Kontrasteak ezaugarritzen du Erromintxelak Arrasateko musika taldea. Duela ehun urteko musika egiten dute, baina gaurkotuta. Ijitoen komunitateetan sortutako gipsy jazz estiloak zipriztintzen du haien swing musika, baina euskarara ekarri nahi izan dute. Izena ere bide beretik doa: erromania eta euskara nahasten zituen erromintxela hizkuntzari egiten dio erreferentzia. Hori guztia azaldu du Aitor Moreno taldeko kontrabaxu joleak (Arrasate, 1990).
Nortzuek osatzen duzue Erromintxelak taldea?
Jon Garcia da abeslaria eta gitarra jolea; Jokin Bitoriak washboard izeneko instrumentua eta bateria jotzen ditu, koruak egiteaz gain; Iñigo Zubizarretak, berriz, ijitoek erabiltzen zuten manouche erako gitarra jotzen du; Andoni Aizpuru saxofonista sopranoa da, eta nik kontrabaxua jotzen dut.
Nola sortu zen taldea?
Pandemia garaian izan zen. Goienagusi adinekoen elkartekoek deitu zioten Jon Garcia abeslariari, jazzaren historiari buruzko hitzaldi batzuk emateko. Hitzaldiak prestatu zituen, eta pentsatu zuen saioaren bukaeran hamar minutuko jazz kontzertu bat ematea. Hitzaldi horietan hasi ginen jotzen Iñigo eta ni, Jonekin batera; bi gitarra eta kontrabaxu bat. Klarinete batek ere laguntzen zigun. Saio horietarako hasi ginen lehenengo abestiak egiten. Formatua gustatu zitzaigun, eta jarraitzea erabaki genuen. Gero sartu ziren gainontzeko taldekideak.
Zeren bila ari zineten?
Musika ezberdina egin nahi genuen, eta euskaraz. Jazz estilo hori hartu genuenez, akustikoan, erabaki genuen hortik jarraitzea, musika zahar bat eraberritzea. Bide horretatik, swing eta gipsy jazz estiloari euskara sartu nahi izan diogu, eta zerbait ezberdina egin.
Nondik dator Erromintxelak izena?
Erromintxela erromaniaren eta euskararen arteko hizkuntza apurtu bat da. Ijitoek, Euskal Herrira etorri zirenean, hizkuntza horretan hitz egiten zuten. Gure taldean gipsy edo ijito estilo hori erabiltzen dugunez, eta euskaraz egiten dugunez, erabaki genuen Erromintxelak izena jartzea taldeari.
«1920-1940 inguruan jotzen zen musika egiten dugu. Duela ehun urteko musika egiten ari gara, baina eraberrituta»
Erromintxelaz kantatzen duzue?
Oraingoz, ez. Ibili gara erromintxelaren inguruan ikertzen, baina erromintxelaz hitz egiten duenik ez dago jada. Hitz solteak daude: ez dago esaldi edo morfosintaxirik. Hala ere, gustatuko litzaiguke erromintxelaz abestiren bat egitea. Erronka gisa daukagu, eta egunen batean egingo dugu, agian. Baina oso zaila da.
Zer musika estilorekin identifikatzen zarete gehien?
Swing estiloa jotzen dugu, baina beti daukagu gipsy jazz kutsu bat.
Nondik dator gipsy jazz estiloa?
Frantziatik eta Errumaniatik dator. Frantzian bizi zen Django Reindhart artista. Ijitoa zen, eta istripu batean hatz batzuk galdu zituen. Bi hatzekin jotzen zuen, baina inor baino azkarragoa zen, eta ijitoek asmatutako estilo bat zeukan oso berezia. Estilo horretatik dezente edan dugu. Iñigo Zubizarretak, adibidez, Djangok erabiltzen zuen gitarra mota bera erabiltzen du: manouche gitarra. Esan dezakegu 1920-1940 inguruan jotzen zen musika egiten dugula. Duela ehun urteko musika egiten ari gara, baina eraberrituta. Hori da gure helburua.
Taldekideok jazz munduan egin duzue ibilbidea?
Taldekide guztiak rock eta jazz mundutik gatoz. 15 eta 30 urte izan bitartean, guztiok ibili gara rock taldeetan, eta guztiok egin ditugu musika ikasketak. Ikasketen eta urteen poderioz, gure ezagutza zabaldu dugu, eta horrek aukera eman ditu rocketik jazzera igarotzeko.
«Swing eta gipsy jazz estiloari euskara sartu nahi izan diogu, eta, horrela, zerbait ezberdina egin»
Zer publiko daukazue jomugan?
Jazzean normalean bakarkako melodia inprobisatuak jotzen dira, publikoak artistari begiratzen dion bitartean, eta bukatzen duenean, txalo egiten diote. Baina guk beste gauza bat nahi dugu. Benetako kantuak egin nahi ditugu, eta, horregatik, jazz motako musika herriarentzako moldatu nahi dugu. Jazza ez da denontzako hain entzungarria, eta publiko guztiarengana iritsi nahi dugu guk. Ez diogu herriari gure mezua elite batetik zabaldu nahi; guztiontzat entzungarria izango den musika egin nahi dugu. Inprobisazioa ere badago, baina beti abesti baten barruan.
Nola egiten da inprobisazio hori abesti baten barruan?
Hasi ginenean, guztia zen inprobisazioa, ez zegoen ezer finkatuta. Hori hobetuz eta finduz joan gara. Guztiok gara musikariak eta gustatzen zaigu inprobisatzea, baina guztia inprobisazioa bada, jam session bihurtzen da azkenean, eta guk ez genuen hori nahi. Bakarkako melodia horiek sortu nahi ditugun abestien parte dira, baina ezin dira abesti osoa izan.
Zer mezu helarazi nahi duzue?
Eguneroko bizimoduari buruz hitz egiten dugu, baina, aldi berean, gai sakonagoak ere jorratzen ditugu, existentzialismora jotzen dugu. Kantuetarako poesia asko irakurtzen ari gara azken aldian. Duela gutxi atera dugun Esperoan kantuaren letrarako Martin Bidaurren poema bat hartu dugu, eta Nork erran ni kantua Jon Miranderen poesia bat da.
Lehengo diskoa ateratzeko asmoa daukazue. Zer aurrera dezakezue?
Iazko udan grabatu genituen bi single, Kaki Arkarazorekin, eta EP txiki bat atera genuen. Esperoan kantuaren bideoklipa atera genuen, eta udazkenean Nork erranen ni bigarren kantuarena aterako dugu. Horrez gain, sorpresak egongo dira. Eta, aldi berean, diskoa ateratzeko lanetan gabiltza. Datorren urte hasieran grabatzeko asmoa daukagu.