Geroz eta beteago daude gimnasioetako gelak, eta geroz eta gazteago hasten dira adingabekoak kirol instalazio horietara joaten. Nerabezaroan ohikoak diren taldeko kirolak dira nagusi oraindik, baina geroz eta leku gehiago hartzen ari dira fitness motako entrenamenduak. Mota horretako kirola behar bezalako prestakuntzarik gabe egiteak, ordea, kalteak ekar ditzake: bai lesio fisikoak, bai bestelako dinamika arriskutsuak ere. Esaterako, hala ohartarazi dute Bergaran.
[articles:2125751]
Hain zuzen, apirilaren amaieran, Bergarako Agorrosin udal kiroldegiko arduradunek ohar bat bidali zieten guraso diren erabiltzaileei. Izan ere, kiroldegiko fitness gelen erabiltzaileak nabarmen ugaritu dira azkenaldian. Bi fitness gela daude han, baina ia arratsaldero gainditzen dute edukiera, eta sarrera mugatu behar izaten dute. Arduradunek ohartarazi dutenez, nabarmena da gazte eta nerabe gehiago dabiltzala.
Bergarako Udaleko kirol zerbitzuak apirileko oharrean adierazi zuen «kezkatuta» dagoela 14 eta 17 urte arteko gazteek gimnasioan egiten dituzten ariketa eta dinamikez —udalak geroztik ez die Gipuzkoako Hitza-ren galderei erantzun —. Izan ere, kiroldegiko langileak ohartu dira nerabeek indar entrenamendu «gogorregiak» egiten dituztela, eta haietako batzuk «proteinak eta bestelako produktuak» hartzen hasi direla. Hala ere, Iñaki Ugarteburu udaleko Kirol Saileko arduradunak Goiena hedabideari esan dio ez dela hori Bergaran soilik gertatzen den gauza bat; azaldu du beste hainbat tokitan gertatzen ari dela, eta Bergarako Udala bertako kiroldegian gertatzen ari denaz soilik arduratu daitekeela. Gurasoei «biziki» gomendatu die adin horretako seme-alabak izanez gero haiekin hitz egiteko.
Gazte bat fitness makina batean kirola egiten, Urnietako kiroldegian, asteartean. JON URBE / FOKU
«Nerabezaroan gimnasiora joaten hasten direnen artean, ohikoena da gorputza eraldatzeko asmoa izatea», dio German Urteaga kirol psikologo eta entrenatzaile pertsonalak. Urteagak gimnasio batean lan egin zuen hilabete batzuetan, eta han ikusi zituen Bergarako kiroldegiak deskribatzen dituen zenbait jarrera nerabeen artean: «Gaztetxoak joaten dira, eta ez dakite makinak erabiltzen. Makinez gain, gainera, pisu libreko ariketak egiten hasten direnean, izugarrikeriak egiten dituzte. Teknika eta ariketak ondo egiten jakitea funtsezkoa da, baina askok ez dute menperatzen. Hori menderatuta has zaitezke pisu gehiago hartzen».
Emaitzak «azkar» lortzeko nahia da beste arazo bat, Urteagak adierazi duenez: «Kontua ez da pentsatzea gimnasiora joango zarela eta denbora gutxian abdominalak edukiko dituzula. Pentsaera horrekin joanez gero, ez duzu ondo bukatuko. Kasu honetan ere, azkar lortzen dena azkar joaten da. Pazientziarekin hartu behar da, eta teknika ondo ikasi».
Kiroldegira 16 urtetik beherako gazteen sarrera mugatzen duen afixa Urnietako kiroldegian, astearteko irudi batean. JON URBE / FOKU
Baina nondik dator gimnasiora gorputza eraldatzera joateko grina? Bergarako Kirol Saileko arduradunak Goiena-ri adierazi dio nerabeek «nonbaitetik» hartzen dituztela entrenamendurako programak, eta «arrisku bat» ikusten dutela programa horietan. Urteagak sare sozialetan ikusten du arrazoietako bat: «Sare sozialetan gorputz eredu jakin bat nagusitzen da orokorrean. Nerabeek ere hori ikusten dute, eta pena da gimnasiora joateko arrazoia gorputz hori lortzea izatea. Batez ere adin horretan, kontuz ibili behar da, oraindik ez baitaukate eduki hori filtratzeko ahalmenik».
Gazte bat hanketako giharrak lantzen, Urnietako kiroldegiko makina batean. JON URBE / FOKU
Geroz eta gehiago dira sare sozialetan gorputz eredu gihartsua lortzeko planak saltzen dituzten coach-ak. Amadeo Llados coach-a, esaterako, oso ezagun egin da azkenaldian sareetan. 1.400.000 jarraitzaile ditu Instagramen, eta, fitness programa zorrotzak aldarrikatzeaz gain, pobreen aurkako mezuak eta jarrera matxista eta homofoboak zabaltzen ditu. Oso gazteak dira haren jarraitzaileetako asko. «Gizenen kontra zuzenean botatzen ditu gorrotozko mezuak, jokabide matxistak ditu… Horrez gain, burua jaten die gazteei. Diru mordoa eskatzen die bere entrenamendu planen truke», esan du Urteagak.
Formakuntza bide
Kiroldegi batzuetan, 16 urtetik beherako gazteek debekatuta daukate sartzea. Bergarako kiroldegian oraingoz aurkitu duten konponbidea formakuntza izan da. Udaleko kirol zerbitzuak fitness gelan egoteko begirale bat zeukan kontratatuta orain arte, erabiltzaileei aholkuak emateko, baina Ugartemendiak Goiena-ri jakinarazi dio nerabeek «oso gutxi» galdetzen diotela begiraleari, edo «apenas» egiten diotela jaramonik. Urteaga bat dator: «Laguntza eskatzeko beldurra izaten dutela ematen du. Baina horretarako daude monitoreak eta entrenatzaileak, eta funtsezkoak dira».
Hori dela eta, Bergaran, ohiko begiralea izateaz gain, ekainetik aurrera express izeneko saioak egingo dituzte, gimnasioaren erabilerari lotutakoak. Ordu erdiko saio motzak izango dira, eta helburua izango da gimnasioan egiten diren indar ariketek lesiorik ez sortzea. Monitoreei laguntza eskatzeaz aparte, kontuan izan beharreko bi gomendio eman ditu Urteagak: batetik, emaitzekin «ez itsutzea», eta bideaz gozatzea; bestetik, entrenamenduetarako «plangintza bat» izatea, altxatzen den pisua progresiboki igota.