Dendaririk gabeko denda du Itsasok

Dendaririk gabeko denda du Itsasok

Itsasoko Alegia auzoan dagoen Sindikatoa dendak berriz irekiko ditu ateak. Gaur izango da inaugurazio ekitaldia, 12:00etan. Ez da ohiko denda bat izango, ordea, «autonomoa» izango baita. Ez da saltzailerik egongo, eta bezeroa edozein ordutan joan ahalko da erosketak egitera. «Ekoizleen eta bezeroen arteko elkargune bat» izango dela esan du Gorka Sasieta arduradunak. «Ekoizleek zuzenean hornituko dute Sindikatoa, eta bezeroak nahi duten momentuan etorri ahal izango dira»

«Bi aldeak irabazten aterako diren jokaldia» egitea izango da dendaren helburua: itsasoarrei ohiko erosketak egiteko aukera eskaini nahi diete, eta ekoizleei, euren produktuak saltzeko toki fisiko bat. Sasietaren hitzetan, baina, asmoari denboran eustea ez da horren erraza, are gutxiago herri txikietan. «Gaur egungo gizartearen kontsumo ohiturak direla eta, ez da erraza denda txikiak bideragarriak izatea. Errentagarritasuna bermatu nahi dugu». Horregatik, dendaririk gabeko formula «berritzaile» horrekin egin nahi dute aproba, funtzionatzen ote duen ikusteko.

«Gaur egungo gizartearen kontsumo ohiturak direla eta, ez da erraza denda txikiak bideragarriak izatea. Errentagarritasuna bermatu nahi dugu».
GORKA SASIETA Itsasoko Sindikatoa dendako arduraduna

Baina dendaririk gabe nola funtzionatuko du dendak? Arduradunak azaldu du bazkideentzako pasea sortu dutela horretarako, eta bazkideak, beren burua behar bezala identifikatuta, edozein unetan sartu ahalko dira establezimendura. Behar dutena hartuko dute dendatik, eta dagokiena ordaindu. Aldiz, dendaria lanean ari den uneetan, edonor joan ahalko da erosketak egitera, baita bazkide ez direnak ere.

Gipuzkoan badira bazkideen formularekin funtzionatzen duten dendak, baina Itsasoko Sindikatoa da, oraingoz, autonomoa den bakarra. Sasietak kontatu du hainbat herri jarri direla haiekin harremanetan horregatik. «Herri txikietan piztu du interesa, batik bat». Izan ere, arduradunaren ustetan, herri txikietan dago halako zerbitzuei eusteko beharrik handiena, eta saltzeko ohiko formulek ez diete balio. Itsasok seiehun biztanle ditu.

Itsasoko Alegia auzoko Sindikatoa dendako bazkideak bilduta, neguan. HITZA

Sindikatoak 50 bazkiderekin hasiko du bidea. «Itsaso herri txikia izan arren, kopuru polita da», esan du arduradunak. Bazkide gehienak Itsasokoak dira, baina inguruko herrietan erroldatuta daudenei edo bertan lan egiten dutenei ere eman diete bazkide egiteko aukera; zehazki, ezkiotarrei, gabiriarrei eta ormaiztegiarrei. Nolanahi ere, oraindik bazkide egin ez direnek zabalik dute horretarako aukera. Dendan bertan egin daiteke bazkide, edota Alegikosindikatoa.eus webgunean.

Tokiko eskaintza

Oinarrizko produktuak salduko ditu Sindikatoak: jakiak, arropa, drogeriako produktuak… Sasieta arduradunak esan du ez direla marka multinazionalak izango, «etxekoak» baizik. Itsasoko eta inguruko ekoizleen produktuekin beteko dituzte apalak: Mandubi Zahar eta Albitsu baserriek, esaterako, txekor haragia eramango dute, eta Albitsu baserrikoek eztia ere egingo dute dendan saltzeko. Goiti baserrikoek ogia egingo dute, Haristizabalekoek bezala. Haristizabalekoek, gainera, fruituak eta zukuak ere jarriko dituzte salgai. Itsaso-errota baserrikoek, berriz, esnea eta gazta, eta Urteaga-Urkulegikoek, elikagai ekologikoak. IMZ diseinatzaileak berak egindako arropak eskainiko ditu dendan, eta Isla Pitxiakek, portzelanazko bitxiak. Sindikatoan izango dira Pott Keramikakoek egindako lanak ere, eta eskaintza osatzeko, Biziola kooperatibak bere sarearen parte diren ekoizleen produktuak eskainiko ditu; hala nola arroza, olioa eta kontserbak.

«Ekoizleentzat saltzeko beste aukera bat da, eta Itsasoko herritarrentzat, zerbitzu bat».
IRENE MUJIKA IMZ Diseinuak-eko sortzailea

Haristizabal baserriko Itsaso eta Eneko Solanak kontatu dute «aukera ona» dela Sindikatoa dendarena. «Ondo iruditzen zait herriko ekoizleek herrian bertan gure produktuak saltzeko toki iraunkor bat edukitzea», esan du Itsaso Solanak. Baikor mintzatu da, eta uste du negozioak luze iraungo duela. «Inguruko herrietan saltzen dugu lehendik ere: Lazkaon, Legazpin, Zumarragan… Itsason denda bat ireki behar zutela esan ziguten behin, eta bertan saltzea proposatu ziguten». Aho batez onartu zuten proposamena, aldarrikatzen baitute herri txikietako herritarrei erosketak herrian egiteko aukera eman behar zaiela.

IMZko Irene Mujika Zapirain asteartean izan zen dendan, bere diseinuak eskegitzen. «Oso ideia ona iruditzen zait, beharrezkoa», esan du. «Ekoizleentzat saltzeko beste aukera bat da, eta Itsasoko herritarrentzat, zerbitzu bat. Seguru nago, saltzaile izateaz gain, erosle ere izango naizela». Esker onez mintzo da proiektua martxan jartzeko lanean aritu diren antolatzaileez. «Lan handia egin dute. Ni duela bi urte etorri nintzen Itsasora, baina ekoizleen zerrenda osatzerakoan nirekin ere gogoratu ziren. Oso herri bizia da».

Bigarren irekiera

Itsasoko Alegia auzoan lehenago izana da Sindikatoa izeneko denda bat. Elikagaiak eta beste saltzen zituzten han ere, baina, nagusiki, nekazarientzako pentsuak eta lastoa saltzen zituzten. 1930eko hamarkadan hasi zen negozio hura martxan, eta irekita egon zen ia XX. mende amaierara arte. Hain zuzen, hura zegoen toki berean jarri dute gaur irekiko duten denda.