Zazpi euskal eskultoreren lanak daude ikusgai Alkizako Ur Mara museoan dagoen 7 euskal eskultore erakusketan. Amaia Imaz, Luisa Aldaburu, Angel Navas, Uxue Lasa, Virginia Bosch, Pablo Zuriarrain eta Eider Baile artisten lanak jaso dituzte. GrapHik egitasmoaren barruan antolatu dute erakusketa. «Arte grafikoen inguruko ekitaldiak antolatzen ditugu, baina bestelakoak ere izaten dira, eta, eskulturen museo bat izanda, pentsatu genuen eskulturak presente egon behar zuela», esan du Koldobika Jauregik, museoaren arduradunetako batek.
«Eskultore berri eta ezezagunei» lekua eman nahi zieten, eta horretarako baliatu zuten aukera. «Eskultore berriak dira erakusketakoak, lan berriak, eta ikusten da beste interes batzuk ere badaudela tartean», azaldu du Jauregik. Gaineratu du gaur egun emakume eskultore gehiago daudela, eta, material aldetik, asko dibertsifikatu dela eskulturagintza. «Hizkuntza ere asko aldatu da», esan du. «Orain intimitatearekin eta harremanekin lotutako gai gehiago daude: feminismoa, klima aldaketa…».
«Eskultore berriak dira Ur Mara erakusketakoak, lan berriak, eta ikusten da beste interes batzuk ere badaudela tartean».
KOLDOBIKA JAUREGI Alkizako Ur Mara museoko arduraduna
Amaia Imazi «izugarria» iruditzen zaio Ur Mara proiektua. «Izugarria da nola duten antolatuta, beren lan egiteko modua, eta baita nola tratatzen gaituzten ere». Orain hiru urte hasi zen eskulturak egiten, eta, Imazek dioenez, bere burua izendatzeko gehiegi iruditzen zaio artista hitza. «Jende asko dago halako gauzak egiten dituena, eta niri artista deitzea sekulako ohorea eta aukera da niretzat». Anoetarra da izatez, baina Tolosan bizi da. Arkupe denda du Tolosan, eta haren obra batzuk daude han ikusgai.
Hainbat bisitari, Ur Marako 7 euskal eskultore erakusketako lanei begira, lehengo astean, Alkizan. UR MARA
Imazek lau pieza ditu Ur Maran: Muxuak, Loturak, Hator hator mutil etxera eta Bakarrizketa. «Nire asmoa izan da zerbait sinplea egitea, xumea, kolore gutxirekin». Esan du pertsonen artean sortzen diren «harremanak eta loturak» direla haren lanen gai nagusia. «Sentimenduekin eta ukimenarekin lotura duten gauzak egiten ditut, barnera begiratu eta zer mugitzen den islatzeko. Norbait hunkitzen bada egiten dudanarekin, oso berezia da niretzat».
«Barruko edertasunaren bila»
Pablo Zuriarrain oiartzuarra lehenengo aldiz ari da bere lanak erakusten Ur Maran, eta «ikusgarria» dela iruditzen zaio museoan egiten duten lana. «Kontzertuak, pintura, eskolak, ikastaroak, sorkuntza… Iruditzen zait filantropo batzuk direla museo honetako arduradunak, artearen alde dena ematen duten horietakoak». Zuriarrainek bizitza osoa darama artearen inguruan; izan ere, 12 urterekin hasi zen horretan lanean, egurra lantzen. Hortaz, erakusketaren parte izatea «luxua» dela dio.
«Filantropo batzuk dira Ur Marako arduradunak, artearen alde dena ematen duten horietakoak».
PABLO ZURIARRAIN Artista
Zuriarrainen bost artelan daude museoan, eta, hain zuzen ere, hark normalki lantzen duenaren erakusle dira, beira, brontzea eta egurra erabili baititu. «Nik betidanik landu dut egurra. Niretzat sobran duena kentzen diot. Bizi gehien duen materiala dela iruditzen zait, eta haren barruko edertasunaren bila joaten naiz». Lanetako batek Hondalea izena du, eta itsasoaren hondoa irudikatzen du. Beste batek Leihatila du izena, eta baserrietako ate bikoitza islatzen du.
Ekainaren 28ra bitarte dago ikusgai Alkizako erakusketa. Museora joateko, aurretik ordua hartu beharra dago. Museoaren filosofia «kulturaren transmisioa» dela dio Jauregik, eta, horregatik, bisita gidatuez gozatzeko aukera gomendatu du: «Etorri eta norberak bere kasa ikus dezake erakusketa, baina hobeto ulertuko du ikusten duenaren esanahia kontatzen zaionean». %10 baino baxuagoa da jasotzen duten laguntza publikoa, Jauregik jakinarazi duenez. «Hasieran denek esaten zuten eromen bat zela museo bat sortzea, ez zela posible, eta, hamalau urteren ondoren, oso sendo dago».