoa eta ilustrazio landuagoak eskaini nahi dizkiet; eta seguruenez, hain esanguratsuak ez direnetako batzuk kanpoan geldituko dira.

Lana egiteko, Kaminerosen aitzindariak izan ziren hainbat eskalatzailerekin aritu nahi duzu elkarlanean, eta proiektuaren ateak zabalik utzi dituzu parte hartu nahi duen ororentzat.

Hala da, eta, hain zuzen ere, komunikabideetan albistea ikusi zuten batzuk jarri dira harremanetan nirekin. Beraiek ere bloke batzuk ireki zituztela esan didate, eta lanean hasten garenean abisatzeko eskatu. Jendea laguntzeko prest dagoela dirudi.

Kaminerosko blokeak dokumentatzea eta eskalatzaileei informazio praktikoa eskaintzea da liburuaren helburua. Zenbat ale ateratzea aurreikusten duzu?

Oraindik ez dakit; baditut zalantzak kontu horren gainean. Oraingoz, ezin dut irudikatu liburua. Marrazkiak egin ahala eta maketazioarekin hasten naizenean ikusiko dut zer neurri hartuko duen liburuak; ale batzuk argitaratzea eta ondoren PDF formatuan edozeinek deskargatzeko moduan jartzea litzateke idealena. Nire asmoa ez da, inondik ere, proiektu honekin dirua egitea. Eskaladak eman didana itzultzeko modu bat da hau, eta irabaziak izanez gero, eskaladarekin lotutako proiekturen batera bideratzeko aukera ere hor dago. Kontu horiek ere proiektuan parte hartuko duten eskalatzaileekin hitz egin eta adostu nahiko nituzke. Liburua 2025eko udaberrirako argitaratzea da nire asmoa.