Sociedad de Silva Hermanos y Frois elkarteak burdinola bat zegoen tokian abiatu zuen bere industria jarduera, 1860an. Irundegi gisa abiatu zuen ibilbidea, eta indar handia hartu zuen sortu eta kasik hogei urtera, Subijana, Atorrasagasti y Cia elkartea sortu zenean. Telesforo Subijana Cocha Villabona-Amasako enpresa gizonak hartu zuen lantegiaren gidaritza, eta, hala, ehungintzan erreferente izatera iritsi zen enpresa. Subijana lantegia: hala izendatu zuten, eta ibilbide luzea egin zuen izen horren pean. Estanpazioan aurrerapen handiak egin zituen tailerrak, eta, 1894an, estanpazioa eskuz egiteko bi makina eta berrogei mahai eskuratu zituzten. XX. mendearen erdialdean, 1980ra arte egon zen. 110 langile izatera iritsi ziren; gehienak, emakumeak. Hain zuzen ere, langile horiek omenduko dituzte gaur, Emakumeen haria egitasmoaren barruan, egun Bertsozale Elkartearena den Subijana etxean.
Oihal fabrikan lan egindakoak dira Maria Angeles Quintana eta Maria Jesus Martinez Subijana, eta gogoan dituzte bertan egindako garaiak. «Laborategian egin nuen lan, sukaldea deitzen zioten horretan», esan du Martinezek. «Estanpazioetarako koloreak nahasten genituen han, eta erakusgaiak prestatu». Louis Vuittonen eta Cristobal Balentziagaren moduko diseinatzaileentzat egin zuten lan Subijanako langileek. Quintanak azaldu du eskuz egiten zituztela estanpazioen zuzenketak, pintzel txikiekin. «Neska gazteak nahi izaten zituzten lanerako, esku finak zituztelako eta korapilo oso txikiak egin behar izaten zirelako».
Villabona-Amasako Udalak omenaldia egin nahi die orain lantoki hartan aritu ziren emakumeei. Arantxa Lopez zinegotziak esan du «memoriaren transmisioan dagoen hutsunea betetzera» datorrela gaurko antolatu duten Emakumeen haria egitasmoa: «Subijana eraikinean emakumeen bi historia oso indartsu batzen dira egitasmoan. Fabrikan aritu ziren emakume haiek lan mundura salto egiteko erakutsi zuten ausardia hori bera erakutsi dute azkeneko hamarkadetan emakume bertsolariek oholtzara igotzeko». Horregatik, hain zuzen ere, bertso saio bat antolatu dute iluntzerako. Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin arituko dira kantuan, eta Amaia Agirrek egingo ditu gai emaile lanak.
Villabona-Amasako Subijana ehungintza tailerreko hainbat langile, Subijana etxearen atarian, artxiboko irudi batean. HITZA
«Saio tematikoa» izango dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta garai batean Subijanan lanean aritu ziren emakumeak oroituko dituzte. Saioaren aurretik, bisita gidatua izango da Subijana etxean, eta Kotoiaren Emakumeak elkarteko buru Fanny Alonsok arituko da gidari. Izan ere, Villabona-Amasako, Andoaingo eta Bergarako oihal fabriketan lanean aritutako emakumeen historia aztertu du azken urteetan Alonsok. Ikerketan bildutako informazioarekin erakusketa bat ondu du, eta herriz herri ari da aurkezten.
Lopezek esan du erakusketaren harira erabaki zuela udal gobernuak Subijana etxearen inguruko ekitaldia antolatzea, proiektua borobiltzeko asmoz. «Iazko martxoaren 8an omenaldia egin genien herriko La Salvadora paper fabrikako emakume langileei, eta argazki mural bat jarri genuen jubilatuen etxearen atarian. Orduan bururatu zitzaigun antzeko zerbait egitea oihal fabrikarekin». Bertsozale Elkartera jo zuten ideia horrekin, eta, jubilatuen etxean egin moduan, Subijana eraikinaren saihets batean horma irudi bat egitea proposatu zieten.
Elkarteak ontzat jo zuen proposamena, Oier Iurramendi elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez. Bertsolaritzaren historian arakatu, eta itzalean geratu izan diren emakume bertsolariak argitara ekartzeko lanketa egiten ari dira elkartean azken urteetan. «Gure zehar lerro nagusietakoa da feminismoa, eta gure lanketarekin uztargarria da, bete-betean, Subijana etxearen inguruan egiten ari den memoria ariketa», esan du Iurramendik.
Emakume oihalgileak ardatz
Gaurko egitasmoaren helburua da eraikinaren iragana eta oraina lotzea, eta lotura horrek irautea, horma irudi batean erretratatuta. Bisita gidatuaren ondotik inauguratuko dute Arantxa Orbegozok eta Izaro Lizarragak eraikinaren albo batean egin duten horma irudia, eta sortze prozesuaren inguruko argibideak emango dituzte bertan. Hariak eta oihalak dira protagonista horma irudian, eta oihal horietako batean Maialen Lujanbiok sortutako bertso bat ageri da idatzita. Emakumeen istorioak lehen planora ekartzeko beharra azpimarratu du Lizarragak: «Politikoki eta sozialki herri honetako istorio asko kontatu gabe geratu dira, eta are gehiago emakumeenak. Niri, sortzaile gisa, mugiarazten nau istorio horietan arakatzeak, eta lan honek horretarako bidea eman dit».
«Politikoki eta sozialki, herri honetako istorio asko kontatu gabe geratu dira, eta are gehiago emakumeenak».
IZARO LIZARRAGA Ilustratzailea
Horma irudia historiaren transmisiorako elementu bat izatea nahi dute bi artistek. «Marrazkian agertzen den elementuren bati begiratzean, eraikin horretan gertatu zenaren berri eman nahi diegu belaunaldi berriei», adierazi du Orbegozok. «Dagoeneko pasatu dira hemendik Subijanan lan egindako emakume batzuk, eta garai hartako kontuak kontatzen hasi ahala hasi zaie memoriaren mataza askatzen».
Subijana etxeak izan dituen askotariko erabilerak ilustratuta geratuko dira betiko eraikinaren saihets batean, eta memoria josteko ariketa egingo dute gaur, Villabona-Amasan, Emakumeen haria ekitaldiarekin.